Jaurlaritzaren Etxegintzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategian martxan jarri diren Paslink zelula berriak aurkeztu ditu Arriola Sailburuak
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, "Eraikuntzako elementuen energia-efizientzia eta karakterizazio termikoa" izeneko hedapen teknikoko jardunaldia inauguratu du. Eraikingintzaren Kalitate-kontrolerako Eusko Jaurlaritzaren Laborategiak antolatu du Paslink entsegu-zelulak aurkezteko.
Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak abiarazitako politikaren barruan dago eraikuntza-soluzio berrien garapena eta arlo horretan berrikuntza sustatzea, eraginkortasun energetikoa eta etxebizitza eta eraikinen bizi-egokitasuna hobetzeko, hain zuzen.
Jardunaldi horretan PASLINK entsegu-zelulak aurkeztu dira eta Europako araudiak betetzeko ematen dituzten aukerak ere. Entsegu-zelula horiek Eraikingintzaren Kalitate-kontrolerako Laborategiaren Arlo Termikoak landu ditu, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako hitzarmenari esker, eta 2010eko urria geroztik Red Europea INIVE eta Dynastee sareko kide dira.
Red Europea Dynastee delakoak laguntza teknikoa eskaintzen du Eraikinen Eraginkortasun Energetikoari buruzko Europako Zuzentarauak ezarritako helburuak lortu ahal izateko.
Eraikingintzan erabilitako materialak eta eraikuntza-soluzioak baldintza errealetan, hau da, kanpoaldean ikertzeko prozedura estandarizatu aurreratua dira PASLINK entsegu-zelulak. Espainian aitzindaria den prozedura horrek bero-galerak gutxitzea eta intsonorizazio-baldintza ahalik eta hoberenak lortzea du helburu.
Jardunaldietan, proiektuko aholkulari izan den Hans Bloem Europako komisarioak ere parte hartu du.