
Funtsezko jardunaldia Bilbon Euskadiko Naturgune Babestuen etorkizunaren gainean, gure lurraldearen %22 ordezkatzen dutenak
- Euskadik ekarpen nabarmena egin dio Europako «Natura 2000» sare ekologikoari; izan ere, 55 espazio babestu ditu, eta horiek lurraldearen % 22 hartzen dute, parke natural guztiak barne.
- Natura 2000 espazio horien plangintza-tresnak berrikusteko eta eguneratzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko elkarlana praktika onaren adibide gisa aurkeztu da estatuan eta Europan.
Euskalduna Jauregiak gaur goizean jaso du «Naturgune Babestuak, erronka partekatua!» jardunaldia. Naturguneen plangintzaren, koordinazioaren eta kudeaketaren hobekuntzan aurrera egiteko bildu dira topaketa horretan erakundeen ordezkariak, Euskadi osoko gune naturaletako adituak eta erabiltzaileak.
Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, HAZI Fundazioak eta Euromontanak antolatuta, jardunaldian parte hartu dute Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko (MITECO) eta Europako Batzordeko ordezkariek. Bertan, biodibertsitateari eusteko oraingo erronkak, eta onetsi berri den Natura Lehengoratzeko Europako Erregelamenduareninplikazioak aztertu dituzte.
Ekitaldiaren hasieran, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Josu Bilbaok, azpimarratu du babestutako gune naturalen plangintza integratua «Euskadiko erakunde arteko lankidetzaren emaitza esanguratsuenetako bat» dela.
«Ingurumen garbia, osasuntsua eta jasangarria ez da desiragarria bakarrik, Nazio Batuen Batzar Nagusiak aitortutako giza eskubidea ere bada. Administrazio gisa, lege-mandatuaz gain, betebehar etikoa ere badaukagu, gure osasuna, ekonomia eta ongizatea sostengatzen duten balioak babesteko», baieztatu du Bilbaok.
Euskadik ekarpen nabarmena egin dio Europako «Natura 2000» sare ekologikoari; izan ere, 55 espazio babestu ditu, eta horiek lurraldearen % 22 hartzen dute, parke natural guztiak barne. Baldintza bikoitz horrek askotariko arau- eta kudeaketa-esparruak bateratzea eskatzen du, eta Euskadiko administrazioek zeregin horri heldu diote Europako kontserbazio-printzipioetara egokitutako eredu koordinatu eta egokitu baten bitartez.
Jarduketan zehar azpimarratu da Natura 2000k ez dituela giza jarduerak eragozten, aitzitik, kontserbazioarekin bateragarritasuna bultzatzen duela. Hori horrela, ohitura tradizionalei eutsi eta laguntzeko beharra nabarmendu da —abeltzaintza estentsiboa edo artzaintza, esaterako—, balio ekologiko handiko guneen kontserbazioari egiten dioten ekarpena dela-eta.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien arteko elkarlanaren balioa azpimarratu da, plangintza-tresnak berrikusi eta eguneratzeko, Natura 2000ren kudeaketa-planak tresna autonomikoetan integratuta. Erantzunkidetasun instituzionalaren eredu hau praktika onaren adibide gisa aurkeztu da estatuan eta Europan.
Jardunaldiak amaitzeko hainbat esku-hartze izan dira, eta ahalbidetu dute Euskadiko lana Europako Itun Berdearen eta 2030 Biodibertsitate Estrategiaren testuinguru zabalagoan kokatzea; horrez gain, nabarmendu egin dute lankidetza indartzeko beharra, tokiko komunitateekin, estatuko administrazioekin, eta Europakoekin, biodibertsitate-krisi globalari aurre egite aldera.