Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Barrikako Barrikabasoko itsasertza babesteko eta antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa onartu du (Gobernu Bilera 2016-03-01)

2016.eko martxoak 01

Eusko Jaurlaritzak itsasertza babesteko eta antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa onartu du, Barrikako Barrikabaso inguruari dagokiona. 2004ko azaroan Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak onartu egin zuen Txipio Bai elkarte naturalistak Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduen aurka jarri zuen administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Agindu horiek Barrikako arau subsidiarioak aldatzen zituzten, lursail batzuk urbanizatzeko egoki bezala sailkatuz eta espazio libreen sistema orokor batzuen birsailkapena eginez Muriolan eta San Telmon. Epaitegiak foru-agindu horiek zuzenbidearen araberakoak ez zirela ebatzi, eta indarrik gabe utzi zituen. Kasazio-errekurtsoa jarrita, Auzitegi Gorenaren administrazioarekiko auzien salak 4778/2009 sententzia eman zuen 2009ko uztailaren 3an, errekurtso hori bidezkoa ez zela ebatziz.

Aldaketak 62 hektarea inguruko azalerari eragiten dio lurzoru urbanizaezinean. Hor, kategoria hauek definitzen dira: babes berezi zorrotza labarretan eta babes berezi bateragarria gainerako esparruan. Era berean, Muriola aldean nekazaritza eta abelazkuntzako kategoriarekin kalifikatuta dagoen eremu txiki batean, kategoria horren ordez, nekazaritza eta abeltzaintza eta landazabala kategoria jartzea planteatzen da. Aldaketa horiek Barrikabasora mugatzen dira eta aldi jakin baterako dira. Hortaz, ez dute Lurralde Plan Sektorialaren alor garrantzitsu bakar bat bera ere aldatzen.

2014ko ekainaren 19an Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren agindu bidez, ez funtsezkotzat jo zen Barrikako Barrikabaso inguruan Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertza babesteko eta antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala aldatzeko proposamena. Hori dela-eta, izapidetze-fasean, 206/2003 Dekretuan, irailaren 9koan, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen, Lurralde Plan Partzialen eta Lurralde Plan Sektorialen aldaketa ez funtsezkoak onartzeko prozedura arautzekoak, aurreikusitako izapideak bete dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko