EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-12-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019233

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 11koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez, Tolosaldeko mankomunitateak eta Tolosako hiltegi eskualdetarraren gestiorako udalerri mankomunitateak osatutako elkartea eratzen baita, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bat elkarren artean mantentzeko.

Xedapenaren data: 2019-11-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201905631
Maila: Ebazpena
Tolosaldeko mankomunitateko eta Tolosako hiltegi eskualdetarraren gestiorako udalerri mankomunitateko Toki-erakundeetako organo eskudunek, 2018ko urtarrilaren 7an eta 17an hurrenez hurren, izandako bileretan onartu zuten, bi toki-erakundeen arteko elkartea eratzeko prozedurari hasiera ematea, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bakarra elkarrekin mantentzeko helburuz.
Hori dagokionez, Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 3.2.c) artikuluak Udalerrien mankomunitateei toki-erakunde izaera ematen die.
Hori dela eta, lege horren 92 bis artikuluak aurreikusten du toki-korporazio guztietan gaikuntza nazionaleko toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako administrazio-erantzukizuneko nahitaezko funtzio publikoak direla: a) idazkaritzakoak, fede publikokoak eta aginduzko lege-aholkularitzakoak barne; eta b) ekonomia-finantzen eta aurrekontuen kudeaketaren barneko kontrol eta ikuskapenekoak, eta kontabilitatekoak, diru-zaintzakoak eta diru-bilketakoak.
Horrela, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sailkatzeko eskumena autonomia-erkidego bakoitzari dagokio, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 92 bis artikuluaren arabera, eta gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarritako irizpideen arabera, aplikagarriak badira.
Era berean, martxoren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren arabera, autonomia-erkidegoei dagokie, beren arauen arabera, tokiko erakundeen elkarteak sortzea eta desegitea, beren lurralde-eremuaren barruan, dagokion probintzia-diputazioa txostena egin ondoren. Elkartea sortzea onartu ondoren, ondoriozko lanpostua autonomia-erkidegoak sailkatuko du.
Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Mankomunitateen eskaerak zirela eta; Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak eskatutako txostena jaso du. Horren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik aldeko txostena ematen zaio gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bakarra elkarrekin mantentzeko helburuz, bi toki-erakundeen arteko elkartea eratzeko eskabideei.
Gauzak horrela, elkarte berriaren lanpostuaren sailkapenari dagokionez, kontuan izanda bi mankomunitateen xedea zerbitzu bakar bat ematea dela, eta eraginkortasun eta efizientzia irizpideak aintzat hartuta, bidezkoa da Tolosaldeko eta Tolosako hiltegi eskualdetarraren gestiorako udalerri mankomunitateek osatutako elkartearen idazkaritza hirugarren mailakotzat sailkatzea, martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 16. artikuluari jarraituz.
Hori dela eta, aipatutako legediari eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 10. artikuluari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Tolosaldeko mankomunitateak eta Tolosako hiltegi eskualdetarraren gestiorako udalerri mankomunitateak osatutako elkartea eratzea, Idazkaritzako lanpostu bat elkarren artean mantentzeko. Elkartearen hiriburutza Tolosa izango da.
2. artikulua.– Tolosaldeko eta Tolosako hiltegi eskualdetarraren gestiorako udalerri mankomunitateek osatutako elkartearen Idazkaritza hirugarren mailakotzat sailkatzea. Lanpostua Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalako gaikuntza nazionala duten Toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.
3. artikulua.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.
4. artikulua.– Tolosaldeko eta Tolosako hiltegi eskualdetarraren gestiorako udalerri mankomunitateek lanpostu hori haien lanpostu zerrendetan gehitu beharko dute lanpostua bete baino lehen.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, eta hargatik eragotzi gabe errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bide erabiltzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publikoek ez dute administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango ebazpen honen aurka. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honi eskatu ahalko diote ebazpen hori baliogabetzeko edo errebokatzeko, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluan ezartzen denari jarraituz.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 11.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.