EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2020-01-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019003

201/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, zeinen bidez baimena ematen baitzaio Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematen diona CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen kapital gehikuntzan parte hartzeko, eta CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen estatutuak aldatzen baitira.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900201
Xedapenaren data: 2019-12-17
Hurrenkenaren zenbakia: 202000028
Maila: Dekretua
Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak, 2019ko urriaren 8an, erabaki zuen Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea, 500.000 euroko zenbatekoan, CADEM SA sozietatearen Akziodunen Batzordeak erabakitzen duen kapital-gehikuntza osorik izenpetzeko eta Eusko Jaurlaritzak baimendu ondoren ordaintzeko.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Sozietatearen helburua da energia kontserbatzeko eta aurrezteko eta energia berriak garatzeko arloa aztertzea, sustatzea eta laguntzea, eta xede horiei lotutako jarduerak egitea. Alde horretatik, eginkizun espezifiko hauek dauzka ezarrita:
a) Energia kontserbatzeko eta aurrezteko jarduerak nahiz energiaren kogeneraziokoak egitea.
b) Energia hidroelektrikoa eta, oro har, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak sustatzea eta laguntzea. Halaber, mota guztietako hondakinak erabiltzearen alde egingo du, energia sortzeko xedez, non eta ez diren fisio nuklearretik sortuak.
c) Energiak berrien garapena aztertzea, eta gisa horretako proiektuetan parte hartzea.
d) Ikerketa teknologikoa sustatzea energiaren arloan zein energiarekin lotutako ekipamendu-ondasunen eta industria-zerbitzuen arloan.
e) Meatokien eta bestelako baliabide geologikoen gaineko ikerketa eta aprobetxamendua sustatzea.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Energiaren Euskal Erakundeari CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko, 500.000 euroko guztizko zenbatekoarekin, hau da, gehikuntza horren % 100. Eragiketa horren ostean, % 100koa izango da Energiaren Euskal Erakundearen parte-hartzea.
2. artikulua.– Baimena ematen zaie Energiaren Euskal Erakundearen titularitatekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz CADEM Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegia SA sozietatearen estatutuen 5. artikuluaren aldaketa onartzeko, eta honela idatzita geratzen:
«Sozietatearen kapitala seiehun mila (600.000) euro izango da.
Kapital hori 1.500 akzio arrunt eta izendunek osatzen dute, laurehuna (400) euroko balioa dutenak, eta 1etik 1500era korrelatiboki zenbakituta daudenak, biak barne. Akzio horiek harpidetuta eta ordainduta daude.»
AZKEN XEDAPENA
Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.