Euskotreneko erabiltzaileok informazioa jasotzeko eskubidea, baita euskaraz jasotzeko ere.

Urtzi(e)k
2021-06-21
100 %alde
Boto 1 (1/0)
Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.

Jaun/Andre agurgarri horiek:
Ekainaren 18an, arratsaldeko 14:47ko trena hartu nuen Txurdinaga geltokian Ariz-Basauriraino joateko. Otxarkoaga geltokiaren eta Kukullaga-Etxebarri geltokien arteko tunelean trena gelditu zen, inolako azalpenik gabe, ez momentu hartan ez aurretik ere. Trena Kukullagara ailegatu zen eta bertan tren-gidariak oihuz eta gaztelania hutsean adierazi zigun trenetik jaitsi behar genuela; ez zuten erabili treneko megafonia-sistema eta euskarazko azalpenik ez genuen jaso.

Kukullaga geltokian nasaz aldatu behar izan genuen eta bertan egon ginen bitartean bertan zeuden langileek ez ziguten inolako informaziorik eman Eibarko trena hartu behar genuela adierazi arte. Arestian azaldu bezala, azalpen apur horiek oihuz, alegia, megafonia-sistema erabili gabe, eta gaztelania hutsean eman zizkiguten. Eibarko trena hartu eta azkenean Basauri-Arizera heltzea lortu nuen, hori bai, 15:41era arte ez nintzen bertara heldu.

Eusko Trenbideak Ferrocarriles Vascos, SA Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoa da eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 3.d) artikuluaren arabera Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari atxikita dago. Era berean, aipatu Dekretuaren 15.4 artikuluak xedatutakoari jarriki, Garraio Plangintzaren Zuzendariari dagokio sozietate horren administrazio-tutoretza.

Hori horrela izanik, honen bidez aipatu gertakariengatik nire kexa adierazteaz gain, horrelakorik berriro gerta ez dadin neurriak har ditzazuen eskatzen dizuet, Euskotreneko erabiltzaileok eskubidea baitugu informazioa jasotzeko, jakin dezagun zein izango den arazoak eragingo digun kaltea, baita informazio hori euskaraz jasotzeko eskubidea ere.

Aintzat hartuko duzuelakoan, agur t´erdi,

Aldeko argudioak
Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Kontrako argudioak
Sentitzen dugu baina jadanik ezin duzu parte hartu.
Iruzkin bat
  • Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak saila
    2021-07-13

    Urtzi agurgarria,
    Euskotrenek eguneroko lanean euskara erabiltzeko konpromiso argia adierazi nahi du, eta, horregatik, barkamena eskatu nahi dugu larrialdi-egoera horretan sortu den ondoezagatik.
    Euskotrenen protokoloak dioenez, larrialdien edo ezohiko gertakarien kasuan, jarraibideak bi hizkuntza ofizialetan eman behar dira, bai langileek eta bai megafoniaren bidez.
    Horregatik, Euskotreneko makinista izateko, hautagaiek B2 ziurtagiria aurkeztu behar dute, edo horren baliokidea den proba bat gainditu.
    Larrialdi horretan, makinista urduri jarri zen eta hizkuntza ofizialetako batean hitz egin zuen, eta ez bi hizkuntza ofizialetan, beste batzuetan egin den bezala. Aldi berean, trenaren laguntzarako megafonia-sistemak ez zuen behar bezala funtzionatu, eta ezin izan zen bidaiariei gorabeheraren berri emateko erabili.
    Horregatik, barkamena eskatzen dugu sortutako eragozpenengatik, eta lan egingo dugu gertakari isolatu hori berriro gerta ez dadin. Ildo horretan, Euskotreneko langile guztiei laguntzen eta kontzientziatzen jarraituko dugu euskararen erabilerari dagokionez, eta, horrez gain, gidarien birziklatze-ikastaroetan azpimarratu egingo dugu hizkuntzari dagokionez nola jokatu behar den larrialdi bat gertatzen denean.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan