Irekia: Euskadi Gardena, Gobernu Irekiko proiektu onenaren sariduna

2021-11-26
  • Eusko Jaurlaritzaren proiektuak beste sari bat jaso du gardentasunaren, lankidetzaren eta herritarren parte-hartzearen alde egindako lanagatik

  • CNISek gobernantza irekiko proiektuei edo estrategiei emandako urteroko sarien finalean Jaurlaritza Gaztela eta Leongo Juntari eta Bartzelonako Santa Coloma de Grameneteko Udalari gailendu zaie

Eusko Jaurlaritzak irabazi du Zerbitzu Publikoen Berrikuntzari buruzko Kongresu Nazional (CNIS) foroak gobernu irekiko proiektuei urtero ematen dien saria. Gaztela eta Leongo Junta eta Santa Coloma de Grameneteko Udala ere finalista izan dira, baina azkenean Jaurlaritzaren Irekia: Euskadi Gardena estrategiari eman diote proiektu onenaren saria. Eusko Jaurlaritzako Erakunde Harremanetarako sailburuorde Jone Berriozabalek jaso du saria, gaur Madrilen egindako sari banaketan.

Berriozabal pozik agertu da sariarekin, besteak beste Eusko Jaurlaritza gobernu irekiaren eta gardentasunaren esparruan egiten ari den lana errekonozitzen duelako. Ia hamabi urteko ibilbidean, Irekia eta Gardena gobernu irekiaren zutabe bihurtu dira, eta Eusko Jaurlaritza gardentasun zerrendetan gorengo postuetaraino eraman dute. "Gure proiektuarentzat sari garrantzitsua da hau, bultzada handia ematen digu eta ze bidetik jarraitu behar dugun erakusten digu. Gainera, gardentasunean, kontu-ematean eta herritarren parte-hartzean oinarritutako gobernantza estrategia garatzeko lanean jarraitzera animatzen gaitu", adierazi du Berriozabalek.

Eusko Jaurlaritzaren gobernu onaren proiektua Irekia, Gardena eta OpenData Euskadi ekimenetan oinarritzen da. Irekia (www.irekia.euskadi.eus) Eusko Jaurlaritzak bere jarduerari, erabakiei eta planei buruzko informazioa eta datuak denbora errealean herritarren zerbitzura jartzen dituen leihatila digitala da. Aldi berean, herritar horiei beren proposamen, ideia edo kontsultak planteatzeko aukera ematen die, kontuan hartzeko eta aztertzeko. Gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren mendeko kanal horren bidez, Jaurlaritzak herritarrekin, enpresekin eta gainerako euskal administrazioekin elkarlanean dihardu, tresna berritzaileak emanez.

Bestalde, Gardenak (Administrazioaren gardentasun ataria: www.gardena.euskadi.eus) gobernu ekintzari buruzko informazio guztia biltzen du. Gardentasuna OpenData Euskadi atariaren bidez ere gauzatzen da (www.opendata.euskadi.eus). Atari horretan, Eusko Jaurlaritzaren esku dauden datu publikoak herritarren eskura jartzen dira, modu berrerabilgarrian, nahi duenak horietatik eratorritako zerbitzuak sor ditzan.

CNISen sari banaketan beste hamabi sari banatu dira beste hainbeste kategoriatarako, besteak beste, administrazio elektronikoko, herritarrei arreta emateko edo teknologia berriak sartzeko proiektuak saritzeko. Guztira, ehundik gora hautagai aurkeztu dira berrikuntza foro honek antolatutako sariaren modalitate desberdinetara.

2 iruzkin
  • @TransparenteGob
    2021-12-05

    Comentario de Twitter:
    🚀👇Irekia: Euskadi Gardena, premiado como mejor proyecto de Gobierno Abierto

    https://t.co/dK3gl68xxn

  • 2021-11-26

    Zorionak benetan!!!

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak