Herritarren eskaerak Osasuna

Osakidetzak euskararen normalizazioaren aurkako proposamena

2021-03-10
Oraindik ez dute erantzun
100 %alde
3 boto (3/0)

Gotzone Sagardui, Osasun sailburuari zuzendutako galdera: Sagardui anderea, jakitun al zara Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak Kontratazio Akordio berrirako egin duen proposamenak euskararen inguruko araudia, Euskara Plana, urratzen duela eta gaur egun dauden jardun-irizpideekiko ere atzerapausoa dela euskarari dagokionez?

Osakidetzako Zuzendaritzak Osasuneko Mahai Sektorialean dauden sindikatuei helarazi digun Kontratazio Akordioaren zirriborroa, praktikan jarriz gero, atzerapauso larria izango litzateke euskararen erabileraren normalizazioan erakunde publikoan, hau da, EAEko enpresa publiko handienean.

Osakidetzaren proposamenak ez luke euskararen ezagutzarik eskatuko egiten diren egiturazkoak ez diren behin-behineko kontratu gehienetan. Ezagutza hori “1. lehentasuneko” lanpostuetarako kontratuetan baino ez litzateke eskatuko, hau da, pediatria-zerbitzuekin eta informazio-guneekin lotutako lanpostu batzuetan soilik, edo %70tik gorako populazio euskalduna daukaten herrietan.

Kontuan hartzen badugu Osakidetzan horrelako 60.000 kontratu inguru egiten direla urtero euskararen ezagutza kontuan hartu gabe, eta horietako askok hilabeteak edo denboraldi luzeak irauten dutela, erraz uler daiteke horrek Osakidetzan euskararen normalizazioari eragiten dion kalte larria, Osakidetza arreta euskaraz ez emateagatik kexa gehien jasotzen dituen euskal zerbitzu publikoetako bat izanik.

Osakidetzak hainbat urtez erabili izan ditu aldi baterako kontratu horiek egiturazko beharrak estaltzeko, euskararen ezagutzarik eskatu gabe, baita euskara-eskakizuna esleituta zuten lanpostuetan ere.

Azken urteotan, eta praktika horrek zekarren oztopoaren aurrean, bai Erakundearen Euskara Planak, bai Eusko Legebiltzarreko Akordio batek eta baita Osakidetzaren barne-jarraibideek ere neurriak jarri dituzte mahai gainean kontratazio guztietan, baita egiturazkoa ez den aldi baterako kontratazioetan ere, euskararen ezagutza eskatzea lortzeko.

Horregatik, ez dugu Osakidetzaren jarrera ulertzen, azken urteotan aurreratutakoari bizkarra eman eta euskara ahanztera kondenatuko lukeen Kontratazio Akordio berri bat planteatzen duenean. LABek kezkaz ikusten du Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzako zuzendaritzak euskarari buruz egiten duten diskurtso bikoitza: irudi-kanpainak eta hitz onak, baina praktikan, mespretxua eta ahanztura euskararentzat, ez dezagun ahaztu, gure herrialdean ofiziala den hizkuntza.

LABek urteak daramatza borrokan, gehienetan bakarka, osasuna bezalako zerbitzu publiko garrantzitsu eta sentibera batean euskarak merezi duen lekua izan dezan. Urteak daramatzagu Osakidetzako zuzendaritzari behin-behineko kontratazioetan ere euskara kontuan hartzeko eskatzen. Osakidetzak mahai gainean jarri duen Kontratazio Akordio proposamenak bizkarra ematen die herritarren, Arartekoaren eta Eusko Legebiltzarraren eskariei, ez du Euskara Plana betetzen, eta atzerapauso larria da aldi baterako kontrataziorako indarrean dauden irizpideetan.

Hori dela eta, LABek Osakidetzako Zuzendaritzari eta Osasun sailburuari eskatzen diegu atzera egin dezatela astakeria honetan, eta Kontratazio Akordio berria balia dezatela Osakidetzan euskararen erabileraren normalizazioan aurrera egiteko, euskal jendarteak eskatzen duen moduan.

TXOSTENA: Osakidetzaren Kontratazio Akordio berriaren proposamena. Euskararentzat atzerapauso larria: labur.eus/yXzd6

Aldeko argudioak
  • "Behin behineko" kontratazioetan euskara eskakizuna nola saihesten den lotsagarria da. Adibidez, zerbitzu batean, Hizkuntz Eskakizuna ezarria duten hiru lanpostuetako oporrak ordezkatzeko langile bat hartu dezakete Hizkuntz Eskakizunak saihestuz.
    2021-03-11
  • Horrelakoa da Aitor, egia borobila baita. Eurek badakite nola egin!
    2021-03-11
  • Osakidetzak euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatu behar ditu Euskal Autonomia Osoan (berdin Enkarterrin zein Goierrin) eta haren zerbitzu guztietan; horretarako nahitaezkoa da langile euskaldunak kontratatzea.
    2021-03-17
Gehienez 255 karaktere
Kontrako argudioak
Gehienez 255 karaktere
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu eskaera hau