Justizia-prozesuetarako agiri-eredu elebidunak
Jaun-andre agurgarri horiek:
Justizia.eus liburutegiaren barruan eskura ditugu jurisdikzio-organoetan erabil ditzakegun eredu elebidunak. Eredu horiek eskura izateak asko errazten digu euskara erabiltzea justizia arloan, izan ere, gaztelaniaz milaka eredu dauden bitartean, euskarazkoak oso urriak izaten dira eta horien artean nabarmentzekoak dira Justizia.eus atarikoak (kopuruagatik eta, batez ere, kalitateagatik).
Hala ere, urte franko igaro dira horiek prestatu zirenetik eta dagoeneko batzuk eguneratu gabe daude eta zenbait prozeduretarako edo arazoetarako ez dago eredurik; euskararen normalkuntzarentzat oztopoa da eredu horien falta, gaztelaniarako joera sendotu eta bultzatu dezakeelako.
Horiek horrela, honen bidez eskatzen dizuet eredu elebidun horiek egunera ditzazuen, baita prozedura eta arazo berrietarako ereduak presta ditzazuen ere.
Aintzat hartuko duzuelakoan, begirunez agurtzen zaituztet.