Eu

Bingen Zupiria sailburuak euskara lan-munduan sustatzeak duen garrantzia nabarmendu du Durangon izandako jardunaldi batean eta horretara bideratutako Plan Estrategikoak izango duen eraginkortasuna azpimarratu du

2018.eko urriak 03
  • Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, arlo publikoa zein pribatua kontuan hartuta, hiritarren % 25ek erabiltzen dute euskara gaztelania beste edo gehiago lankideekin.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/10/03            

Euskara arlo sozioekonomikoan sustatzeko Plan Estrategikoa sortzeko prozesuaren baitan, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak enpresaren munduko ordezkariekin partekatutako jardunaldi batean parte hartu du goizean, Durangon. Sailburuak euskara lan-munduan sustatzeak duen garrantzia azpimarratu du eta nabarmendu du baldintza egokiak daudela epe laburrean pauso eraginkorrak emateko bide horretan.

“Gero eta gazte gehiagok ikasten dute euskaraz eta, ondorioz, gero eta langile gehiago dira euskaraz lan egiteko gai. Bigarrenik, Euskararekiko atxikimendua inoizko handiena da eta hainbat enpresa eta erakundetan egindako lanak erakutsi digu euskara sustatzeak ekar ditzakeen eragin positiboak. Gizarte-erantzukizunaren ikuspegitik, euskara balio bat da. Eta gero eta gehiago bikaintasunarekin lotzen da euskara. Azkenik, Hizkuntza eskubideen inguruko kontzientzia errotzen ari da, eta gizarteak gero eta neurri handiagoan aldarrikatzen du hautatzen duen hizkuntzan hitz egiteko eskubidea”, adierazi du

Zupiria sailburuak adierazi duenez, azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, arlo publikoa zein pribatua kontuan hartuta, hiritarren % 25ek erabiltzen dute euskara gaztelania beste edo gehiago lankideekin: “Datua are altuagoa da bakarrik arlo publikoa kontuan hartzen badugu, euskararen ezagutza zabalagoa da eta. Beraz, ez gara zerotik abiatzen, eta azken urteotan erakundeetatik fruituak eman dituzten proiektuak garatu dira: Bikain, Lanhitz, Euslan edota enpresetan euskara planak sustatzeko diru-laguntzak”.

Edonola ere, Zupiriak azpimarratu du oraingo helburua dela aurrerapauso argiak ematea euskara enpresaren munduan sustatzeko, eta azpimarratu du lantzen ari den Plan Estrategikoa oso emankorra izango dela bide horretan. “Lan-munduak protagonista izan behar du plan hori gauzatzeko prozesuan, hori da gure nahia”, azaldu du.

Durangoko Landako Elkartegian izan den jardunaldi hau Plan Estrategikoa burutzeko bidean izandako mugarrietako bat izan da. Enpresetako eta erakundeetako gizarte-erantzukizunean aditua den Jose Maria Canyellesek ere parte hartu du jardunaldian, Responsabilitat Globaleko sustatzailea da bera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak