http://www.irekia.euskadi.eus/eu/pages/2902

Irekia

Zer da Irekia

Zer da Irekia?

Euskadiko gobernu irekiaren ernamuina da Irekia, gardentasuna, partehartzea eta lankidetza ekarriko dituen aginte-moduaren garatzeko tresna baliagarria.
Herritarren eta administrazioaren arteko komunikazioa bideratzeko Interneteko zuzeneko zubia da Irekia. Hizkera soila darabil, administrazio kutsurik gabekoa, eta Open Government delakoaren hiru erro nagusietan oinarritzen da:
- Gardentasuna

Gobernuak unean bertan ematen die herritarrei bere jardunari buruzko informazioa: erabakiak, planak, asmoak...
- Partehartzea

Gobernuak xedatzen dituen legeak, dekretuak, neurriak edo erabakiak herritarren ekarpenekin osatu eta hobetzen dira. Baina inork bere gisan ezer proposatu, azaldu edo ideiak eman nahi izanez gero, horretarako aukera ere ematen du atari honek.
- Lankidetza

Eusko Jaurlaritzak elkar hartuta egiten du lan herritarrekin, enpresekin eta Euskadiko gainerako administrazioekin, lanerako erreminta berritzaileak eta elkarlanean oinarritutako lan-metodo berriak denen eskura jarriz. Buru-belarri entzuten diete, benetan elkar hartuta joateko gizarte konektatuagoa lortzeko bidean.

Gobernu Irekia zuzendaritzari dagokio erreminta hori burutu, koordinatu eta diseinatzea. Halere, Eusko Jaurlaritzan nahiz bere mendeko erakundeetan arduraren bat daukaten guztien lanaren emaitza da. Ataria 2010eko urtarrilaren 25ean aurkeztu eta jarri zen denen eskura.

Nola funtzionatzen du Irekiak?

Gardentasuna

Gardentasuna da informazio-gune honen muina, hori da Irekiaren iturburua. Eusko Jaurlaritzaren eguneroko gorabehera guztiak biltzen ditu: ekitaldien agenda, ikus-entzunezko materiala, hemeroteka...herritarrekiko lotura sendotzeko asmoz. Web atariko berri guztietan eman daiteke iritzia, eta sare sozialen bitartez zabaltzeko aukera ere badago.

Partehartzea eta elkarlana

Parte hartzeko eta elkarrekin aritzeko bi bide ematen ditu Irekiak:

- Gobernuaren proposamenak: Herritarrek, komentarioak ez ezik, gobernuko edozein sail, erakunde eta gobernuaren mendeko organismo nahiz sozietate publikoetako proposamen, lege-egitasmo, dekretu edo ekimenei buruzko ekarpenak egiteko moduan diseinatuta dago ataria; herritarren iritziaren berri jakiteko da bide hau.
- Herritarren proposamenak: erabiltzaileek berek nahi duten proposamenak agertzeko bidea da; edozein konturi buruzko ekarpenak egin ditzake jendeak hemen.

Web-az aparteko beste sare sozialak ere lantzen ditu Irekiak herritarren partehartzearen bila; zeharkako gaiei buruzko eztabaida pizteko eta denak elkarrengana biltzeko, direla enpresak, bestelako erakundeak, administrazioak, elkarteak eta abar...

Gaur egun, atariaren bidez jasotzen diren ekarpenak gaika bildu eta gaietako bakoitzean eskumena edo ardura daukan gobernuko langileari bideratzen zaizkio, zuzenean jotzeko horretaz hitz egiteko pertsona egokiarengana.

Gobernuak erabiltzeko moduko ideiak gobernuaren lege, neurri eta dekretuak prestatzen lan egiten duten lan-taldeetara bideratzen dira. Izan ere, herritarren ekarpenak egunen batean gobernuaren lege, plan, dekretu edo ekimenen parte izatea da atariaren helburu gakoa.

Zergatik sortu zen Irekia?

Herritarrekiko hurbiltasun eta hizketa eskasa da administrazio publikoaren arazo nagusietakoa. Orain artean, lau urtez behin botoa emateko eskubidea burutzea, horixe izan da herritarren eta administrazioaren arteko harremana.

Baina herritarrek badute zer esan gobernuari legegintzaldiko gainerako denbora guztian ere. Eta horratx ba Open Government delakoaren premia: herritarren eta administrazioaren artean zuzeneko komunikazio-kanal eta kontaktu-bideak irekitzen dituen harreman modu berria, gaur egun Internetek eskaintzen dituen baliabide berriei esker datorrena.
Creative Commons By

Creative Commons by lizentzia aukeratu du gobernuak printzipio berri honi legezko oinarria emateko. Espazio honetan sortzen den informazio, ikus-entzunezko material, multimedia eta bestelako guztia herritarren eskura jarriko du, nahi bezala erabiltzeko, bikoizteko edo banatzeko, inongo mugarik gabe eta kosturik gabe.
Sare sozialak

Sare sozialetan pizten dira gehien gobernuaren jardunari buruzko eztabaidak. Horregatik nahi dugu exekutiboaren jardunari buruzko informazioa ahal den gehien zabaldu, bai gobernuak berak sortzen duen informazioa bai gobernuak bultzatzen dituen neurri edo legeei buruzkoa, herritarren iritziak eta ekarpenak biltzeko.

Gogoz entzun

Gobernua ez dago sare sozialetako iritziei eta hizketei bizkarra emanda; alderantziz, kontuan hartzen ditu, arauak eta legeak prestatzeko prozesu nahiz eztabaidetan. Gogoz entzuteko gaude hemen: herritarrek esandakoa kontuan hartu nahian sortutako lanabesa da Gogoz entzutea. Berdin dio non esaten den, eta sare sozialetan esaten baditu jendeak gauzak, bada haraxe jo beharko du gobernuak bere lanerako garrantzitsu dituen kontuak biltzeko, bai eta beste edozein blog, orri, foro eta bitartekotara ere. Herritarrek hitz egiten duten plaza guztietan egon behar du gobernuak, dena entzun eta dena ikusi, herritarren premiak eta iritziak benetan biltzeko.

Open Data Irekia - Irekiaren iturburu-kodea

2010eko abenduaren 16tik aurrera, Irekia web-a garatzeko erabili izan den softwarea librea da: OpenIrekia da orain eta herritar, enpresa, erakunde eta, jakina, gainerako erakunde eta herri-administrazio guzti-guztien eskura dago iturburu-kodea. Horri esker, nahi bezala eta doan erabili dezake beste edozein administraziok kodea, honelako proiekturen bat egin nahi izanez gero, diru publikoa inbertitzen ibili beharrik izan ez dezan; alderantziz, Irekiak inbertsio publikoz zabaldutako bidea erabil dezan.

Besteengana zabaltzeko eta elkarrekin aritzeko konpromiso horren gidaritzapean, nahi duen herri-administrazio ororen esku lagako du kodea Eusko Jaurlaritzak, Irekia erraz eta doan ezartzeko: iturburu-kodea

Open Data Euskadi

Gobernu Irekiaren politikaren bidetik, Open Data Euskadi ekimena ere abiarazi zuen gobernuak, bere esku dituen datu publikoak besteren esku lagatzeko konpromisoa bete nahian; hala, hortik eratorritako zerbitzuak sortzeko aukera izan dezan edonork.

Horren ondorioz, bada, datu-multzoak jabetza-lizentzia irekien bitartez jartzen dira edonoren esku, hau da, nahi bezala banatu, erabili eta komertzialki probesteko. Jo esteka honetara: www.opendata.euskadi.eus