
Eusko Jaurlaritza gardentasunaren arloko rankingetako lehen postuetan dago (Gobernu Bilera 2025-05-13)
- Eusko Jaurlaritzak gardentasun-tresnen ezarpen-maila handitzen jarraitzen du Euskadin, eta horrek lehenengo autonomia-erkidegoen artean kokatzen du DYNTRA, INTRAG edo nazioarteko gardentasunaren indizeetan
- Gardena gardentasun-atariak 42.000 bisita baino gehiago jaso zituen 2024an, 2023an baino % 34 gehiago, eta Open Data Euskadik 13.709 datu ireki eta berrerabilgarrien multzo ditu bere katalogoan
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Euskadiko Administrazio Orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpen-mailari buruzko 2024ko balantze-txostena aurkeztu du gaurko Gobernu Kontseiluan.
Dokumentuak nazioarteko estandarretan ezarritakoa betetzeari dagokionez egindako lana nabarmentzen du. Ildo horretan, azpimarratzen du Eusko Jaurlaritzak azken urteetan posizio nabarmenak izan dituela, beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta, nazioarteko gardentasunaren arloan aitortutako erakundeek egindako neurketetan, hala nola DYNTRA, INTRAG edo nazioarteko gardentasuna ranking-etan.
Herritarrek era guztietako informazio publikoa eskuratu edo eska dezakete Eusko Jaurlaritzak horretarako gaituta dituen atarien bidez: Gardena gardentasun-ataria, Legegunea webgunea, Irekia, Euskadi.eus, Open Data Euskadi (datu irekiak eta berrerabilgarriak eskaintzen dituena) edo kontratazio publikoko plataforma.
Gardena gardentasun-atariak 42.000 bisita baino gehiago jaso zituen 2024an. 2023 urtearekin alderatuta, bisita kopuru globala % 34 handitu zen.
Legeguneak, EAEko araudiaren atariak, 230 ebazpen argitaratu zituen 2024an. 2024an ere, Arabako Foru Aldundiaren datu multzoak gehitu ziren Open Data Euskadi atarian; hortaz, hiru foru-aldundien eta hiru hiriburuetako udalen datuak erakusten dira. Open Data Euskadik 13.709 datu-multzo ditu bere katalogoan.
Nabarmendu behar da 2024an Open Data Sarien deialdia egin zela. Sari hauek datu publikoen erabileran sormena eta berrikuntza sustatzera bideratuta daude, eta datu irekietan oinarritutako ideiak, soluzio teknologikoak, aplikazioak, ikerketak edo zerbitzuak saritzen dituzte. 70 proiektu baino gehiago aurkeztu dira, orain arte edizio parte-hartzaileena.
Informazio publikoa eskuratzeko eskaerei dagokienez, 289 eskaera egin dira 2024an. Ubarretxena sailburuak jakinarazi du jasotako eskaerei erantzuteko epea nabarmen murriztu dela: 2023an, 37,49 egun naturaleko batezbestekoa izatetik, 2024an 30,20 egunekoa izatera igaro da.
Sail guztiak inplikatu dira prozeduran, baina Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak (% 29,42), Osasun Sailak (% 24,57) eta Segurtasun Sailak ( % 13,15) jaso dituzte eskaera gehien.
Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea 2016an sortu zen, informazio publikoa eskuratzearen arloko erreklamazioei erantzuteko, eta 158 erreklamazio jaso zituen, guztiak ebatzita.
Gobernu-programa
XIII. legegintzaldiko Gobernu-programa Irekia webgunean argitaratuta dago, formatu osoan eta hizkera argi eta errazean, plan estrategikoekin, sailetako planekin eta legegintza-programarekin batera. (16 plan estrategiko eta sailetako 103 plan).
Era berean, Gobernu-programaren betearazpenaren laburpena kontsulta daiteke, eta programan jasotako jardueren jarraipena egin, Plan Estrategikoen atalean eta Euskadi.eus legegintza-programan.
Etorkizuneko helburuak gardentasunaren arloan
Azkenik, txostenak gardentasunaren arloko erronka edo helburu batzuk zerrendatzen ditu, eta horien artean nabarmentzen dira Gardentasunaren Lege Proiektua onartzea, nazioarteko gardentasun-indizeetan lidergoari eustea edo Gardena atarian bisitak handitzea.
Gardentasunaren Lege-proiektua dagoeneko bidali da Legebiltzarrera, izapidetu eta onar dadin.
-
2025-05-13
Comentario de X:
🔝 El Gobierno Vasco se sitúa en las primeras posiciones de rankings en materia de transparencia.#gobernukontseilua #consejodegobierno