EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2019216

105/2019 EBAZPENA, urriaren 29koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena; honen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari jarduera osagarri hauek egiteko emandako enkarguaren bigarren aldaketa baimentzeko erabakia argitaratzen da: hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzea Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez.

Xedapenaren zenbakia: 201900105
Xedapenaren data: 2019-10-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201905232
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2018/06/21ean argitaratutako 2018/06/14ko 201800111 EBAZPENA aldatzen du

2019ko urriaren 29ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak erabaki bat onartu zuen, zeinaren bidez baimentzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jarduera osagarriak egiteko emandako enkarguaren bigarren aldaketa, Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez; horrenbestez, erabaki horri behar bezalako publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea erabaki honen testua, zeinaren bidez baimentzen baita hiri-garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jarduera osagarriak egiteko Euskal Trenbide Sareari eman zaion enkarguaren bigarren aldaketa, Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez; eranskinean jasota dator erabakiaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 29a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 29KO 105/2019 EBAZPENARENA
GOBERNU KONTSEILUAREN 2019KO URRIAREN 29KO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENTZEN BAITA HIRI-GARRAIO PUBLIKOAN ELEKTRIFIKAZIOA TXERTATZEKO JARDUERA OSAGARRIAK EGITEKO EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMAN ZAION ENKARGUA BIGARRENEZ ALDATZEA, VITORIA-GASTEIZ HIRIKO 2. LINEA PERIFERIKOAN, BUS ELEKTRIKO ADIMENDUNEKO SISTEMA BATEN BITARTEZ
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Bestalde, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumen guztiak betetzea garraio-azpiegituretako lanak landu, zuzendu, ikuskatu eta exekutatzearekin lotutako arloan, hala xedatzen baita Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.c) artikuluan.
2016ko ekainaren 1ean, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak; lankidetza-hitzarmen horren xedea da proiektuak idaztea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz.
Gobernu Kontseiluaren Ebazpen bidez, 2016ko irailaren 20an Ente Público Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakundeari egiteko hau enkargatu zitzaion: beharrezko azterlanak eta proiektuak idaztea Vitoria-Gasteiz hirian garraio publikoaren eskaintza egokitzeko, azken miliako garraiobide publiko kolektiboen sistema multimodal integratu eta erabat elektrifikatua sortuz.
2018ko martxoaren 23an, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak, Vitoria-Gasteiz hirian Autobus Elektriko Adimenduna txertatzeko.
2018ko maiatzaren 10ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Vitoria-Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, Vitoria-Gasteiz hirian Autobus Elektriko Adimenduna txertatzearen osagarritasunerako, hiriko garraio-sistemaren mugikortasunaren kontzeptu integrala bermatze aldera, kotxe-atoi moderno batzuekin (bertan kokatuko da Autobus Elektriko Adimendunaren karga moteleko sistema).
Horretaz gain, Autobus Elektriko Adimendunaren trazadurak tranbia-lineekin, autobus-geltokiarekin eta hirian sartzeko trafikoekin bat egiten duenez, beharrezkoa da beste konponbide bat ematea bide-sistemaren elkarguneari, garraio publikoko sistemaren arintasuna bermatuta gera dadin.
Hitzarmen horren bigarren klausularen arabera, Gobernu Kontseiluak, 2018ko ekainaren 12an eginiko saioan, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari enkargatu zitzaion garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jarduera osagarriak egitea, Vitoria-Gasteiz hiriko 2. linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez. Geroago, 2018ko abenduaren 3an, Gobernu Kontseiluak enkargu hori aldatu zuen, hasieran aurreikusitako aurrekontu-banaketa lanen exekuzio-mailari doitzeko; horrenbestez, urteko ordainketa hauek ezarri ziren:
2018: 20.000 euro.
2019: 940.000 euro.
Lanen exekuzio-mailari dagokionez Euskal Trenbide Sareak planteatu dituen jarraibide berrien arabera, bigarrenez moldatu behar da aurreikusitako aurrekontu-banaketa, eta haren epea 2020. urtera luzatu behar da.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau
ERABAKITZEN DU:
«Lehena.– Aldatzea Euskal Trenbide Sareari eginiko enkarguaren 6. puntua –Lanen finantzaketa– eta 7. puntua –Egiteko epea–. Enkargu hori 2018ko ekainaren 12an onartu zen, eta, geroago, 2018ko abenduaren 3an aldatu. Horren xedea da garraio publikoan elektrifikazioa txertatzeko jarduera osagarriak egitea, Vitoria-Gasteiz hiriko gaur egungo linea periferikoan, bus elektriko adimenduneko sistema baten bitartez.
Bigarrena.– Enkargu hori burutzeko baldintza zehatzak aipatutako erabakiaren eranskinean daude jasota.
Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».
ERABAKIAREN ERANSKINA
6.– Lanen finantzaketa.
Kudeaketa-gomendio honen bosgarren atalean deskribatutako lanen gehieneko aurrekontu zenbatetsia hau da: bederatziehun eta hirurogei mila (960.000) euro, BEZa barne.
Urteen arabera, honako hau da aurrekontuaren banaketa zenbatetsia:
2018: 16.466,53 euro.
2019: 723.533,47 euro.
2020: 220.000,00 euro.
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere. Ordainketak ETSk Administrazioan faktura aurkeztu ostean egingo dira.
7.– Egiteko epea.
Enkargu honen bosgarren apartatuan deskribatutako lanak egiteko epeari dagokionez, 2020an amaituko direla kalkulatzen da.