EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-12-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019233

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen baita Zumaiako (Gipuzkoa) Arritokieta 8 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz.

Xedapenaren data: 2019-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201905633
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
2019ko ekainaren 11n, Zumaiako Udalak eskabide bat bete zuen, Zumaiako (Gipuzkoa) Arritokieta 8 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori prestatu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko irailaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza, Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkartea eta Eguzkizaleak aisialdi-elkartea.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Bukatu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, eta zenbait erantzun jaso dira; espedientean jasota daude horien edukia eta emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Zumaiako (Gipuzkoa) Arritokieta 8 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea Zumaiako (Gipuzkoa) Arritokieta 8 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruz (aurrerantzean, Plana), jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua da antolamendu xehatua aldatzea, partzela pribatu baten erabilera esklusiboaren definizioari dagokionez, hain zuzen ere han ostalaritzako jarduera turistiko berezi bat ezartzeko.
Hala, Planak aukera emango du egun dagoen bizitegi-eraikin bat birgaitzeko, bizitegi-erabilera publiko batera egokituz, eta, zehazki, hotel txiki bat eginez. Zerbitzu guztiak partzelan bertan daude, eta, hortaz, ez da beharrezkoa inolako urbanizazio-obrarik egitea.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, hain zuzen ere zehazteko Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Plan Berezia bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.
c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: Plan Bereziak aukera ematen du hiri-eremua hobetzeko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Egiten diren jardueretan honako arlo hauetako arauak bete beharko dira: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natura-ondarea, kultura-ondarea, paisaia eta kutsadura akustikoa eta urak.
e) Plan Berezia egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– ezartzeko.
2) Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Plan Bereziak ondorio adierazgarririk izango duenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.
3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira Planetik eratortzen diren proiektuko obrak gauzatzeko:
– Obrako langileek erabili beharreko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez,
Bigarrena.– Ingurumen-agiri estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Zumaiako (Gipuzkoa) Arritokieta 8 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin esanguratsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Zumaiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Zumaiako (Gipuzkoa) Arritokieta 8 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 20a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.