
2015-2016 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 25ean irekiko da
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 25ean irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea, eta otsailaren 5ean itxiko da epe hori (otsailaren 4an, online eginez gero)
“Gozamena da elkarrekin ikastea” leloarekin abiatuko den kanpaina, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak aurkeztu du gaur goizez Donostian. Aurten aukeratu den leloak, taldean ikasteak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Ikasgelan –nahiz ikasgelatik kanpo- ikaskideen artean sortzen diren elkarreraginek (interakzioek) errazago egiten dute ezagutzak jasotzea, trebetasun pertsonal eta sozialak garatzen laguntzen dute, edo elkartasun jarrerak bultzatzen dituzte. Horrela bada, elkarrekin ikasteak dakarren motibazioa gozamen bihurtzen da.
Aurten ere, aurrematrikula prozesu osoa Internet bidez egin ahal izango da, www.hezkuntza.net helbidean. Bide hau aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eramatea. Pauso hori online egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 4a izango da. Nola nahi ere, izen-emate prozesu osoa ikastetxeetan egiteko aukera ere egongo da, ohi bezala.
Euskadiko 700 ikastetxe (455 publikoak, %65) prest daude urtarrilaren 25ean aurrematrikula prozesuari ekiteko. Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 532 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 321 publikoak, hots, %62,2), eta 543 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61,5). Bestetik, Lehen Hezkuntza 532 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (329 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 330 izango dira.
Baina aurten, aurrematrikula garaia berrikuntza batekin hasiko da. Erroldatze-egiaztagiria okerreko eran erabili dutelako Hezkuntza Administrazioaren aurrean salaketa jaso duten familiek, trikimailu horren bidez eskura zezaketen puntuazio gehigarria galduko dute, salatutako okerra egiaztatzen bada. Hau da, esleitu zaien plaza gal lezakete.
Gertutasunagatiko puntuak kontsultatzea
Aurrematrikula kanpaina abiatzeaz bat, zerbitzu berria ipiniko du aurten familien esku Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere webgunean, etxebizitzaren hurbiltasunagatik esleitzen den puntuazioarekin harremana duen tresna erabilgarria: helbide-gertutasunagatiko baremoaren puntuak kontsultatzeko aukera izango da webgunean. Erabiltzaileak bere helbidea idatz dezake aplikazio honetan (dela tutore edo gurasoen ohiko bizilekuaren helbidea, dela lantokiaren helbidea). Horrela, bere hurbileko ikastetxeak erakutsiko dizkio aplikazioak, mapa gainean kokaturik. Ikastetxeak, emango dioten puntuen arabera azalduko dira sailkatuak. Batetik, erabiltzailearen barrutikoak: ikastetxe hauetan bost puntu eskuratu ditzake baremoan; bestetik, inguruko beste barrutik batzuetako ikastetxeak: hauetan bi puntu edo puntu bakarra eskuratuko du.
Kontuan hartu beharreko egutegia:
- urtarrilaren 25etik otsailaren 5era: eskabideak eta agiriak aurkeztea (Online eginez gero, azken eguna otsailaren 4a)
- Otsailak 16: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
- Otsailak 25: esleitutako plazen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 9ra arte erreklamazioak egiteko epea.
- Martxoak 17: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 18ra arte.
- Apirilak 6: bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratuko dira.
-
2016-01-22
Comentario de Twitter:
[HEZKUNTZA] Gaur goizean 2016-2017 ikasturterako aurrematrikula kanpaina aurkeztu du Cristina Uriarte sailburuak ➡ https://t.co/IQvb0BMzXx