Euskadi Europar Batasunaren 2030erako helburura hurbiltzen ari da, bere lurraldearen laurdena babespean baitu

2022-05-20
  • Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu du Biodibertsitateari buruzko Euskadiko Ingurumen Profila 2022, Biodibertsitatearen Mundu Egunaren bezperan (maiatzaren 22a)
  • Euskadiko Ingurumen Profila Ihobe sozietate publikoak urtero egiten duen dokumentua da, eta 35 ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-adierazleren bidezko diagnostikoa eskaintzen du
  • Biodibertsitatearen babesa Euskadiko Itun Berdearen lan-lerroetako bat da: Eusko Jaurlaritzak lurraldearentzat egindako ibilbide-orri propioa, garapen bidezkoa eta jasangarria lortzeko

 

Datorren maiatzaren 22an egingo den Biodibertsitatearen Mundu Egunaren esparruan, ‘Etorkizun partekatua eraikitzea bizimodu guztietarako’ lelopean, Eusko Jaurlaritzak 2022ko Euskadiko Ingurumen Profila aurkeztu du gaur. Oraingo honetan, lurraldeko biodibertsitatearen gaia jorratuko da, askotariko kontuak hartzen baititu barnean, hala nola azalera natural babestua, espezieen kontserbazio-egoera edo euskal inbertsio publikoa arlo horretan. Txostenak ematen dituen datu nagusietako bat da euskal lurraldearen laurden bat ingurumen-babeserako figuraren baten mende dagoela, eta horrek Euskadi bide onean jartzen du hamarkada honen amaierarako Europar Batasunak markatutako % 30eko zifra lortzeko.

Txostenak 35 ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-adierazle aztertzen ditu. Adierazle horiek argi eta garbi azaltzen dituzte egindako aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak biodibertsitatea babesteari eta hobetzeari dagokionez.

Euskadiko Ingurumen Profilaren entrega berri bat da, Ihobe sozietate publikoak urtero argitaratzen duena funtsezko ingurumen-bektoreetan egindako aurrerapena monitorizatzeko eta ingurumena babesteko politiken helburuen lorpena erakusteko helburuarekin. Orain arte, urari, aireari, hondakinei, klima-aldaketari eta lurzoru kutsatuei buruzko ingurumen-profil monografikoak argitaratu ditu Ihobek.

Ingurumen-adierazleak

Dokumentuan aztertzen diren 35 adierazleetatik, 26 ingurumen-arlokoak dira; horien artean nabarmendu behar dira azalera natural babestuaren analisia Euskadiko azalera osoarekiko; intereseko habitaten kontserbazio-egoera; espezieen kontserbazio-egoera eta joerak; ongarrien kontsumo integratua; arrasteko arrantzak eragindako euskal plataforma kontinentalaren azalera; lehorreko habitat naturalen zatiketa; airearen kutsaduraren bilakaera; edo Euskadin baso-suteek eragindako kopurua eta hektareak.

Biodibertsitate Profilak jasotzen dituen datuen arabera, Euskadiko lurralde osoaren ia laurdena (% 24,2) babespean dago, 175.330 hektarea guztira. Datu horiekin, 2030erako Biodibertsitateari buruzko EBren Estrategiak markatutako helburura hurbiltzen da Euskadi; hau da, azaleraren % 30ari babes juridikoa ematera. Estrategia horrek aurreikusten du, halaber, habitaten eta espezieen % 30ek gutxienez kontserbazio-egoera ona lortzea: Euskadiko intereseko habitaten % 22k 2013-2018 aldian lortu zuen helburu hori.

Espezieei dagokienez, aztertutako hegaztien % 37ren populazioak gora egin duela adierazten duten datuak nabarmentzen dira, eta gainerako espezieen % 20k kontserbazio-egoera ona erakusten du. Emaitza onenak dituztenen artean, anfibioak, narrastiak eta ugaztunak daude, hiriguneetan, goi-mendietan eta baso-inguruneetan bizi diren hegaztiez gain.

Nolanahi ere, nekazaritza-inguruneko hegazti-populazioaren egoera kezkagarria da, azken hamarkadan % 44 jaitsi baita. Alga gorriaren biomasa ere % 85 murriztu da euskal kostaldean 25 urte baino zertxobait gehiagoko epean, eta Zostera noltii fanerogamoa –posidoniaren antzeko itsas landarea– ia % 10 murriztu da bosturteko batean.

Azken urteotan, berriz, espezie batzuk nabarmen hazi dira, hala nola baso-inguruneetako tximeletak; ubarroi mottoduna (% 20ko hazkundea); eta zenbait arrain, amuarraina eta gobioa esaterako. Beste espezie batzuk, hala nola ezkailua –ur gezako arrain txikia– eta izokina, egonkortu egin dira; aingirak, berriz, atzera egiten jarraitzen du.

Ekonomia- eta gizarte-adierazleak

Euskadiko Ingurumen Profilean sei adierazle ekonomiko gehitu dira: biodibertsitatearen arloko euskal inbertsio publikoa; Espainiako Enpresa eta Biodibertsitate Ekimenari atxikitako euskal konpainiak; ekosistemen zerbitzu-hornidura handia duen euskal azalera; natura-turismoak eta landa-turismoak Euskadira bidaiatzeko arrazoien artean duten ehunekoa; naturagune babestuak eta Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitako enpresak; eta Europako Etiketa Ekologikoa duten nekazaritza-turismoko establezimenduak.

