Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sinatutako hitzarmenei esker sortu zen, eta 0 eta 2 urte bitarteko haurreskola publikoak kudeatzen ditu. Entitate honen helburua da adin tarte horretako haurrei zuzendutako hezkuntza-zerbitzu osoa eskaintzea, hala nola laguntza soziala, bereziki lana eta familia bizitza bateratzearen arloan.
Hezitzaile adituz osatutako lantaldeari esker, Haurreskolak Partzuergoak haurren garapen fisiko, intelektual, afektibo eta soziala bultzatzen du, helburu zehatz hauek oinarri harturik: familiaren laguntzarekin, haurraren garapen osoa sustatzea, ingurunea ezagutzen laguntzea, haren nortasuna indartuz; haurrek, garapen ebolutibo orekatua izateko, hezkuntza prozesuan izan ditzaketen hutsuneen eta gabezien aurrean, hezkuntza prebentiboa eta orekatzailea sustatzea; eta heziketa jardueren barruan gorputza, objektua, ekintza, pentsamendua, bestea, nia, afektibitatea, arrazionaltasuna, erreala eta ametsezkoa barneratzen dituen hezkuntza globala sustatzea.
Horretarako, hezkuntza sortzailea programatzen du, haurrek bilaketa eta abstrakzio berriak egin ditzaten eta kontzientzia har dezaten. Zeregin horretan, Haurreskolak Partzuergoak hezkidetzaren aldeko apustua egiten du, berdintasunaren aldeko hezkuntzan, sexu-arrazoiengatik inongo diskriminaziorik izango ez duen hezkuntzan, haur guztiek aukera berdinak izan ditzaten garapen ebolutiboaren prozesuan zehar.