Elkarlan Sariak
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Euskadiko 2030 Agendaren aurrerapena aurkezunztu du Regions4 Foroan "Etorkizun jasangarri eta erresilientea eraikiz"

2021-07-01
  • Topaketa horretan, honako eskualde hauetako buruzagiekin batera hartu du parte: Gales (Erresuma Batua), Rabat-Salé Kenitra (Maroko), Azuay (Ekuador), Cross River Estatua (Nigeria), Katalunia, Sud-Comoé (Boli Kosta), Åland Uharteak (Finlandia), Jalisco (Mexiko) eta São Paulo (Brasil)
  • Foroa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu eta Foroa antolatu duen eskualde-gobernuen sareko (Regions4) presidente Arantxa Tapiak inauguratu du 

Lehendakariak Euskadiko 2030 Agendaren aurrerapena aurkeztu du gaur "Etorkizun jasangarri eta erresilientea eraikiz"  Regions4ak antolatutako Foroan, Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Goi Mailako Foro Politikoaren esparruan.  Nazio Batuen Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda aukera ona da herrialdeek eta bertako gizarteek pertsona guztien bizitza hobetzeko bide berri bati ekin diezaioten. Agendak Garapen Jasangarrirako 17 Helburu biltzen ditu, honako alderdi hauek barnean hartuta, besteak beste: pobreziaren desagerraraztea, klima-aldaketari aurre egitea, hezkuntza, emakumearen berdintasuna, ingurumenaren defentsa eta gure hirien diseinua. 

Foroa "Etorkizun jasangarri eta erresilientea eraikitzen: Nazioz azpiko gobernuak pertsonen, planetaren eta oparotasunaren ikuspegi integratuak lideratzen" Foroa Regions4k antolatu du, garapen jasangarriaren, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen esparruetako 40 eskualde-gobernuren munduko sare batek, Euskadi buru dela. Bertan, 2030 Agendaren ingurumen-dimentsioaz eta pertsonen ongizatearen eta oparotasunaren artean dagoen interkonexioaz hitz egin da

 “Garapen Jasangarriari buruzko Nazio Batuen Goi Mailako Foro Politikoa” Regions4 sareak antolatutako ekimena da. Munduko sare horrek 40 eskualde-gobernu biltzen ditu, eta garapen jasangarriaren, klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen esparruetan dihardu. Gaur egun, sarearen presidentetza Euskadiren esku dago. 

 “Etorkizun jasangarria eta erresilientea eraikiz: pertsonentzako, planetarako eta oparotasunerako ikuspegi integratuak zuzentzen dituzten nazioz azpiko gobernuak” izenburupean, 2030 Agendaren ingurumen-dimentsioari eta pertsonen ongizate eta oparotasunaren eta planetarenaren artean dagoen loturari buruz hitz egin da Foroan. 

Iñigo Urkulluk azpimarratu du Euskadi eskualde aitzindarietako bat izan dela 2030 Agendaren ikuspegi integratzaile eta zeharkako bat ezartzeko zereginean, eta Garapen Jasangarrirako Helburuen ekosistema propio bat sortu duela tokiko gobernantza eta lokalizaziorako. Ildo horretan, Europako Batzordeak duela gutxi aurkeztutako txosten batek berriz nabarmendu du Euskadi, politika publikoetan 2030 Agenda aplikatzeko jardunaren adibide gisa. 

 “Ikuspegi integratzailea da gure gobernu-programaren eta haren lau zutabeen (hots, oparotasunaren, pertsonen, planetaren eta autogobernuaren) ezaugarri bereizgarria. Ziur gaude COVID-19aren pandemiaren ondorengo susperraldia lortzeko eta, besteak beste, egungo krisi ekonomikoari, klima-larrialdiari eta biodibertsitatearen galerari erantzuteko beharrezkoa dela bidezkoa eta jasangarria izango den eta inor atzean utziko ez duen trantsizio sozial, digital, ekonomiko eta teknologikoko eredu bat", nabarmendu du Iñigo Urkulluk. 

Parte-hartzaileei gogorarazi die Euskadik Basque Green Deal izenekoa aurkeztu berri duela, hau da, garapen ekonomiko berde, bidezko eta jasangarrirako ibilbide-orri berria. Ibilbide-orri horrek industria eta teknologia izango ditu eraldaketa-eragile nagusi, eta legegintza-tresna garrantzitsuak izango ditu, hala nola Trantsizio Energetiko eta Klima Aldaketari buruzko Legea edo Natura Ondareari buruzko Legea.  

Foroa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak inauguratu du, Regions4 sareko presidentea den aldetik. Eman duen hitzaldian adierazi duenez, “pandemiak 2030 Agendaren garapena eta aurrerapena moteldu badu ere, aukera ona izan da hartu beharreko erabaki politikoei dagokienez etorkizuneko lehentasunak ezarri eta zehazteko”. 

Regions4 sareko presidente gisa azaldu duenez, “gure sarea hazi, ahotsak gehitu eta asmo globala handitu nahi dugu”. Hori dela eta, egungo ingurumen-krisiei aurre egiteko gai izango den garapen jasangarri baten aldeko aliantza global honekin bat egitera gonbidatu ditu nazioz azpiko gobernu guztiak. 

Aldi berean, Nazio Batuen eskura jarri du Regions4 sarearen jakintza, parte-hartzean oinarritutako sistema aldeaniztun, inklusibo eta multiaktore batean lan egiteko. Sistema horretan, nazioz azpiko gobernuek biodibertsitatearen, klima-aldaketaren eta garapen jasangarriaren inguruko agenden funtsezko inplementatzaile gisa merezi duten aintzatespena eta agerikotasuna lortuko dute. 

Arantxa Tapiak aurreratu duenez, Regions4 sareak “Eskualdeen ahotsa Nazio Batuen jarraipen-sisteman” dokumentu laburra atera du, eta, bertan, Nazioz Azpiko Borondatezko Txostenak eta eskualdeek 2030 Agendari egindako beste ekarpen batzuk azpimarratzen dira. Edukia, bestalde, Regions4SDG Praktika Komunitatean (hots, sareak GJHen lokalizazioa bultzatzeko egindako ekimen nagusian) elkartrukatutako ezagutzetan eta esperientzietan oinarrituta dago. 

Lehendakariarekin batera "Nazioz azpiko gobernuen lidergoa agenda globalen integrazioan" panelean esku hartu dutenak honako hauek izan dira: Mark Drakeford (Galesko lehen ministroa), Abdessamad Sekkal (Rabat-Salé-Kenitrako presidentea), Veronica Thörnroos (Åland uharteetako Gizarte Gaietako eta Osasuneko ministroa), Benedict Ayade (Cross River Estatuko gobernadorea), Pere Aragonès (Kataluniako Generalitateko presidentea), Cecilia Méndez Mora (Azuay-ko prefeta), Aka Aouélé (Sud-Comoéko presidentea), Sergio Graf, (Jaliscoko Ingurumeneko idazkaria) eta Eduardo Trani (São Pauloko Ingurumeneko idazkariordea). 

Aldez aurretik, adituen panel batek “Jarraitu beharreko bidea: susperralditik etorkizun erresiliente batera” gaia landu du. Panela osatu duten pertsonak honako hauek izan dira: Lotta Tahtinen (Nazio Batuen Hedapen eta Lankidetza Saileko burua), Susan Chomba (Race To Zero eta Race To Resilience kanpainen enbaxadore globala) eta Elizabeth Maruma Mrema (Biodibertsitateari buruzko Hitzarmeneko idazkari eragilea).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)