
Gobernu Kontseiluak Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala berrikusteko prozesua hasi du saltoki handiei dagokienez (Gobernu Bilera 2016-03-22)
Auzitegi Gorenaren irailaren 3ko 3866/2015 Epaiaren ondorioz
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala, 2004an onartutakoa, berrikusteko izapideak egiten hastea, Auzitegi Gorenaren 2015eko irailaren 3ko 3866/2015 epaia betez. Aipatutako epaiak saltoki handietarako gehieneko azalerari mugak ezartzen dizkioten LPSaren zehaztapenak indargabetu egin baitzituen.
Saltoki handiei dagokienez, egin beharreko LPSaren berrikuspenak honako elementu hauek hartuko ditu kontuan:
a. Egoeraren diagnostikoa:
- Merkataritza-jardueraren oraingo egoera eta lurraldean zer banaketa duen, zehazki hiriko saltokiei (bizitegi-lurzoruan dauden saltokiak), ohiko industrialdeetan kokatutako saltokiei edo berariaz kalifikatutako aldeetan hiri-kanpoaldeko lurretan kokatutakoei dagokienez.
- Merkataritza-jarduera eta biztanleen banaketa.
b. Merkataritza-jardueraren lurraldeko banaketa orekatuan eragiten duten lurralde-faktoreak.
c. Merkataritza-ekipamenduen arloko LPSaren berrikuspen partzialaren araudia.
Saltoki handiei dagokienez, LPSa berrikusten hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordea, martxoaren 22an, epaia kontuan hartuta LPSaren honako interpretazio-irizpide hauek hartu ondoren:
1. Saltoki handien gehieneko azalerari mugak ezartzen dizkieten Antolamendurako Arauen zehaztapenak, epaiak erabat deusez jotzen dituenak, saltoki handien lurralde-erregulazioari buruzko 14. artikuluaren 2 zenbakiko c) eta d) letrei dagozkie; horrenbestez, aipatutako xedapen horren idazketa agiri honen I. eranskinean jasota dagoen moduan geldituko da.
2. Aurretik aipatutako epaiak indargabetutako xedapenen zuzenketa EHAAn argitaratuko da (LPSaren Antolamendurako Arauen 14. artikuluaren 2 zenbakiko c) eta d) letrak).
3. Sailaren webgunean Antolamendurako Arauen zein LPSaren 7. puntuaren (saltoki handien lurralde-antolamendurako proposamenei buruzkoa) bertsio eguneratuak argitaratuko dira.
4. Apirilaren 23ko 7/2012 Legean adierazitako betebeharrari eusten zaio (barne-merkatuko zerbitzuei buruz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak abenduaren 12an emandako 2006/123/EE Zuzentaraura egokitze aldera zenbait lege aldatzekoa); hau da, Udalek, udal-lizentzia eman aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren merkataritzaren arloko organo eskudunari txosten bat eskatu beharko diote saltoki handien ezarpena edo handitzea LPSaren irizpideekin bat datorren jakiteko. Epaiak gehieneko azalerari mugak ezartzen dizkioten zehaztapenak baino ez ditu indargabetzen eta, ondorioz, LPS osoa indarrean dago deusez jotako zehaztapenak kendu ondoren.
5. LPSaren berrikuspen partziala egingo da, Eusko Jaurlaritzaren arrazoitutako erabakiaren bidez, Antolamendurako Arauen 3.1 artikuluaren azken lerrokadari jarraikiz.