Berriak Osasuna
qrcode

Ibarrara, Aiara eta Aiztondoko Mankomunitatera iritsi da Etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren eta gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programa

2025-05-05
  • Gaur goizean sinatu da ekimen hau martxan jartzeko akordioa hiru toki-erakundeetan. Dagoeneko 56 udalerrik hartzen dute parte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (GFEO) bultzatutako programan
  • Programak 160.000 euroko aurrekontua du 2025erako Gipuzkoan; farmaziek osasun-agente gisa duten zeregina sustatzen du, "zaintza farmakologikoko arreta aktiboa garatzen baitute, laguntza eskainiz, gainbegiratze pertsonalizatua eginez eta medikatzeko garaian gertatutako akatsak jakinaraziz", Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak adierazi duenez

Ibarrak, Aiak eta Aiztondoko Mankomunitateak akordioa sinatu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta GFEOk bultzatutako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren eta Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programara atxikitzeko.

Sinadura-ekitaldietan Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolaza, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko (GFEO) lehendakari Miguel Ángel Gastelurrutia eta Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitia (Aiztondoko Mankomunitatearen ordezkari gisa), Aiako alkate Jon Ander Azpiroz eta Ibarrako alkate Igor Zapirain izan dira.

Udalerri horiek eta mankomunitate hori gehituta, Gipuzkoako 56 udalerrik hartzen dute parte sendagaiak eskuratzeko eta sendagaien erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetzeko ekimen honetan. Horretarako, herri bakoitzeko farmaziek etxez etxeko laguntzailearekin edo zaintzaile nagusiarekin elkarlanean jarduten dute sendagaiak eskuratu, kontserbatu eta ematearekin zerikusia duten alderdietan. Gipuzkoako farmazien % 96 programan parte hartzeko akreditatuta dago.

Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazaren hitzetan, horrelako programek tratamendu farmakologikoan segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzen laguntzen dute pazienteen, haien senideen eta zaintzaileen mesedetan, "haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetuz". Ildo horretan, Iñaki Betolazak nabarmendu du ekimen honen helburua dela pertsona sistemaren ardatz nagusi bihurtzea, gero eta zaharragoa den, gaixotasun kroniko gehiago dituen eta mendekotasun-maila handiagoa duen gizarte baten beharrei eta problematikei erantzuteko.

Gainera, programa honek —160.000 euroko aurrekontua du 2025erako Gipuzkoan— farmaziek osasun-agente gisa duten zeregina sustatzen du, "zaintza farmakologikoko arreta aktiboa garatzen baitute, laguntza eskainiz, gainbegiratze pertsonalizatua eginez eta medikatzeko garaian gertatutako akatsak jakinaraziz", Farmaziako zuzendariak adierazi duenez.

Aiztondoko Mankomunitatearen izenean —Gipuzkoako Zizurkil, Aduna, Alkiza eta Larraul udalerriak barne hartzen ditu—, Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitiak azpimarratu du mankomunitateak bat egiten duela programarekin, "gure inguruko pertsona ahulenek arreta egokia, segurua eta gertukoa jasotzeko". Farmazien, gizarte-zerbitzuen eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren arteko lankidetzari esker, sendagaien erabilera egokia bermatzen da, eta horrek eragin zuzena du herritarren osasunean eta bizi-kalitatean".

Irazabalbeitiak azpimarratu duenez, "guretzat lehentasunezkoa da arreta soziosanitarioa indartzea, eta, bide horretan, erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da. Oso pozik gaude Aiztondo eskualdeko bizilagunek ere ekimen baliotsu honetaz baliatzeko aukera izango dutelako".

Bestalde, Aiako alkate Jon Ander Azpirozek azpimarratu duenez, "udalerriaren zerbitzuak bermatzeko eta hobetzeko lan egiteko konpromisoa hartu genuen, eta akordio honen sinadura estrategia horretan kokatzen da. Landako herri txiki bat garen aldetik, Aian farmazia-zerbitzua ezinbestekoa da bizi-kalitate ona izateko, eta, hala, herritarren eskura zerbitzu egokiak jartzea herri "bizia" lortzeko funtsezko urratsetako bat da. Horregatik, zerbitzu hori jartzeaz gain, hobetzen jarraitzeko konpromisoa dugu, eta horretarako, beste erakunde batzuekin lan egingo dugu eta koordinatuko gara beharrezkoa den guztian", esan du.

Programaren funtzionamendua

Ekimenaren funtzionamenduari dagokionez, udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak programan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen ditu, eta pertsona horiek, programan sartu aurretik, baimena eman behar dute. Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du eta elkarrizketa bat egiten zaio. Elkarrizketa horretan oinarrituta, fitxa bat betetzen da hartzen duen medikazioari eta osasun-arazoei buruzko informazioarekin. Ondoren, hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak dosifikazio pertsonalizatuetan banatuta prestatzen eta entregatzen ditu botikak.

Horretarako, dosifikazio-sistema pertsonalizatuak (DSP) erabiltzen dira. Horietan, pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituen pilulak jartzen dira, dosia behar bezala hartzeko behar den informazioarekin batera.

Dagoeneko 600 gipuzkoar baino gehiagok erabiltzen dute zerbitzu hori.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak