
Euskal Autonomia Erkidegoko 6 proiektu aurkeztu dira Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 19. Astera
Bilbon, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren 19. Astea egingo da,
azaroaren 4tik 10era bitartean.
Azaroaren 4an hasiko da, Global Innovation Day egunarekin.
Berrikuntzaren Munduko Eguna esan nahi du horrek ingelesez,
eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du.
Global Innovation Day egunean, Iñigo Urkullu lehendakaria
eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko kideak egon ziren.
50 proiektuk baino gehiagok hartuko dute parte
Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren aste honetan.
Horietatik 6 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira, eta berrikuntza disruptiboko
proiektuak dira.
Berrikuntza disruptiboari esker, merkeago sortzen dira produktu edo zerbitzu berriak,
eta errazago erabil daitezke.
Gainera, hauek dira produktu edo zerbitzu horien ezaugarriak:
- bezero berrientzat dira.
- normalean horrelako produktuak egiten ez dituzten
enpresa edo erakundeek sortzen dituzte.
Manuel Salaverria Innobasqueko presidenteak azaldu zuen
berrikuntza disruptiboak lehiakortasuna hobetzen laguntzen duela,
hau da, beste enpresa batzuena baino hobea den produktu edo zerbitzu bat eskaintzen
duela.
Hauek dira Euskal Autonomia Erkidegoko 6 proiektuak:
- Asimob: adimen artifiziala erabiltzen du
istripu gutxiago egon dadin errepideetan.
- Biotech Foods: laborategian sortzen dute okela,
animaliarik ez hiltzeko eta klima-aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko.
- Graphenea: grafenoa ekoizten dute, eta gehiago erabil dadin dabiltza lanean.
Gauza asko egiteko erabil daiteke grafenoa,
adibidez energia elektrikoa sortzeko eguzkiaren energia erabiliz.
- Naiz Fit: mugikorrerako aplikazio bat da, pertsonek aukera izan dezaten
duten gorputzaren arabera arropa nola geratuko zaien ikusteko.
- Polimerbio: material biodegradagarriak erabiltzen ditu
pertsonen bizimodua hobetzen laguntzeko.
Adibidez: horrelako materialak ipintzen dira gorputzean
ebakuntza gutxiago egin behar izateko.
- The Art of Discovery: adimen artifiziala erabiltzen du
medikamentu berriak aurkitzeko, esaterako:- zahartzaroa baretzeko
- gaixotasun katastrofikoak geldiarazteko,
hau da, pertsona asko gaixotzen edo hiltzen dituzten gaixotasunak.
Esaterako minbizia edo malaria.
Adimen artifiziala
Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko irakasleak diren
Concha Bielzak eta Pedro Larrañagak ere
hartu zuten parte Global Innovation Day egunean.
Adimen artifizialari buruz hitz egin zuten,
eta berrikuntza disruptiboetan nola laguntzen duten azaldu zuten.
Gai hauek landu zituzten:
- Adimen artifizialaren iragana, orainaldia eta etorkizuna.
- Euskadiko RIS3 estrategiaren barruan
gai hauen inguruan arrakasta izan duten adibideak:
biozientziak, energia, elikadura,
sormen- eta kultura-arloko industriak…
- nola erabili adimen artifiziala
eguneroko gauzetan etikoki