Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Patxi Baztarrika: “lan munduan euskararen erabileran aurrera egin nahi badugu, berrikuntzaren bidez emaitzak hobetzen jarraitu behar dugu”

2015.eko urriak 07

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Jaurlaritza lan munduan euskararen erabileran aurrera egiteko aurrera eramaten ari den hiru ekimen berri azaldu ditu gaur goizean Elgoibarren ospatu den 30+10 Mintegian

 Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak Elgoibarreko Makina Erremintaren Institutuak urtero antolatzen duen 30+10 Mintegian parte hartu du gaur goizean. Bere interbentzioan, Baztarrika Eusko Jaurlaritza aurrera eramaten ari den hiru ekimen berriren gainean aritu da: EUSLAN programa pilotuaren berri eman du, profesionalen elkargoetako kideek (epaitegietako abokatuek, adibidez) beren jarduera profesionalean euskara erabil dezaten prestakuntza bereziturako laguntzak aipatu ditu eta lanbide heziketan euskara indartzeko Jaurlaritza garatzen ari diren ekimenen gainean ere hitz egin du. 30+10 Mintegiak 10. edizioa ospatu du aurten.

Esan bezala, Elgoibarreko Makina Erremintaren Institutuak 10 urte daramatza mintegi hau antolatzen eta, mintegiak, “hizkuntza kudeaketa enpresan” du aztergai. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, lehenbizi, “zorionak eta eskerrak” eman nahi izan dizkie “antolatzaileei”.

Hiru ekimen konkretuak definitu aurretik, Baztarrikak balorazioa egin nahi izan du: “egindako ibilbidea ez da makala, baina batez beste lortutakoarekin ez gaude konforme. Ahalegin handia egin dugu denon artean, baina apalegiak dira batez besteko emaitzak, emaitzak oro har ez dira ahaleginaren pareko”, adierazi du.

Baztarrikak, lan munduan euskara sustatzeko Jaurlaritza aurrera eramaten ari den hiru ekimen berri azaldu ditu bere interbentzioan:

1) “Iaz hemen bertan, zuen aurrean, iragarri nuen, lehen aldiz, gaur egun EUSLAN izenez denok ezagutzen dugun proiektu pilotua. Iaz asmo zena, gaur egun abian den errealitate bihurtua. LanHitz programaren kume edo adar berria da EUSLAN. Lan hizkuntzan jarri dugu fokua, industria arloko enpresetako lan hizkuntzan. Programa honen helburua da, enpresa industrialetako lan-hizkuntza gisa euskara gero eta gehiago erabiltzeko prozedurak eta praktikak diseinatu eta gauzatzea, barrura eta kanpora begira, ahozkoan, idatzizkoan eta hizkuntza paisaian. Esperientzia pilotua da egiten ari garena eta 12 enpresa dira ekimen honetan parte hartzen ari direnak.

2) Esan bezala, lan hizkuntzan ari gara jartzen fokua. Eta horretan badu LanHitzek beste berrikuntza bat ere, bigarrena: profesionalen elkargoetako kideek (epaitegietako abokatuek, adibidez) beren jarduera profesionalean euskara erabil dezaten prestakuntza bereziturako laguntzak finkatu ditugu.

3) Eta lehentxeago aipatu dizuedan beste ekimena, hirugarrena, lanbide heziketari dagokio. Garbi daukaguna da hobetu behar dugula lanbide heziketako euskarazko irakaskuntza, lan munduan euskararen erabileran aurrera egin nahi badugu. Handia da, handiegia da, euskarazko irakaskuntzak derrigorrezko hezkuntzan daukan pisuaren eta lanbide heziketan daukanaren artean dagoen aldea. Alde handi hori modu nabarmenean murriztera zuzendu ditugu Agenda Estrategikoan jasotako hainbat ahalegin, eta horien artean, bi aipatuko ditut: lanbide heziketan espresuki euskarazko irakaskuntza sustatzea (eta horrek esan nahi du ez bakarrik D eredua indartzea baizik eta, baita ere, titulu guztiak euskaraz ere eskaintzera iristea: gaur egun espezialitateetako euskarazko eskaintza dagoeneko % 80,8koa da), eta B eredua sortzea. Legealdi honen barruan Euskadiko Lanbide Heziketako Legea aurkeztu du Jaurlaritzak, eta lege horretan, Legebiltzarrak onartzen badu, finkaturik geratuko da B ereduaren sorrera”, azaldu du Baztarrikak.

Azkenik, sailburuordeak, 65 enpresek BIKAIN ebaulazioa egitea eskatu dutela adierazi du, inoizko kopururik handiena.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)