Berriak Osasuna
Eu

Azkoitiak bat egin du Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin

2018.eko martxoak 22

145 euskal udalerri (horietatik 36 Gipuzkoakoak) dira dagoeneko programa horretan parte hartzen dutenak. Helburua da sendagaien erabilera eta tratamenduarekiko atxikipena hobetzea, udalerrietako etxez etxeko laguntza-zerbitzua erabiltzen duten pertsonen artean.

Kalkulatzen da gaitz kronikoak dituzten adinekoen % 50-60ak ez duela tratamendua behar bezala betetzen.

 

Eusko Jaurlaritzaren farmazia-zuzendari Iñaki Betolazak, Azkoitiko alkate Javier Zubizarretak eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Angel Garayk akordio bat sinatu dute gaur goizean Azkoitiko udaletxean, eta, horren bidez, gipuzkoar udalerriak bat egingo du Etxez etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen artean sendagaien erabilera hobetzeko programarekin.

Gipuzkoan, 36 udalerri daude programaren barruan, eta 261 farmazia egiaztatu daude lurraldean (guztizkoaren % 91).  Euskadin, 145 udalerrik eta 329 farmaziak parte hartzen dute egitasmoan, eta 800 paziente ingururi laguntzen diete.

Mota horretako programak oso garrantzitsuak dira tratamendu farmakologikoen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, pazienteen eta haien senideen mesederako dena. Izan ere, kalkulatzen da gaitz kronikoak dituzten adinekoen % 50-60ak ez diola tratamenduari egokiro jarraitzen.

Horregatik, Azkoitiak gaur ezarri duen programaren xedea da sendagaiak eskuratzea errazagoa izatea eta tratamendua zuzen betetzen dela ziurtatzea. Halaber, farmaziek etxez etxeko laguntzailea eta/edo zaintzailea eskainiko dute sendagaiak erosi, kontserbatu eta administratzearekin lotutako alderdi guztietarako.

 

Funtzionamendua

Udaletako Gizarte Zerbitzuen zuzendaritzak aukeratzen du nork parte hartuko duen, eta erabiltzaileek baimena eman behar dute, programan sartu aurretik.  Ondoren, erabiltzaileak farmazia bat hautatzen du, eta elkarrizketa egiten zaio, hartzen dituen sendagaiei eta dituen osasun-arazoei buruzko informazio guztia biltzeko. Hamabost egunez behin edo astean behin, farmazialariak sendagaiak dosi pertsonalizatuetan prestatzen ditu, eta erabiltzaileari eman.

Programak dosifikazio-sistema pertsonalizatuak erabiltzen ditu, pazienteak egunaren une bakoitzean hartu behar dituen konprimatuak eta dosia zuzen hartzeko behar den informazioa jasotzeko.

 

145 eta 712 farmazia egiaztatu EAEn

Gipuzkoan, behin Azkoitiak bat eginda, programaren barruan 36 udalerri egongo dira guztira, eta 261 farmazia egiaztatu lurraldean (guztizkoaren % 91). Farmazia horietatik, 119k 320 gipuzkoarrentzako sendagaiak prestatzen dituzte. Gipuzkoako lurraldean, egitasmoak 155.000 €-ko aurrekontua dauka 2018rako.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 145 udalerrik bat egin dute jada, eta 712 farmazia daude egiaztatuta; horietatik, 329 farmaziek pazienteak dituzte. Gaur egun, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko 800 erabiltzaile baino gehiago baliatzen dira sendagaien erabilera hobetzeko programaz, eta 352.200 €-ko aurrekontua izango du 2018rako.

 

Azkoitian, 2018ko martxoak 22

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau