Herritarren eskaerak Mugikortasun Jasangarria
qrcode

Euskotreneko maiztasuna handitu asteburuetan

2026-09-21
100 %alde
2 boto (2/0)
Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.

Orain dala urte bat idatzi neutsuen gai honi buruz eskaera bat egiteko, eta hondino ez dot erantzunik euki, beraz barriro idaztea erabagi dot galdetzeko ea posible dan neguko ordutegian Euskotrenaren maiztasuna handitzea.

Azken urteotan bidaiari kopurua bi aldiz baino gehiago bidertu da: 15.500.326 bidaiaritik 2016an, 34.238.000 bidaiarira 2025ean, hau dana hobekuntzei esker, baina maiztasunak mantentzen dira bardin asteburuetan.

Trenek linea guztietan jente gehiago eroaten dabez, eta nahikotxo nabaritzen da. Horregaitik, barriro eskatzen deutsuet ikertzea asteburuetan maiztasuna handitzea Bilbotik Eibarreraino (edo behintzat Trañaraino), eta Bilbotik Bermeora 30 minuturik behin trenak jartzen eta ez orduro, gaur egun dagoan moduan. Eskaera hau barriro egiteko, oinarritzen naz Bizkaibuseko zerbitzuan egindako aldaketetan. 2025eko urriaren 4tik aurrera, zapatuetan, Bilbotik Gernikara bizkaibuseko maiztasuna handitu zan, eta 30 minuturik behinetik 20 minuturik behinera aldatu zan. Bestalde, zapatuetan be, Bizkaibusek, orduro, A-3933 linea (Bilbo-Durango autopistatik) zerbitzuan jarri eban.

Aldaketa bi honeek erakusten dabe eskaera dagoala jentearen aldetik eta bidaiari kopurua handitu dala. Beraz, ez dot ulertzen zergaitik jartzen diran martxan autobus gehiago konpetentzia zuzena egiten trenari, eta ez dira lehenago tren maiztasun gehiago jartzen, Bizkaibusegaz koordinatuta asteburuetan, busak errepideetara atera baino lehen. Ez dogu nahi negutegi efektuko gasak murriztu?, ez dogu nahi trafiko gitxiago euki uri ezbardinetan eta errepidetan?. Hau kontraesan hutsa da. trena askoz ekologikoagoa da eta jente askoz gehiago mobidu ahal dau. Gainera, puntualagoa da, eta elektrikoa danez bere negutegi efektuko gasen igorpenak 0 dira, elektrizidadea lortzeko zatia kenduta.

Badakit Bizkaibuseko zerbitzua Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan dagoala, eta eurek erabakitzen dabe zer egin, baina emoten dau gauza honeetan ez dagoala inongo dialogorik Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien artean. Garraio publikoa ukuspuntu global batetik hartu behar da, eta nire ustez, logika gehiago dauka trena ahalik eta gehien hobetzea eta maiztasun handien jartzea busak errepidetara atara baino, ze zapatuetan Gernikatik Bilbora emon ahal da 15 minuturik behineko maiztasun bat jartzen trena 30 minuturik behin eta tren bi horren bitartean autobusak jarri 30 minuturik behin adibidez: 00etan autobusa, eta 15ean tren bat, 30ean busa eta 45ean trena, eta horregaz eskaera betetzen da, eta ez da beharrezkoa busak jartzea 20 minuturik behin zapatuetan. Durangoko kasuan zeozer antzekoa be egin ahal da eta trena izatea be 30 minuturik behin zapatuetan, gainera zati horretan trenbidea bikoiztuta dago.

Orain arte, nik bakarrik berba egin dot Bizkaiari buruz, baina agian Gipuzkoan be, (Zumaiatik Donostiraino) maiztasuna asteburuetan neguan be handitu ahal da, ze zati horretan be bidaiari kopuruak nahikotxo igon dau, batez be Zarautzetik.

Badakit aldaketa sakon bat emoten dabilala Euskotrenen. Altza-Galtzaraborda bikoizketa zabaldu da, eta laster Donostiko pasantea, Altzolako saihesbidea edo Itziarreko gurutzamendua zabalduko dira. Gainera, beste proiektu batzuk mahaian gainean dagoz: Aginagako tunelaren lanak (Kostaldeko linean), Zugaztietako bikoizketa, Murueta-Itsasbegi bikoizketa (Urdaibaiko linean), Oiartzunetik Gaintxurizketaraino bikoizketa Topon edo Iruneko integrazinoa. Baina, ez da posible jada maiztasun batzuk handitzea hau dana zabaldu baino lehen jakinda bidaiarien hainbeste igon dauala? Ez da posible maiztasunak handitzea jakinda eskaria bikoiztu egin dala zati askotan?.

Amaitzeko esatea petrolioa gero eta garestiago dagoala eta honegaz batera trafikoa murriztuko da, ze kotxez joatea oso karua bihurtuko dalako, beraz Garraio publikoa gero eta gehiago erabiltzen da eta erabiliko da

Espero dot eskaera hau kontuan hartuta izatea.

Mila esker zuen arretagaitik

Aldeko argudioak
  • Euskotren aspalditik ahaztu zitzaion Bizkaia, 2019an Atxuriko geltokia itxi zutenetik.
    2026-09-22
  • Zerk handitzen du Bizkaibuseko autobusen maiztasuna asteburuetan trenik ez duten herrietan eta baita "Cercanías Renfe Bilbao C3" linean ere, non autobusak ez diren iristen.
    MI
    2026-09-21
Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Kontrako argudioak
Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Iruzkin bat
  • Mugikortasun Jasangarria
    2026-09-29

    Egun on
    Eskerrik asko berriro gurekin harremanetan jartzeagatik eta zure proposamena hain zehatz azaltzeagatik.
    Azken urteotan Euskotrenen bidaiari kopuruak izan duen hazkundea oso esanguratsua izan da, eta zerbitzuaren eskaintza planifikatzerakoan kontuan hartzen den faktore nagusietako bat da. Euskotrenek etengabe aztertzen ditu linea bakoitzeko eskaria, bidaiarien bilakaera eta egun eta ordutegi desberdinetako erabilera, maiztasunak eta zerbitzuak behar berrietara egokitzeko.
    Maiztasunak handitzeko orduan, ordea, eskariaz gain beste hainbat elementu ere hartu behar dira kontuan: trenbide azpiegituraren ahalmena, tarte bakoitzean dauden bide bakarreko edo bide bikoitzeko zatiak, gurutzaketak, material mugikorra eta zerbitzu osoaren antolaketa, besteak beste. Horregatik dira garrantzitsuak aipatzen dituzun azpiegitura-lanak ere, sarearen ahalmena handitzeko eta etorkizunean zerbitzu gehiago eskaintzeko aukera emango baitute.
    Horrek ez du esan nahi hobekuntza guztiak obra horiek amaitu arte itxaron behar direnik. Eskariaren bilakaerak eta sarearen aukerek ahalbidetzen dutenean, zerbitzua ere egokitzen da. 2026ko neguko ordutegian, esaterako, asteburuetako eskaintza handitu da Amara, Errenteria eta Oiartzun artean, Altza-Galtzaraborda tarte berriak eskaintzen dituen aukerak baliatuz.
    Zure eskaeran aipatzen dituzun Bilbo-Eibar edo Traña, Bilbo-Bermeo eta Zumaia-Donostia arteko asteburuko maiztasunak ere zerbitzuaren etorkizuneko plangintzan aztertu beharreko proposamenak dira, bidaiari kopuruaren bilakaerarekin eta sarearen ahalmenarekin batera.
    Bestalde, bat gatoz garraio publikoa ikuspegi global batetik aztertzearen garrantziarekin. Trenaren eta autobusaren eskaintzak elkarren osagarri izan behar du, eta administrazioen arteko koordinazioa beharrezkoa da herritarrei ahalik eta aukera erakargarriena eta eraginkorrena eskaintzeko.
    Beraz, helarazi dituzun proposamen zehatzak kontuan hartuko ditugu Euskotrenen eskaintzaren bilakaera aztertzerakoan.
    Mila esker berriro zure ekarpenagatik eta garraio publikoa hobetzeko proposamenak gurekin partekatzeagatik.
    Agur bero bat.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan