NIK Patrika Digitala
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak osasun-arloko profesionalak egiten ari diren ahalegina eskertu du

2020-03-10

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du gaur Gobernu Kontseilu ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasuneko sailburuarekin batera.

Osasun sailburu Nekane Murga hedabideen aurrean agertu da, koronabirusak Euskadin izaten ari duen bilakaeraren berri emateko.Sailburuak eskerrak eman dizkie osasun-profesionalei koronabirusaren ondorioz sortzen ari den egoeraren aurrean egiten ari diren ahaleginagatik, eta, aldi berean, herritarrei dei egin die birus horren hedapenari eusteko ezarritako gomendioei jarrai diezaieten.

Bestalde, Gobernuak neurri soziosanitarioak hartzen jarraitzen duela azpimarratu du Gobernuko bozeramaileak, telelanaren ezarpena esaterako. Ildo horretan, Gobernuak duela hamarkada batetik lanean ari den telelana sistema bat duela argitu du, eta sistema horrek urtero deialdiak egiten dituela telelanean interesa duten pertsonen artean txandakatzea errazteko. Erkoreka sailburuak jakinarazi duenez, egungo deialdia ebatzi bitartean, oraingoa ekainera arte luzatzea erabaki dute. Halaber, Jaurlaritzak lanpostu estrategiko jakin batzuk telelanezko tresnekin hornitzeko beharra jasotzen duela adierazi du.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskadiko sektore publikoko informazioaren eta komunikazioaren teknologien kudeaketa-eredua arautzen duen dekretua onartu duela.Erkoreka sailburuak argitu du hura “Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien” gaian sektore publiko osoaren politika bateratua bultzatu eta arautzen duen arau berri bat dela. “Gure helburua da erakunde publiko guztientzako antolamendu-mekanismo koordinatu, eraginkor eta jasangarriak ezartzea: Eusko Jaurlaritza, erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, sozietate publikoak, fundazioak eta partzuergoak”, adierazi du.Bozeramailearen arabera, Dekretu hau indarrean sartzen den unetik, Jaurlaritzak bateratuta kudeatuko ditu autonomia-erkidego publikoan bat egiten duten IKT zerbitzu guztiak. Era horretan, Eusko Jaurlaritzak bermatu egingo du sareen eta sistemen arteko bateragarritasuna, komunikagarritasuna eta segurtasuna, baita informazio publikoaren integraltasuna, fidagarritasuna eta konfidentzialtasuna ere.

Halaber, bozeramaileak jakinarazi du urtebete baino lehen Eusko Jaurlaritzak “informazioaren eta komunikazioaren teknologia gaietako Plan Estrategikoa” onartuko duela. Bada, Plan horrek Eusko Jaurlaritzaren estrategia definituko du informazio-sistema, telefonia, sare- eta zerbitzu-azpiegitura edo komunikazioei buruz, baita komunikabide sozialetarako euskarri teknikoa ere. Josu Erkorekak azaldu du “IKTen Batzorde Estrategiko” bat sortzea ere agertzen dela testuan.

Bizikidetza eta Giza Eskubide Proiektuak

Bestetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Bizikidetza eta Giza Eskubide Proiektuetarako Laguntza Programa onartu duela, 1,1 milioi euroko programa bat, eta haren helburua da bizikidetzaren kultura, Giza Eskubideen errespetua, enpatia eta elkartasuna sustatzea, baita biktimak gizartera hurbiltzea ere, gune partekatuak sortzearen bidez. Josu Erkorekak adierazi duenez, tokikoak edo pribatuak diren irabazi asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak dira, Bizikidetza eta Giza Eskubideekin, biktimekin eta gizartearekin eta dibertsitate eta elkartasunarekin zerikusia duten programak egin edo jarduerak sustatu nahi dituztenak.

Jesus Maria Leizaola Saria

Halaber, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azaldu du Gobernu Kontseiluak Jesus Maria Leizaola Sarirako” beste deialdi bat onartu duela; Sari hori IVAPek antolatzen du Euskadiko autonomiaren banakotasunari buruzko ikerlan zientifikoak ezagutzera emateko. Erkoreka sailburuak nabarmendu du oraingoan, Gernikako Estatutuak 40 urte bete dituenez, IVAPek gogoeta bat proposatu duela, Euskadiko erakundeen finkapen eta garapenari buruzkoa, eta etorkizunean haiek garatzeko eredu, parametro eta proposamenen aurrerabideari buruzkoa.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)