Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzak Segurtasun Sailburuordetzaren titularrari laguntza ematen dio esleituta dituen egitekoetan eta eskumenetan. Bere egitekoen artean daude jarduera-plan orokorrei eta antolaketa-proiektuei buruzko aholkuak ematea eta Euskadiko Poliziaren Datuak Prestatzeko Zentroa kudeatzea.
Herritarren segurtasunaren eta segurtasun pribatuaren arloetan aurrez ikusitako zehapen-araubideei buruzko espedienteak hasi eta izapidetzeaz, segurtasun publikoaren sistema hobetzeko herritarren ekimenen bulegoa kudeatzeaz eta EAEko poliziako kideen akreditazio profesionaleko agiriak egiteaz ere arduratzen da, bai eta udaltzaingoen koordinazioari dagozkion egitekoez eta udaltzaingoen kidegoak sortzeko baimen-eskaerak izapidetzeaz ere, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan aritzen da EAEko udaltzainen prestakuntzan eta kategoriaz igotzean.