Eu

Arriola eta Retortillo sailburuek udalerriei eta merkataritza-sektoreari Merkataritza Ekipamenduen LAParen berrikuspena aurkeztu diete

2017.eko azaroak 14
  • Lurraldearen Arloko Planaren erreformari ekin zaio, azalera handi berriak jartzeko murrizketak kendu zituen Auzitegi Gorenaren epaia betetzeko
  • Hiru aukera ireki proposatzen dira, eztabaidatzeko eta herritarren merkataritza-beharrei hiri-garapen jasangarriaz erantzuteko formula egokiena bilatzeko

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Alfredo Retortillo, Turismo, Merkataritza eta Kontsumokoak, gaur, Euskadiko udaletako eta merkataritza-sektoreko elkarteetako ordezkariei 2004ko Jarduera Ekonomikoetarako Lurzorua Sortzeko eta Saltoki Handiak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren (LAP) berrikuspena aurkeztu diete. Berrikuspen hori LAPak hirugarren sektore jardueraren banaketa orekatua eta hurbileko merkataritza eta hiri-bizitasuna babesteko hiriguneetatik kanpo merkataritza-azalera handiak jartzeko edo handitzeko jasotzen zituen mugak kendu zituen Auzitegi Gorenaren 2015eko epaiaren ondorio da. 

Sektoreko bi enpresak egindako eskariaren ondorioz, Gorenak murrizketa horiek nulu adierazi zituen, Bolkestein Direktibak adierazitako zerbitzuak kokatzeko askatasunaren aurka doazelako. Motibo ekonomikoak eta merkataritzakoak baino ez zeudela iritzi zuen, baina Direktibak kokatzeko askatasunerako baimendutako murrizketa bakarrak interes orokorraren bidez justifikatzen direnak baino ez dira, besteak beste, ingurumena babestea eta lurralde-antolamendua, hiri- eta landa-plangintza barne.

Egoera horren aurrean, Auzitegi Gorenaren epaiaren eskakizunei erantzuteko, Eusko Jaurlaritzan inplikatuta dauden bi arloetatik batera –Merkataritza eta Lurralde Plangintza– bi helburu izango dituen LAPa berrikusteko beharra ikusi da: 

1.- Merkataritza-jardueraren orainari eta etorkizunari erantzutea, Euskadiko herritarren banaketaren arabera.

2.- Berrikuspen hori lurralde-antolamenduaren irizpideak ingurumeneko, gizarteko eta ekonomikoki jasangarria den hiri-garapenaren zerbitzura babestean oinarritzea.

Lurralde-antolamenduan oinarritzen diren arrazoiak direla eta, Lurralde Antolamenduaren Jarraibideen (LAJ) Aurrerapenak, egun berrikusten ari denak, dagoeneko ezartzen ditu Arloko Plangintza eremu horretan zuzendu behar duten urratsak. Horrela, berariaz jaso da funtsezkoa dela hiriguneen hiri-periferian jartzen diren merkataritza-azalera handiek eragiten dituzten inpaktuei buruzko hausnarketa egitea, bai lurzoruaren okupazioari dagokionez, bai horiek eragindako joan-etorriei dagokienez, funtsean ibilgailu pribatuaren erabilerari lotutakoei dagokienez. Eta, jarraian, gure herritarren hiri-bizitza sustatzeko gidalerroa ezartzen da; horretarako, hiri-merkataritza lehenetsi behar da eta mugak jarri periferian jartzen diren merkataritza-establezimenduei.

Bi sailek uste dute egokitzapen horren bidez oinarri juridikoa ezartzen dela, azkenean adosten den LAParen aldaketa ekonomia- eta merkataritza-motiboetan oinarritu ez dadin babesteko, kontuan izanik Europako araudiak debekatu egiten dituela, eta ingurumeneko motiboetan eta lurraldearen antolamendu harmoniko eta integratuetarako motiboetan oinarri dadin bultzatzeko. 

Hori dela eta, Arriolak eta Retortillok udalei eta Euskadin merkataritza-sektorearen ordezkari diren erakundeei LAParen berrikuspenerako aurkeztu dieten aurrerapena proposamen irekia da; proposamenak 3 aukera ditu, eta horiek orrazten joango dira, tramitazio-prozesua garatu ahala; erakundeen eta gizartearen parte-hartzea erabakigarria izango da.

-Lehenengo aukera da Gorenaren epaia zorrotz betetzea eta, ondorioz, hiriguneetatik kanpora merkataritza-azalera handiak jartzeko edo zabaltzeko mugak jartzeari uko egitea.

-Bigarrena, merkataritza-jarduera bizitegitarako hiri-bilbeen antolamenduan integratzea eta horietatik kanpo jartzea saihestea.

-Eta hirugarrenak aukera ematen du hiriguneetatik kanpo merkataritza-zentro berriak jartzeko, besteak beste, horietara jotzeko eta komunikaziorako bide berriak eraiki behar ez badira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak