qrcode

Eusko Jaurlaritzak BIK 2050 proiektua abian jarri du Bilboko itsasadarraren ingurunea klima-aldaketaren inpaktuetara eta itsas mailaren igoerara egokitzeko

2025-12-11
  • Klima-egokitzapenaren arloan Eusko Jaurlaritzak KAIA (Klima Aldaketaren InpaktuA) mahaiaren baitan iragarri zituen sei proiektu pilotuetako bat da
  • BIK 2050 programaren helburua da itsasadarreko metropolialdean esku hartzeko estrategia bateratua zehaztea. Bertan 980.000 pertsona inguru bizi dira, Bizkaiko biztanleriaren ia % 80 eta Euskadi osoko biztanleriaren % 40 baino gehiago
  • Itsasadarraren inguruneko eredu digital bat diseinatuko da, klima-aldaketarekin lotutako arriskuen modelizazio prediktiboa ahalbidetuko duena, batez ere uholdeen, bero-boladen eta muturreko fenomenoen aurrean
  • Proiektuak itsasadarraren ardatzean eskumenak dituzten erakunde guztien baterako jarduera sustatzen du, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren gidaritzapean

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Josu Bilbao buru izan da Bilbao Itsasadarra eta Klima-BIK 2050 proiektuaren lehen bileran. Proiektuaren helburu nagusia da Bilboko itsasadarraren inguruneko klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko soluzioak ematea, batez ere uholdeen, bero-boladen eta itsas mailaren igoeraren arriskuen aurrean.

KAIA (Klima Aldaketaren ImpaktuA) mahaiaren esku-hartze pilotuetako bat da BIK 2050. Mahai horrek klima-egokitzapenaren arloko lehentasunezko sei esku-hartze zehaztu zituen, zehazki, Bakion, Zarautzen, Gasteizko Astegietako meandroan, Txingudiko badian, Legazpin eta Bilboko itsasadarraren ingurunean.

Bilboko metropolialdea interes bereziko eremua da. Bertan, 980.000 biztanle inguru bizi dira, Bizkaiko biztanleriaren ia % 80 eta Euskadi osoko biztanleriaren % 40 baino gehiago.

Biztanleez gain, jarduera ekonomiko eta azpiegitura ugari ere biltzen du. Horregatik, ingurune horri lotutako arrisku klimatikoek (uholdeak, bero-boladak eta itsas mailaren igoera) inpaktu handiagoa izan dezakete.

Proiektuko parte-hartzaileak honako hauek izango dira, besteak beste: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbao Ría 2000 sozietatea, Bilboko Portuko Agintaritza, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, itsasadarraren ertzeko bederatzi udalak (Barakaldo, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Zierbena), Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza eta Euskalmet; Lurralde Plangintzaren Zuzendaritza, eta Osasun Publikoaren Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren gidaritzapean, Ingurumen sailburuordetzaren, Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren eta Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez.

“BIK 2050 proiektua klima-aldaketak Bilboko metropolialdean dituen inpaktuei aurrea hartzeko eta egokitzeko premia larriaren ondorioz sortu da. Itsasadarraren ardatzean jardutea estrategikoa da ingurune horretan bizi eta lan egiten duten pertsonen erresilientzia eta bizi-kalitaterako. Argi dago ez jardutearen kostua jardutearena baino askoz handiagoa dela beti”, nabarmendu du Josu Bilbao sailburuordeak.

“Bilboko itsasadarreko estuarioaren egitura oso populatuta eta urbanizatuta dago. Kalkuluen arabera, 20.000 pertsona inguru bizi dira ibai-uholdeak izateko arriskua duten eremuetan. Horregatik, klima-aldaketara egokitzeko esku-hartzeak egin behar dira, udalerri eta erakunde guztien artean koordinatuta eta elkarlanean. Itsasadarra guztion elementua da, batzen gaituena. Orain hartzen diren erabakiek etorkizuneko esku-hartzeak erraztuko dituzte, betiere arlo honetarako guztion ongia xede hartuta, lankidetzarako eta gobernantza partekaturako jarrerarekin”, azpimarratu du sailburuordeak.

Modelizazio digitala eta esku-hartze partekatuak

BIK 2050 proiektuaren funtsezko zutabeetako bat alerta goiztiarreko sistemak ezartzea eta arrisku klimatikoen modelizazio prediktiboa egitea da. Horretarako, estuarioaren biki digital bat sortuko da, hainbat modelizazio egiteko. Tresna horiei esker, uholdeak, bero-boladak eta beste muturreko fenomeno batzuk aurreikus daitezke, erabaki informatuak hartzea eta herritarrak eta azpiegiturak babestea errazteko.

Ereduak, besteak beste, ondokoak ahalbidetuko ditu:

  • Monitorizazioa denbora errealean: sentsoreak eta datuak denbora errealean integratuta, lurraren egoera gainbegiratu, aldaketak edo anomaliak detektatu eta edozein gertakariren aurrean azkar jardun daiteke.
  • Hiri- eta lurralde-plangintza: eraikuntza-proiektuak, azpiegiturak edo lurralde-aldaketak simulatzeko aukera ematen du, haiek gauzatu aurretik. Horrek ingurumen-inpaktua aurreikusten, lurzoruaren erabilera optimizatzen eta erabaki informatuagoak hartzen laguntzen du.
  • Baliabide naturalen kudeaketa: ura, landaredia edo lurzorua bezalako baliabideen jarraipena errazten du, eta nekazaritzarako, basogintzarako eta ingurumena zaintzeko erabakiak hartzen laguntzen du.
  • Hezkuntza eta dibulgazioa: lurralde bateko fenomeno geografikoak, prozesu naturalak edo historikoak modu interaktiboan bistaratzeko hezkuntza-tresna gisa erabiliko da.

Josu Bilbaoren hitzetan, “biki digitala bezalako teknologien integrazioak eta zaintza aurreratuak larrialdi klimatikoen aurrean erantzuteko gaitasuna indartuko dute. BIK 2050 proiektu honekin erakutsi nahi dugu posible dela hiriko klima-egokitzapena gidatzea, berrikuntzaren, lankidetzaren eta baterako ekintzaren bitartez. Eta horrek guztiak aukera emango digu Europan jarraitu beharreko eredu izateko”.

Hurrengo urratsak

BIK 2050 programak parte hartzen duten udalerri eta erakunde bakoitzean garatu beharreko ekintza zehatzak eta horiek nola garatu zehaztu beharko du, eremu horretan eskumenak dituzten erakunde eta udal guztien parte-hartzearekin.

Eremu horren etorkizuna diseinatzeko, Eusko Jaurlaritzak ezagutza sortuko du alerta goiztiarreko sistemak ezarrita, arrisku klimatikoen modelizazio prediktiboa eginez biki digitalari esker, eta funtsezko zutabe gisa, Bilboko itsasadarrean eskumenak dituzten erakunde eta udal guztien artean partekatutako gobernantza-eredu bat eraikita.

Hurrengo urratsa da itsasadarraren ardatzean eskumena duten udalek eta erakundeek esku hartzeko ekimenak aurkeztea klima-aldaketaren inpaktuen aurrean, baita klima-aldaketarekin lotutako problematikak ere, baldin eta erantzun zehatzik ez badute edo aukera bat baino gehiago badago eta adituen aholkularitza behar bada.

“Badakigu nora iritsi nahi dugun: itsasadarraren ardatza klima-aldaketara egokitu behar dugu epe laburrean. Modelizazioaren datuekin eta ebidentzia zientifikoak esaten digunarekin, hurrengo urratsa da jarduera zehatzak abian jartzea, baina ikuspegi integral batekin, guztion ongia xede hartuta”, adierazi du Josu Bilbaok.

 

 

Iruzkin bat
  • Argazkia Xaver
    2025-12-15

    ur-goraldi posibleen aurrean, emaria kendu eta aintziratze artifizialeko puntuetara eraman daiteke ekosistema berriak sortzeko

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak