Berriak Hezkuntza
Eu

2017-2018 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 30ean irekiko da

2017.eko urtarrilak 27
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 30ean irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Otsailaren 10era arte egongo da irekia epe hori (otsailaren 9ra arte, on-line eginez gero)

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordea lagun zuela, gaur goizez aurkeztu du Bilbon 2017-2018 ikasturterako aurrematrikula kanpaina. “Talde osoaren ahalegina” leloarekin, hezkuntza komunitate guztiak eskolan eta hezkuntzan duen garrantzian egin nahi du aurten azpimarra, “ikasleengandik eurengandik hasi, irakasle eta familiekin segi, eta hezkuntzarekin zerikusia duten gainerako arlo guztietara iritsi arte”, azaldu du Uriarte sailburuak. “Gure hezkuntza sistemaren indarra, edo behintzat indartsu egiten gaituen gauzetariko bat, hezkuntzari ematen diogun garrantzitik dator. Gure gizarteak oso goian du hezkuntzaren garrantzia, eta gure seme-alabak ahalik eta ondoen formatzeko helburu horretan, denok gara partaide”.

Aurrematrikula prozesu osoa, ohiko bihurtu denez, Internet bidez egin ahal izango da www.hezkuntza.net helbidean. Bide hau aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eramatea. Pauso hori on-line egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 4a izango da. Nola nahi ere, izen-emate prozesu osoa ikastetxeetan egiteko aukera ere egongo da, ohi bezala.

Familiek hiru ikastetxe aukeratu behar izaten dituzte aurrematrikula egiterakoan, lehentasunaren araberako hurrenkeran adierazita. Familien %94k, lehen postuan hautatutako ikastetxean eskolatzen dituzte euren seme-alabak.

Euskadiko 703 ikastetxe (455 publikoak, %65) prest daude urtarrilaren 30ean aurrematrikula prozesuari ekiteko. Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 533 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 330 publikoak, hots, %62), eta 544 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61,5). Bestetik, Lehen Hezkuntza 533 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (329 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 330 izango dira.

Aurrematrikula prozesu honetarako, aldatu egin da familien urteko errentaren mailari dagokion irizpidea, baremoan puntuazioa eskuratzea ahalbidetzen duena. Honela, 2015eko zerga-urtean 9.080,40 euroko diru kopurua gainditzen ez duten familiek -2015eko Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatari dagokio kopuru hori- puntu eta erdi (1,5) eskuratuko dute atal honetan. Joan zen urtera arte, puntuazio hori eskuratzeko gehienezko diru-sarrera 42.000 euroan zegoen ezarria. Aldaketa honekin, Hezkuntza sailaren asmoa da puntuazio hori baliabiderik gutxien duten familien mesederako izatea.

Etxebizitzaren hurbiltasunagatik baremoan ematen den puntuazioari dagokionez, Hezkuntza Sailak adi jarraituko du erroldatze-egiaztagiriaren okerreko erabilerarik gerta ez dadin. Hezkuntza Administrazioak familiak dokumentu hori okerreko eran erabiltzen ari direla atzeman eta demostratuko balu (etxearekiko hurbiltasunagatik ematen diren bost puntuak eskuratzeko helburuz), trikimailu horren bidez eskura zezaketen puntuazio gehigarria galduko lukete, erabilera okerra egiaztatuko balitz. Hau da, behin-behinean esleitu zaien plaza gal lezakete. Iaz, Hezkuntza Sailak irregularrak izan zitezkeelakoan 328 erroldatze aztertu zituen. Horien artean, 105i kendu zitzaien ez zegokien puntuazioa, eta azken hauen artean, 45ek galdu zuten esleitu zitzaien plaza.

Gertutasunagatiko puntuak kontsultatzea

Aurrematrikula garaia irekitzeaz bat, Hezkuntza Sailak bere webgunean familientzat eskuragarri ipiniko du etxebizitzaren hurbiltasunagatik ikastetxe bakoitzak baremoan ematen duen puntuazioa kontsultatzeko aukera. Erabiltzaileak bere helbidea idatz dezake aplikazioan eta honek bere hurbileko ikastetxeak erakutsiko dizkio, mapa gainean kokaturik. Ikastetxeak, emango dioten puntuen arabera azalduko dira sailkatuak. Batetik, erabiltzailearen barrutikoak: ikastetxe hauetarako bost puntu eskuratu ditzake baremoan; bestetik, inguruko beste barrutik batzuetako ikastetxeak: hauetan bi puntu edo puntu bakarra eskuratuko du.

Kontuan hartu beharreko egutegia:

  • urtarrilaren 30etik otsailaren 10era: eskabideak eta agiriak aurkeztea (On-line eginez gero, azken eguna otsailaren 9a)
  • Otsailak 14: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
  • Otsailak 23: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 8ra arte erreklamazioak egiteko epea.
  • Martxoak 16: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 10era arte.
  • Martxoak 27: bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratuko dira.
3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @eajpnvparlament
    2017.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: [HEZKUNTZA] 2017-2018 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 30ean irekiko da ➡ https://t.co/keGXEld8ls https://t.co/R

  • @Gob_eus
    2017.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    [HEZKUNTZA] 2017-2018 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 30ean irekiko da ➡ https://t.co/keGXEld8ls https://t.co/RDmNoISH58

  • @ZabalarraEskola
    2017.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: [HEZKUNTZA] 2017-2018 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 30ean irekiko da ➡ https://t.co/M7YuTGN9eB

Ekitaldiko kargudunak