Inbertsioari dagokionez, kalkulatu da Natura 2000 Sarearen Euskadiko kudeaketa 119 milioi eurokoa izango dela 2021-2027 aldian. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Natura 2000 Sareko guneei buruz egindako azterketa baten arabera, gune horiek ematen dituzten zerbitzuen eta onuren balio ekonomikoa bertan egiten den zuzeneko gastua baino zazpi aldiz handiagoa da. Horrek esan nahi du inbertitzen den euro bakoitzeko 7 euro itzultzen direla mozkinetan; esate baterako, horniduran (hau da, basotik edo itsasotik ateratzen diren produktuen kantitatea eta barietatea) eta erregulazioan (gune horiek karbonoa atzematen eta biltegiratzen dute; edateko ura arazten eta hornitzen laguntzen dute; lurzoruaren higadura kontrolatzen dute; uholdeek eragindako kalteak arintzen dituzte; airearen kalitatea hobetzen dute; eta polinizazioa errazten dute).

Turismoari dagokionez, datu hau nabarmentzen da: 2019an, Euskadin jasotako bisiten % 13,9aren helburua naturaz eta landa-turismoaz gozatzea zen, eta aurreikusten da ehuneko horrek gora egitea. Gainera, 2021az geroztik Euskadik Naturagune Babestu bat du, Urdaibai Biosfera Erreserba, Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikita, eta 16 turismo-enpresa ziurtatu. Horri guztiari gehitu behar zaizkio Europako Etiketa Ekologikoa duten 35 ostatu turistiko: etiketa horrek bermatzen du inpakturik ez dagoela, besteak beste, naturan eta haren biodibertsitatean.

2017an, inkestatuen % 22k adierazi du, ingurumen-arazoen artean, espezieen suntsipenaren eta naturaguneen degradazioaren aurrean ikusten dutela beren burua desinformatuen. Hala ere, inkestatuen % 3k soilik adierazi du biodibertsitatearen galera dela ingurumen-arazorik kezkagarriena.

Euskal gizartearen ustez, hauek dira biodibertsitaterako mehatxu larrienak: airearen edo uraren kutsadura; klima-aldaketa; baso-soiltzea eta desertifikazioa; eta jatorri antropikoko hondamendiak. Natura 2000 Sareaz, Ekoetxeen Sareaz eta Euskadiko Parketxeen Sareaz entzun dutenak kontsultatutako herritarren % 25, % 27 eta % 18 dira Euskadin, hurrenez hurren. Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-zentroen Ekoetxeen Sarea osatzen duten lau zentroek 100.073 bisitari izan dituzte 2019an; hau da, % 140ko hazkundea izan dute 2008ko 41.723 bisiten aldean.

Biodibertsitateko lan-esparrua

Europar Batasuneko lurraldearen % 1 baino zertxobait gutxiago okupatu arren, Euskadik bertako intereseko habitaten % 35 inguru hartzen du; habitat horien galera kudeaketa-maila guztietatik aurre egin beharreko mehatxua da, lurraldearen erresilientzia indartzeko eta etorkizunean gaixotasunak agertzea eta hedatzea prebenitzeko. Biodibertsitatearen galerak elikagaien segurtasuna eta nutrizioa arriskuan jartzen ditu, klima-krisia areagotzen du, eta ekonomiari eragiten dio.

Euskadik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren bidez, ekintza-plan bat ezarri zuen 2016an Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarea hobetzeko, Europako esparruekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz. Plan horrek natura-ingurunearen kontserbazio-egoera hobetuko duen lurralde erresiliente eta arduratsua lortzeko bidea markatzen du.

Gainera, biodibertsitatearen babesa Euskadiko Itun Berdearen lan-lerroetako bat da, Eusko Jaurlaritzak lurraldean garapen bidezkoa eta jasangarria lortzeko egindako ibilbide-orri propioa, Europako Itun Berdearekin lerrokatuta. Etorkizuneko lehia-eredu horrek araudi-testuinguru berri bat eskatzen du, eta, dibertsitate biologikoaren babesaren kasuan, hainbat ekintza proposatzen ditu, hala nola Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legearen onespena, azken hamarkadetan garatutako Europako legeria zabalari egokitzeko arau-esparrua eguneratzen duena; edo Euskadiren Ingurumen Esparru Programa 2030, gaur egun lantzen ari dena eta hamarkadaren amaierara arte jarraitu beharreko ibilbide-orria markatzen duena.

Nazioarteko testuinguruan, zehaztu gabe dago hamarkada honetarako joko-arauak eta arlo horretan jarraitu beharreko gidalerroak zehaztuko dituen biodibertsitatearen esparru globala. Esparru hori datorren Biodibertsitateari buruzko Nazio Batuen Konferentzian (COP15) berrituko da, pandemiagatik 2020tik atzeratu dena, hain zuzen, eta aurten egitea aurreikusten dena (oraindik datarik gabe).

 

Argazkiak: 'CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola'

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak