Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Euslan programa: euskaraz lan egitea helburu eskuragarria da

2015.eko urriak 22

Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, EUSLAN programa pilotua aurkeztu du gaur goizean Donostian. Aurkezpenean, programa pilotu honetan parte hartzen ari diren enpresetako ordezkariek ere parte hartu dute (horien artean ELAY eta EIKA enpresetako ordezkariak) eta euren esperientziak partekatu dituzte.

Programa pilotu honetan parte hartzen ari diren enpresak honakoak dira:

 

-       ALEJANDRO ALTUNA

-       BATZ

-       CIKAUTXO

-       COPRECI

-       DANOBAT

-       EIKA

-       ELAY

-       GOIZPER

-       MAIER

-       MATZ-ERREKA

-       ORKLI

-       ULMA CYE

Programaren xehetasunetan sartu aurretik, Patxi Baztarrikak honakoa adierazi du: “Hasieratik beretik mezu bat argiro adierazi nahi dut: gaur hemen aurkezten dugun ekimena, guztiz berritzailea da. Berritzailea da edukiari dagokionez, eta berritzailea da lan egiteko eta kolaboratzeko moduari dagokionez”.

Eta gehitu du: “Modu batera edo bestera, hitz batzuekin edo beste batzuekin, baina hainbatek esana da honako hau: alferrikakoa dela behin eta berriz gauza bera egin eta emaitza diferenteak espero izatea. Hobetu nahi badugu –eta badugu zer hobeturik euskararen erabilera lan munduan indartsuago izan dadin- ezinbesteko baldintza da egiten duguna eta gure lan egiteko moduak berritzea. Horretara dator bete-betean gaur hemen aurkezten dugun ekimena, EUSLAN deitu duguna”.

Programa pilotu honen helburua da, enpresa industrialetako lan-hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza paisaian. Jarraian, programaren zenbait xehetasun:

-              Esperientzia pilotua da.

-              2017an amaituko du bere ibilbidea (3 urteko luzapena izango du). Aldi horretarako, Eusko Jaurlaritzak 904.293 euroko esleipena egin diegu EUSLAN programako enpresei.

-              Dirulaguntza ez ezik, programaren dinamizazioa eta zuzendaritza emango diegu Jaurlaritzatik, ELAY enpresaren eskutik hain zuzen ere. Jaurlaritzaren interbentzioa, beraz, bikoitza da: dirulaguntza eta ezagutzaren ekarpena.

-              Industriaren sektoreko 12 enpresa dira parte hartzen dutenak: Alejandro Altuna, Batz, Cikautxo, Copreci, Danobat, Eika, Elay, Goizper, Maier, Matz-Erreka, Orkli eta Ulma CYE.

-              Enpresa horietatik, 8 kokatzen dira Gipuzkoan, eta 4 Bizkaian, eta guztien artean 5.000 langiletik gora biltzen dute.

-              Helburu eta konpromiso bat hartu dute programa pilotuan parte hartzen duten enpresek: enpresa barruko ahozko eta idatzizko lan harremanei eta hizkuntza paisaiari dagokien parametroetan euskararen erabilera % 90era iristea edo gutxienez % 20ko hobekuntza izatea 2017ko urtean. Une honetan erabilera-tasarik baxuena % 64koa da.

-              Konpromiso horren neurgarritasuna, Bikain ziurtagiriaren bidez bermatuko da: enpresa parte hartzaileek 2017an Bikain ziurtagiriari dagokion ebaluazioa izango dute.

EUSLANen parte hartzen duten 12 enpresak beren alorrean aitzindariak dira eta programan parte hartu ahal izateko baldintza zorrotzak bete behar izan dituzte. Baldintza esanguratsuenak honakoak dira:

-              Alde batetik, EUSLAN programa pilotuaren koordinazio eta dinamizazioan diharduen enpresa aitzindariak, ELAY-k hain zuzen ere,

  • hiru aldiz eskuratu du Goi-mailako BIKAIN ziurtagiria (urrezkoa),
  • langile elebidunen kopurua % 99koa  du,
  • eta % 90ean du euskara lan hizkuntza barne harremanetan.

-              Gainerako 11 enpresek, berriz, 

  • goi-mailako BIKAIN ziurtagiria (urrezkoa) dute,
  • EDO erdi-mailako BIKAIN ziurtagiria (zilarrezkoa) dute, baina, kasu honetan, beste baldintza hauek ere betetzen dituzte:
    • lan-hizkuntza gutxienez % 65ean euskara dute,
    • LanHitz deialdian onuraduna gutxienez 10 urtez izan dira,
    • eta langile elebidunen portzentajea gutxienez % 65ekoa dute (langile elebidunen portzentaje hau % 75era igotzen da, enpresak ez badauka goi- edo erdi-mailako BIKAIN ziurtagiria).

Patxi Baztarrikak honakoa adierazi du prentsaurrekoan: “Eusko Jaurlaritzaren ahaleginaren helburua, garbia da: enpresetan lana gero eta gehiago euskaraz egitea, barrura begira nahiz kanpora begira. Oro har, egindako ahaleginaren tamaina kontuan harturik, batez beste lortutakoarekin, ez gaude konforme. Ahalegin handia egin dugu denon artean, baina apalegiak dira batez besteko emaitzak, emaitzak oro har ez dira ahaleginaren pareko”

Eta gehitu du: “bi azpimarra egin nahi ditut: batetik, azpimarratu nahi dut, lan hizkuntzan ari garela jartzen fokua. Eta, bestetik, lan eta enpresaren munduan euskararen erabilera modu iraunkorrean areagotzeak zuzen-zuzenean erantzuten diola gaur euskarak aurrean duen erronka nagusiari: bizi-indarraren erronkari, hain zuzen ere. Lan eta enpresaren munduan ere arnasa behar du euskarak”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)