
Emakundek emakume eta gizonen denboraren erabileran oreka lortu behar dela azpimarratuko du martxoaren 8an
Emakundek martxan jarriko duen kanpainaren leloa "Ordu asko eta denbora gutxi" da.
Emakundeko zuzendariak, Maria Silvestrek, azpimarratu du gizarte osoaren elkarlana beharrezkoa dela eta lanerako dugun denboraren arteko oreka lortzeko, eta emakume eta gizonek egiten duten denboraren erabilera ezberdinak berdintasunean "ondorio zuzenak "dituela.
Emakundeko zuzendariak eta idazkari nagusiak, María Silvestrek eta Arantxa Elizondok hurrenez hurren, Emakundek datorren martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, egingo duen kanpainaren berri eman dute gaur goizean. Kanpainaren leloa "Ordu asko eta denbora gutxi" da eta bere mezua da gizarte osoaren elkarlana beharrezkoa dela gure buruarentzat, lagunentzat, familiarentzat eta lanerako dugun denboraren arteko oreka lortzeko. Honekin batera, gogoratzen du emakume eta gizonek egiten duten denboraren erabilera ezberdinak berdintasunean ondorio zuzenak dituela.
Emakundeko zuzendariaren iritziz, "gure buruarentzat, lagunentzat, familiarentzat eta lanerako dugun denboraren artean dagoen desorekak gizartearen eskaera bat sortarazi du" lan orduak beste modu batera antolatzearen alde, eta baita zerbitzu komunitarioen sorkuntza edo egokitzapenaren alde, bizitzaren arlo guztietara heldu ahal izateko. Horregatik sortu du kanpaina hau, hain zuzen ere: azpimarratzeko gizarte osoaren elkarlana beharrezkoa dela emakume eta gizonek eremu publiko eta pribatuan egiten dituzten erabilera ezberdinen artean oreka lortzeko.
Deboraren erabilerari buruzko datuak
EUSTATek dituen denboraren erabileraren azken datuen arabera (2008), emakumeek etxeko lanetan 3 ordu eta 33 minutu erabiltzen dituzte bataz beste. Gizonekin konparatuta, emakumeek egunero 2 ordu eta 4 minutu gehiago erabiltzen dituzte etxeko lanetan. Azken urteotan askorik aldatu ez den datua, kontuan izanda 2003an emakumeek gizonek baino 2 ordu eta 6 minutu gehiago erabiltzen zituztela eremu pribatuko lan hauetarako. Pertsonen zaintzari dagokionez, pertsona helduak zein umeak, emakumeek 2 ordu eta 18 minutu erabiltzen dituzte honetan, eta gizonek ordu bete era 41 minutu.
EUSTATen datuen arabera, lan ordaindua duenn biztanleriaren lan-orduek 12 minutuko igoera izan dute azken bost urteetan. Bestetik, asteburuan lan egiten duten pertsonen kopurua ere igo da, 37 minutu gehiago emakumeen kasuan eta 31 gizonen kasuan.
Kanpainaren datuak
Eskuetan erlojua duen emakume bat da kanpainaren irudi nagusia eta leloa "Ordu asko eta denbora gutxi". Kanpainaren kartelak erakusten duen testu osoa hau da: Ordu asko beharrean, etxeko lanetan, zaintza-lanetan...eta denbora gutxi gizarte eta kultur jarduetarako, aisialdirako... Zentzuz eta berdintasunez banatu dezagun gure buruarentzat, lagunentzat, familiarentzat eta lanerako dugun denbora."
Kanpaina martxoaren 2an abiatuko da autobus, metro eta tranbien geltokietako iragarkiekin. Bestetik, bost mila kartel inguru bidaliko dira erakunde publikoetara, elkarteetara, ikastetxeetara, sindikatuetara, kultur etxeetara, osasun zentroetara, komunikabideetara eta beste hainbat entitate eta giza eragileen egoitzetara. Martxoaren 8an bertan EAEko egunkarietan argitaratuko da kartela eta irratien bidez ere zabalduko da kanpaina.
-
2016-03-12
Comentario de Twitter:
Emakundek emakume eta gizonen denboraren erabileran oreka lortu behar dela azpimarratuko du martxoaren 8an https://t.co/jNcWTYxfQZ