Europako munta txikiko prozesua eta Europako prozesu monitoriorako formularioak euskaraz
Jaun-andre agurgarri horiek:
Europako munta txikiko prozesua eta Europako prozesu monitorioa, 2007ko uztailaren 11ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 861/2007 (EB) Erregelamenduan eta 2006ko abenduaren 12ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1896/2006 (EB) Erregelamenduan arauturik daude, hurrenez hurren. Prozedura biak, besteak beste, e-justice.europa.eu atarian eskura dauden formularioen (https://e-justice.europa.eu/42/ES/small_claims eta https://e-justice.europa.eu/41/ES/european_payment_order) bidez izapidetzen dira eta formulario horiek Europar Batasuneko hizkuntza ofizialetan eskura daude.
Batasuneko hizkuntza ofizialen artean ez dago euskara, Espainiako Erresumak gaztelania baino ez baitzuen ondorio horretarako adierazi, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aipatu prozedura biak euskaraz izapidetu daitezke, Prozedura Zibilaren urtarrilaren 7ko Legearen Azken Xedapenetako 23.ean eta 24.ean Batasuneko Erregelamenduetan xedatu gabeko gaietan ahozko judiziorako arauak aplikatuko direla ezartzen baita, eta ahozko judizioari aplikagarria zaio hizkuntzari buruzko Legearen 142. artikuluan xedatutakoa. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan Autonomia Estatutuaren 6. artikuluak euskararen ofizialtasuna ezartzen du eta azaroaren 24ko Legearen 9. artikuluak herritarroi Justizian euskaraz jarduteko eskubidea aitortzen digu.
Horiek horrela, aipatu eskubidea benetakoa izan dadin, beharrezkoa litzateke formulario horiek euskaraz ere eskuragarri izan ditzagun.
Aintzat hartuko duzuelakoan, begirunez agurtzen zaituztet.