
El relevo generacional es uno de los grandes retos del comercio minorista vasco
-
Belaunaldien arteko erreleboa aukera bat da euskal merkataritza txikia modernizatzeko eta motor ekonomiko eta sozial gisa jarraituko duela ziurtatzeko
-
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Merkataritza Ganberen bidez, Berriz Enpresa programa bultzatzen du, negozioak eskualdatzeko prozesu osoan laguntzeko
Enfokamer Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak —Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren menpekoa da—, Berriz Enpresa programaren baitan, Euskadiko txikizkako merkataritzan belaunaldien arteko erreleboari buruzko ikerketa kualitatiboa egin du. Ikerketaren arabera, eta sektoreak dituen erronkak gorabehera, belaunaldien arteko erreleboak benetako aukera ematen du jarduera zaintzeko, merkataritza txikia modernizatzeko eta Euskadin eragile sozial eta ekonomiko gisa betetzen duen funtzioa bermatzeko. Sektorearen erronka nagusiak eta eskualdatzeen arrakasta baldintzatzen duten faktoreak aztertzen ditu txostenak.
Emaitzek erakusten dutenez, tokiko merkataritzak eraldaketa handiei egin behar die aurre: saltoki handiak, frankiziak eta online erosketak hazi egin dira; pandemiak eragindako azelerazio digitala, eta kontsumo-ohiturak aldatu dira; gainera, bezeroak gehiago erreparatzen dio prezioari eta fidelitate txikiagoa du. Faktore horiek erronka handia dira, baina, era berean, kudeatzeko modu berriagoei eta egungo ingurunera egokituei eman die bide; adibidez, digitalizazioari.
Ikerketa horren arabera, eskualdatze gehienak erretiroagatik ematen dira, eta merkatariek hainbat hamarkadatako ahaleginak jarrai dezan nahi dute, beren negozioak ixtea saihestuta. Dagoeneko martxan dagoen saltoki bat erosiz ekiten dutenentzat, formula horrek arriskuak murrizten ditu, zerotik hastearekin alderatuta, bezeroak bermatuta, hornitzaileak definituta eta frogatutako funtzionamendua baitituzte.
Bide horren alde gehien egiten dutenak adin ertaineko langabetuak edo lan-aldaketa bilatzen dutenak dira, baita migratzaileak ere; merkataritzan autoenplegurako eta egonkortasun ekonomikorako bidea aurkitzen dutenak. Duela gutxi egin diren eskualdaketetako asko Euskadin autoenplegua eta etorkizuna sendotzea bilatzen duten etorkinei egin zaizkie.
Saltokiak eskualdatzeko prozesu konplexuan, Euskadiko txikizkako sektorearen belaunaldien arteko erreleboarentzako alderdi kritiko bat da babes-baliabide instituzionalak izatea eta, batez ere, horiek behar bezala zabaltzea. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailak kanpaina bat abiatu du Berriz Enpresa programa ezagutarazteko. Ekimen horrek laguntza eta orientazioa eskaintzen die saltzaileari eta erosleari. Programa horrek laguntzen die eskualdatze-eskaintza zabaltzen eta bi aldeekin harremanetan jartzen, prozesuaren lege- eta zerga-urratsetan laguntzen die, eta zalantzak etengabe argitzen ditu.
Ikerketaren arabera, eskualdatzeek arrakasta izateko aukerak areagotzen dituzten faktore gakoak dira: aurreko jabearen laguntza hurbila, informazioaren gardentasuna, ordaintzeko baldintzen malgutasuna eta eroslearen eta saltzailearen arteko elkarrenganako konfiantza.
Erronka garrantzitsuek bere horretan dirauten arren, hala nola, kate handiekin prezioan lehiatzeko zailtasunak, sektorea gaztetzeko beharra eta finantzaketarako oztopoak, ikerketak azpimarratzen du zailtasun horiek aukera bat ere badirela profesionalizazioa indartzeko, digitalizazioa bultzatzeko eta profil ekintzaile berriak erakartzeko.
Laburbilduz, belaunaldien arteko erreleboa tresna estrategikoa da gertuko merkataritza bizirik mantentzeko, auzoen nortasuna zaintzeko eta eraldatzen ari den merkatuaren eskarietara egokitzeko. Finantziazioan, prestakuntzan eta akonpainamenduan laguntza egokia ematen, trantsizio une hau etorkizuneko aukera bihur dezake Euskadiko merkataritza txikiak.


