qrcode

Euskadik nazio azpiko gobernuen ahotsa lideratuko du gobernu horiek egitarau ofizialean lehenengo aldiz hartuko dituen COPean

2023-12-01
  • Dubaiko COP28an, eskualdeetako 40 gobernu eta sare baino gehiago biltzen dituen Tokiko Gobernuen eta Udal Agintaritzen sarearen adierazpen bat sinatu da –horien artean Euskadiren presidentzia duen Regions4 dago–, munduko klima-ekintza azkartzea eta haren irismena zabaltzea eskatzeko
  • Aitor Aldasoro: “trantsizio energetiko eta klimatikoak zorrotza eta anbiziosoa izan behar du ezarritako helburuak betetzeari begira; horretarako, funtsezkoa da COPek eboluzionatu dezatela erabakiak Estatuen eskuetan soilik uzten ez dituen eredu baterantz, eta edizio honetan gure ahotsa entzungo da, lehenengo aldiz, eztabaida ofizialean”

Euskadi prest dago Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen  2023ko Konferentzian (COP28) jarduera mardula gauzatzeko –goi bilera hau Dubain (Arabiar Emirerri Batuak) egingo da, azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitartean-, nazio azpiko gobernuen ahotsa lideratuz; izan ere, COPeko presidentziak eskualdeen eskari historiko bat onartzea lortu baita, alegia, presentzia esanguratsua eta ahots propioa izatea klimari buruzko munduko goi bileretan.

Hala, COP28ko presidentziak eta Bloomberg Philanthropiesek abenduaren 1 eta 2rako antolatu duten Klima Ekintzaren Tokiko Goi Bilerak eskualdeetako eta tokiko liderrak bilduko ditu lehenengo aldiz, egitarau ofizialaren baitan, paradigma berri bat ezartzeko, honako helburuarekin: ekintza-klimatikoari modu guztiz integratuan heldu ahal izatea gobernantzaren maila guztietan.

Tokiko Gobernuen eta Udal Agintaritzen sareak (LGMA) nazio azpiko 40 gobernu baino gehiago ordezkatzen ditu Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren aurrean (CMNUCC), besteak beste honako erakunde hauek bilduz: eskualdeko gobernuen sarea den Regions4 –Euskadik du bere presidentzia–; Under2 Coalition –Euskadi bere Batzorde Eragilearen kidea da–; Euskualdeetako Europako Batzordea; Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Mundu Erakundea (CGLU); eta ICLEI-jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen sarea; bada, sare horiek adierazpen bateratu bat egin dute Dubain, eskari hau egiteko: eskualde-gobernuek parte-hartze handiagoa izan dezatela klima-ekintzen inguruan aurten aurreneko aldiz egingo den  berrikuspenean, eta goi bileran presentzia duten estatuek azkarrago eta anbizio handiagoz jokatu dezatela ekintza horien betearazpenean.

Adierazpen horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok adierazpen bateratu honen zergatia azaldu du: bere esanetan, “mundu osoko eskualde-gobernuak zuzeneko inpaktuak jasaten ari dira euren komunitateetan, ekonomietan, instituzioetan, azpiegituretan eta baliabide kritikoetan. Halaber, lidergo ausarta erakusten ari dira ekonomia eta lurralde erresilienteak izateko egin behar diren eraldaketetan. Hala eta guztiz ere, bada defizit esanguratsu bat klima-aldaketaren egokitzapenaren finantziazioan. Aldaketa tokiko esparruan bultzatu ahal izateko, finantziazioa nazio azpiko mailarantz bideratu beharko litzateke; horrekin batera, eskualde-agintaritzei ahalmena eman beharko litzaieke zuzeneko parte-hartze eta ahots propioa izateko, horren bidez klima-ekintza azkartzeko”.

Aldasororen iritziz, “trantsizio energetiko eta klimatikoak zorrotza eta  anbiziosoa izan behar du ezarritako helburuak betetzeari dagokionez; horretarako, funtsezkoa da COPek eboluzionatu dezatela erabakiak Estatuen eskuetan soilik uzten ez dituen eredu baterantz; premiazkoa da geu bezala pisu politiko erabakitzailea eskatzen duten herrialdeak ere integratzea, eta edizio honetan lortu dugu, aurreneko aldiz, gure ahotsa entzun dadila eztabaida ofizialean”.

Europako Eskualdeen Batzordearen arabera, eskualdeak dira klima-aldaketaren ondorio negatiboak gehien pairatzen dituztenak, eta klima-aldaketa egokitzeko neurrien % 75 eta egokitzeko neurrien % 90 sustatzeraino iristen dira.

Euskal ordezkaritza COP28an

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek gidatzen duten ordezkaritzak aurkeztuko ditu, goi bilera honen esparruan, klima-aldaketarako egokitzapenaren arloan Euskadin lortutako aurrerapenak; aurrerapen horiek, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak inplementatutako politikei esker lortu dira, eta horrek esparru honetan Euskadi “eskualde lider” gisa aitortua izatera eraman du Europar Batasunean.

Klimari buruzko goi bileran aurkeztutako adierazpenak azpimarratzen duenez, nazio azpiko gobernuek funtseko rola jokatzen dute klima-helburuak ekintza praktikoetan islatzerakoan, tokiz toki, baliabide publikoak modu efizientean erabiltzeaz batera. Maila anitzeko gobernu horretan sartzen dira, halaber, herriak, hiriak, konderriak, lurraldeak, probintziak, eskualdeak, estatuak eta beste batzuk.

“Funtsezko eta ezinbesteko eragileak gara net zero-ra zuzendutako trantsizio bidezkoa eta erresilientea aurrera eramateko. Klima-ekintza tokian tokiko mailan bultzatzen dugu, gure politika eta araudi propioen eta azpiegituretara zuzentzen ditugun inbertsioen bitartez; horrek, gainera, inbertsio berriak eta berrikuntzak bultzatzen ditu sektore pribatuan, merkatura seinale sendoak bidaliz. Orobat, lehenengotarikoak gara geure burua prestatzerakoan eta klima-aldaketarekin lotutako galera eta kalteei erantzuterakoan, eta eskualde eta toki mailako egokitzapen-plan sendoak garatu ditugu”, azpimarratzen dute adierazpenaren sinatzaileek. Bertan zehazten denez, estatu mailako plan eta estrategiak aurrerapenak ekartzen ari badira ere, haien aplikazioak "geldoa, desorekatua eta graduala” izaten jarraitzen du.

Gainerako sinatzaileekin batera, Euskadik adierazten du "nazio azpiko gobernuok estatu mailako gobernuei lagundu diezaiekegula euren klima-helburuak areagotzen, horren bidez bermatzeko isurketak globalki erdira murriztuko direla 2030erako, tenperaturen igoera 1,5ºC-tan mantenduko dela 2050erako, eta helburu nazional horiek tokiz tokiko politika eta ekintza eraginkorretan islatuko direla. Nolanahi ere, horretarako Alderdi guztien (estatu mailako gobernuak) eta nazio azpiko gobernuen arteko ekintza harmonizatua ezinbestekoa da, Alderdiek nazio azpiko ekintzaren rol bideratzailea jokatuz”. Horregatik eskatzen da nazio azpiko gobernuen lidergoa aitortu dadila, “egokitzapen-ekintza eta –planak toki eta eskualde mailan gauzatzeko, eta, halaber, ahalbidetu dadila modu esanguratsuan txertatu daitezela Egokitzapenaren Helburu Globalaren Esparruan”.

Euskadiren Agenda COP28an

Euskadi nazioarteko adibide gisa agertzen da klima-ekintzaren arloan, toki eta eskualde mailako politika, estrategia, programa eta ekintzetan egindako ibilbide luzeagatik, besteak beste europar proiektu hauei esker: Urban Klima 2050; Regions4 Climate; Kostaegoki proiektua; eta Klima Aldaketara Egokitzeko Europar Batasunaren Misioaren partaidea izatea. COP28 hau baliagarria izango da esperientzia horiek konpartitzeko, bai zenbait ekitalditan parte hartzeari esker eta bai nazio azpiko beste gobernu eta eskualde batzuekin egingo dituen aldebiko bileren agendari esker.

Agendarekin hasteko, Aitor Aldasoroko sailburuordeak parte hartu du, Europako eta Latinoamerikako hirietako ordezkariekin batera, mahai-inguru honetan: ‘Deskarbonizazioa eta Erresilientzia Latinoamerika eta Europako nazio azpiko Gobernuetan. Teoriatik inplementaziora”; bertan, gainera, Global Factor euskal enpresak eta Latinoamerika eta Karibeko Garapen Bankuak (BID Invest) ere esku hartu dute.

Beste alde batetik, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriartek aurkeztu ditu Euskadi kostaldean gauzatzen ari diren egokitzapen-neurriak, naturan oinarritutako irtenbideak aplikatzearen bitartez. Horrez gain, Euskadik Under2 Koalizioaren Batzar Nagusian parte hartuko du, abenduaren 3an, erakunde horretako batzorde eragilearen kidea baita.

Abenduaren 6an, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendariak bi ekitalditan parte hartuko du Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren (UICN) pabilioian.  Lehenengo ekitaldia Euskadik bultzatzen du, Regions4 sarearekin batera, eta bere izenburua honako hau da: ‘Aldaketaren katalizatzaileak: nazio azpiko lidergoa naturan oinarritutako irtenbide berritzaileen aplikazioan’.  Egun berean, “Klima eta Biodibertsitatearen Txapeldun" izendatutako pertsonek jokatzen duten rola aitortzera zuzendutako goi mailako topaketa batean izango da; bertan, aurreikusita dago Razan Al Mubarak egotea, hau da, UICN-Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunaren presidentea eta COP28rako Klimaren Txapelduna deritzana.

Goi bileraren egunetan, euskal ordezkaritzak aldebiko bilera batzuk egingo ditu nazio azpiko beste gobernu batzuekin, hala nola: Sao Pauloko Gobernua; Eskoziako Gobernua; Jiangsuko Gobernua; CONGOPE-Ekuadorko Probintzietako Gobernu Autonomoen Partzuergoa; eta Araudi Etikoaren Sustapenerako Ekimena (INADES) –Euskadik harremanak ditu erakunde honekin 2018az geroztik Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez–, jardunbide egokiak Afrikako landa-eremuan inplementatzeko xedez, gobernantza inklusiborekin eta klima-aldaketaren inpaktuei aurre egitearekin lotuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak