Zuzendaritza honetan politikak eta programak garatzen ditugu osasuna sustatzeko eta babesteko zein eritasunak prebenitzeko; horretarako, jarduerak diseinatzeaz eta gauzatzeaz gain, esku-hartzeak ere bultzatzen ditugu Jaurlaritzako beste sail batzuetan eta erakunde publikoetan, batez ere udaletan, herritarren artean osasun- eta ekitate-maila handiagoak lortzearren.
Zehazki, ingurumenaren, elikagaien eta uren segurtasunarekin eta osasunarekin zerikusia duten programak egiten ditugu. Osasunaren eta haren determinatzaileen zaintza eta azterketa epidemiologikoa egitea dugu ardura, bai eta eritasunen eraginari eta biztanle-taldeetan duten banaketari dagokienez ere.
Osasun publikoaren esparruan alertak sortzen direnean osasun-jarduerez arduratzen gara.
Mendekotasunen arloan, gure esku dago arlo horretako Euskadiko politika osoa zehaztea, eta baterako jarduerak bultzatzea sektore-esparru guztiekin.