Zer da Irekia
Zer da Irekia?
Irekia EAEko Gobernu Irekia garatzeko enbrioia da. Gardentasuna, partaidetza eta lankidetza lortzeko tresna bat da, gobernantza oneko jardunbide bat. Herritarrek parte hartzeko leiho ireki bat dela esatea gustatzen zaigu.
Irekia herritarren eta Administrazioaren arteko zuzeneko komunikazio-kanal bat da, Internet bidezkoa; hizkera ez-administratiboa du eta Open Governmentaren hiru ardatz nagusietan oinarritzen da:
- Gardentasuna
Gobernuak herritarren eskura jartzen ditu gobernuaren jarduerari, ekitaldiei, erabakiei, planei eta asmoei buruzko informazioa eta datuak denbora errealean.
- Parte-hartzea
Gobernuak egiten dituen jarduerak, onartzen dituen legeak, dekretuak edo neurriak herritarrekin eztabaidatzen eta balioesten dira, eta haien iritziekin osatzen. Baina, era berean, interesdunek ere badute aukera beren proposamenak, ideiak edo kontsultak, mahaigaineratzeko, eztabaidatu eta aztertu daitezen.
- Elkarlana
Eusko Jaurlaritza elkarlanean aritzen da herritarrekin, enpresekin eta gainerako EAEko administrazioekin, tresna berritzaileak eta elkarlanean oinarritutako lan-metodo berriak eskaintzeko. Entzun egiten die eta elkarrekin egiten dute lan, gizarte konektatuago bat eraikitzeko.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren mendeko kanal honek koordinatzen du tresna. Baina Irekia Eusko Jaurlaritzan eta haren mendeko entitateetan ardura publikoak dituzten pertsona guztien lanaren isla bada. 2010eko urtarrilaren 25ean aurkeztu eta ireki zen ataria.
Nola funtzionatzen du Irekiak?
Gardentasuna
Irekiaren asmoa ez da albiste-atari bat izatea, baina gobernuari buruzko informazioa aurkituko duzu gunean; arrazoia: gardentasuna, hori baita gobernu ireki baten lehen zutabea. Eusko Jaurlaritzaren aktualitatea, ekitaldien agenda, ikus-entzunezko materiala eta hemeroteka hedatzen saiatzen gara, herritarrekiko harremana indartzeko asmoz; izan ere, webguneko albiste guztiak iruzkindu egin daitezke eta sare sozialen bidez zabaldu.
Parte-hartzea eta elkarlana
Irekiak parte hartzeko eta elkarlanerako bi gune ditu:
- Jaurlaritzaren proposamenak: herritarrek beren iruzkinak eta zalantzak adierazteko da Jaurlaritzako sailek herritarrek parte har dezaten argitaratzen dituzten proposamen, lege-aurreproiektu edo ekimenei.
- Herritarren proposamenak: gune horretan, erabiltzaileek beren proposamenak egin ditzakete bakoitzari interesatzen zaizkion gaiei buruz.
Irekiak sare sozialen bidez ere bultzatzen du herritarren parte-hartzea; izan ere, zeharkako gaiak eztabaidatzeko balio dute sare sozialek, eta erraztu egiten dute denek esku-hartzea, izan enpresak, izan beste instituzio batzuk, administrazioak, kolektiboak, etab.
Gaur egun, atariaren bidez jasotzen diren ekarpenak gaika bildu eta gaietako bakoitzean eskumena edo ardura daukan gobernuko langileari bideratzen zaizkio, egindako ekarpenen berri jaso eta Jaurlaritzak aprobetxatzeko moduko ideiak gobernuaren ekimen, neurri eta legegintza-proposamenak prestatzen, diseinatzen eta lantzen aritzen diren lantaldeen materialen parte izan daitezen. Helburua da herritarren ekarpen horiek, uneren batean, gobernuaren lege, plan, dekretu edo ekimenen parte izatea.
Zergatik sortu zen Irekia?
Gobernuak indartu egin nahi du Irekia, partaidetzara zabalik dagoen leihoa, herritarrek gauza asko izaten dituzte eta gobernuari esateko. Jaurlaritzak gobernu irekiaren printzipioak eta erronka hartu ditu bere gain. Erlazionatzeko modu bat da, herritarren eta Administrazioaren arteko komunikazio eta zuzeneko harremanetarako kanal batzuk ezartzen dituena, gaur egun Internetek eskaintzen dituen erabilgarritasun berriei esker.
Creative Commons By
Creative Commons By lizentzia aukeratu da gobernu irekiaren printzipio horri legezko estaldura emateko. Hala, espazio horretan sortzen den informazio, ikus-entzunezko eta multimedia material guztia izango dute herritarrek beren eskura, eta edozein helburutarako erabili ahal izango dute libreki, betiere iturria eta egilea aipatzen badituzte.
Sare sozialak eta jardueraren jarraipena
Gero eta gehiago erabiltzen dira sare sozialak gobernuaren jarduerari eta herritarrak kezkatzen dituzten gaiei buruzko iritziak eta iruzkinak plazaratzeko. Horregatik zabaltzen da Gobernuaren beraren jarduera ere —gobernuak bultzatzen dituen neurriak eta legeak, esate baterako— komunikabide sozial horien bidez.
Elkarrizketa
Jaurlaritzak sare sozialetan pizten diren solasaldiak ere jasotzen ditu, eta gobernuaren proposamenetan txertatzen ditu, aberasteko. Jaurlaritzarentzat garrantzitsua da herritarrek zer dioten jakitea, esaten duten lekuan esaten dutela, eta argi dago Jaurlaritzaren ekimenerako garrantzitsuak diren hamaika elkarrizketa sortzen direla sare sozialetan, bai eta beste blog, orrialde, foro eta hedabide batzuetan ere.
Open Data Irekia - Irekiaren iturburu-kodea
Hasiera-hasieratik, Irekia webguneak garatzen duen softwarea OpenIrekia izenarekin ematen da, eta herritarren, enpresen, erakundeen eta, jakina, beste instituzio eta administrazio publiko batzuen eskura jartzen da. Horrela, elkarlanean aritu, eta berrerabili egin daiteke libreki eta doan, horrelako proiektuak egin nahi dituzten administrazio publikoek diru publikoarekin inbertsio berririk egin ez dezaten Irekia bezalako guneak garatzeko.
Irekitzeko eta elkarlanean aritzeko konpromiso honi eutsiz, Eusko Jaurlaritzak eskura jartzen du esteka honen bidez: iturburu-kodea.
Open Data Euskadi
Gobernu Irekiaren politikaren barrua, Open Data Euskadi ekimena ere abiarazi zen. Eusko Jaurlaritzak bere esku dauden datu publikoak berrerabiltzeko moduan erakusteko hartutako konpromisoaren emaitza da Open Data Euskadi, hirugarrenek datu horietan oinarritutako zerbitzuak sor ditzaten.
Ondorioz, erakusten diren datu multzoak jabetza-lizentzia irekien bidez eskaintzen dira, berriz banatu, berrerabili eta helburu komertzialekin aprobetxatu ahal izateko. Esteka: www.opendata.euskadi.eus