
Iñigo Urkullu Lehendakariaren adierazpena José Antonio Ardanza Lehendakariaren heriotzagatik
Apirilaren 8an, 82 urterekin hil zen
José Antonio Ardanza Garro Lehendakaria.
Hori dela eta, Iñigo Urkullu Lehendakariak
adierazpen bat egin du.
Lehendakariak agur bero bat eta dolumina
helarazi nahi izan die Ardanza Lehendakariaren familiari,
lantaldeei eta lagunei Eusko Jaurlaritzaren
eta Euskadiko erakunde guztien izenean.
Baita gogorarazi du Ardanza Lehendakariak
egindako lan garrantzitsua euskal gizarteagatik,
Euskadigatik eta autogobernuaren alde.
Eredu eta erreferente izan zen euskal gizartearentzat
bai Lehendakari gisa, bai pertsona gisa,
lan egin zuen euskal erakunde bakoitzean
egindako guztiagatik eta partekatu zuen guztiagatik.
José Antonio Ardanza Lehendakariaren ibildidea
Ardanza Lehendakaria Elorrion jaio zen, 1941ean
Frankoren diktadurapean.
Garain hartan, Elorrion eta Euskadiko gainerako herrietan
gerra zibilaren ondorio ekonomikoak,
sozialak eta politikoak jasan izan zituzten.
Horrek markatu zuen Ardanzaren
eta Euskadiko demokraziaren eta askatasunaren alde
borrokatu zuten pertsonen belaunaldi oso baten
gazte-denbora.
Horregatik, gaztea zenetik
Euzko Gaztedi Indarraren (EGI) kide izan zen,
Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) gazte erakundea.
Gazte-gaztetatik, lan egin zuen ere
Euskadiko kooperatiben eta enpresen gaian.
Pixka bat beranduago hasi zuen karrera politikoa
Euzko Alderdi Jeltzalean:
- Arrasateko alkatea izan zen, 1979tik 1983ra.
- Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan zen, 1983tik 1985era.
- Euskadiko Lehendakaria izan zen, 1985etik 1999ra.
1985ko urtarrilaren 26an
Lehendakari karguaren zina egin zuen
Gernikako arbolaren aurrean.
Eta Agirre Lehendakariaren hitz berak erabili zituen:
“Jaungoikuaren aurrean apalik,
Euzko-lur ganian zutunik, asabearen gomutaz,
Gernika'ko zuaizpian nere aginduba ondo betetzia Zin dagit”.
Garai hartako euskararekin hau esan zuen:
"Jaungoikoaren aurrean umil, euskal lurraren gainean zutik,
arbasoen oroimenez, Gernikako Arbolaren azpian
zin dagit ondo beteko dudala nire agindua".
Lehendakari gisa aritu zen 14 urteetan,
euskal autogobernua sortzeko eta sendotzeko
lan egin zuen.
Urkulluk adierazpenean aipatu ditu
Ardanza Lehendakariak egin zituen
eta bere nortasuna nolakoa zen erakusten duten
3 gauza garrantzitsuenak:
- Euskadiren suspertze ekonomikoa bultzatu zuen
krisialdi handi batean.
Bere gobernuetan zehar gizarte-neurri aitzindariak
jarri ziren martxan euskal gizartearen batasuna ziurtatzeko.
Gaur egun, neurri horiek gure bizitzaren parte dira.
- Beti bakearen eta bizikidetzaren alde borrokatu zuen.
Elkarrizketa bultzatu eta pertsonen duintasunadefendatu zuen.
Beti egon zen indarkeriaren eta terrorismoaren aurka
eta horrela helarazten zuen gai horretan
euskal gizarteak bizi izan zituen urte zailenetan.
- Akordioak lortzeko gaitasuna.
Bere pazientziari eta ekinari esker lortu zituen
beharrezkoak ziren akordio sozialak eta politikoak.
Horretarako, bere balioak eta lan egiten zuen erakundeenak
jarraitzen zituen beti.
Amaitzeko, Urkulluk esan du Ardanza Lehendakaria
erreferente politiko oso garrantzitsua izan zela Euskadin.
Izan ere, beti defendatu zituen giza eskubideak,
aniztasuna eta elkarbizitza demokrazian.
Gainera, Ardanza Lehendakariak egindako guztia
euskal herriarekiko konpromisuaren adibide bat da,
politikan lan egiten duten guztientzat.
Ardanza Lehendakaria gogoratzean,
hitz bakarra datorkigu burura: errespetua.
Ardanza Lehendakaria, goian bego.


