EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2019216

595/2019 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko gerentearena. Haren bidez deialdi publikoa egiten da Kudeaketa Sanitarioko Unitateko (KSU) zerbitzu sanitarioko buru lanpostu bat betetzeko, lehiaketa bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean.

Xedapenaren zenbakia: 201900595
Xedapenaren data: 2019-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201905227
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Hutsik dago Kudeaketa Sanitarioko Unitateko (KSU-UGS) zerbitzu sanitarioko buru lanpostua Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean (BOMS); eta bat etorrita Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arau erkidearekin, Osakidetzako Lanpostu Funtzionalak Arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuaren I. eranskinarekin, Osasun Zerbitzuetako Estatutupeko Langileen Lanpostu Funtzionalak arautzen dituen abenduaren 16ko 55/2003 Legearekin, Enplegatu Publikoen Oinarrizko Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 5/2019 Legegintzako Errege Dekretuaren 79. artikuluarekin, eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuarekin, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du deialdi publikoa iragartzea, lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak:
Deialdian parte ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztenek eskabideak aurkezteko epearen azken egunean:
a) Estatutupeko langile, funtzionario edo lan kontratudun finko izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, edo estatutupeko langile finko izatea osasun-sistema nazionaleko osasun-erakundeetan, A1 lanbide-taldekoa izatea eta, zerbitzu aktiboan egotea, edo lanpostua norberaren lanbide-taldean gordetzea ekartzen duen beste edozein egoera administratibotan egotea.
b) Medikuntzako eta Kirurgiako lizentzia izatea, eta A1 lanbide taldeko edozein espezialitatea
c) Gutxienez, 4 urteko lan-esperientzia edukitzea, fakultatibo/espezialista gisa, kudeaketa sanitarioko unitateetan.
Bigarrena.– Merituen balorazioa (gehienez ere, 66 puntu:
Balorazioa egingo da ebazpen honetako I. eranskineko baremoaren arabera.
Fase hauek izango ditu:
I.– Proiektua eta defentsa (gehienez, 30 puntu).
II.– Merituen balorazioa (gehienez, 30puntu).
III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Interesdunek eskabideak bidaliko dituzte BOMSeko Pertsonaleko Zuzendaritzara (María Díaz de Haro Kalea, 58, 48010-Bilbo-Bizkaia), hamabost egun balioduneko epean, dagokion aldizkari ofizialean (BPAO eta EAO) deialdiaren ebazpena argitaratzen den azken egunaren hurrengo egunetik hasita.
2.– Interesdunek, datu pertsonalak bete ondoren, eskabideak eta dokumentaturiko «Curriculum Vitae»a aurkeztu beharko dituzte BOMSeko Pertsonaleko Zuzendaritzan. Aurkeztu ahal izango da, halaber, Administrazio Publikoen Prozedura Administratibo Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hau da eman beharreko dokumentazioa:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario- edo estatutupeko langile-izendapenaren fotokopia konpultsatua; edo bestela, lan-kontratudun langile izatea egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia konpultsatua.
c) Eskatzen den titulazioaren fotokopia konpultsatua: Medikuntzako Lizentzia, psikiatriako espezialitatea.
d) BPAOn deialdia argitaratzen den egunera arte lanbide-kategoria bakoitzean egindako zerbitzuen ziurtagiri originala eta eguneratua.
e) Lanpostua deitzen den zerbitzua kudeatzeko memoria-proiektua.
f) Baloratzekoak diren meritu guztien fotokopia konpultsatua.
Ez dira egiaztatu behar, aurreko paragrafoan adierazitako moduan, CV aplikazio korporatiboan behar bezala balioztatu diren merituak. Hala bada, izangaiak horrela jakinarazi beharko du egiten duen eskabide-inprimakian.
Laugarrena.– Onartu eta baztertuen zerrenda.
1.– Eskabideak aurkezteko epea behin bukatuta, BOMSeko zuzendari gerenteak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena emango du. Bertan jasoko dira norbera baztertzearen arrazoiak. Zerrenda behin betikotzat joko da, baldin eta inolako izangairik ez bada baztertua izan. Ebazpena Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
Baztertutako izangaiek 10 egun balioduneko epea edukiko dute, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, erreklamazioak egiteko. Baztertua izanaren arrazoia zuzendu ahal den akats bat bada, behin-behineko zerrendaren argitalpenean zehaztuko da 10 egun balioduneko epea zabaltzen dela izandako akatsak zuzentzeko, edo beharrezkoak diren dokumentuak emateko; eta adieraziko da, horrela egiten ez badute, behin betiko geratuko direla prozesutik baztertuta.
2.– BOMSeko zuzendari gerenteak emango duen ebazpenak jasoko du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda; eta haren bidez baietsi edo esetsiko dira aurkeztutako erreklamazioak eta akatsen zuzenketak. Ebazpena argitaratuko da, halaber, Osakidetzako web-orrian.
3.– Behin-betiko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetzako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bosgarrena.– Balorazio batzordea.
1.– Izendapena eta osaera.
Izangaien behin betiko ebazpena behin onetsita eta argitaratuta, BOMSeko zuzendari gerenteak, Osakidetzako web-orrian argitaratuko den ebazpenaren bitartez, izendatuko ditu Balorazio batzordeko kideak. Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ente Publikoko zuzendari nagusiari. Ebazpena argitaratuko da kudeaketa-proiektuak defendatuko diren eguna baino 10 egun lehenago, gutxienez.
Balorazio-batzordeko presidentea BOMSeko zuzendari medikoa izango da, eta kideak, honakoak: zuzendariorde medikoa edo Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko Zerbitzu Korporatiboko zerbitzuburu bat, BOMSeko Pertsonaleko zuzendaria (Idazkari lanak egingo ditu. Hitza eta boza izango ditu), eta hiru batzordekide (Horietako bat IVAPek aukeratuko du). Hirurek eduki beharko dituzte izangaiei eskatzen zaizkien titulazio eta espezialitate berak, eta estatutupeko langile, karrerako funtzionario edo lan-kontratudun finko izan. Gainera, deitutako lanpostuari dagokion lanpostu funtzionala edo goragokoa bete behar dute.
Batzordekide bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, eta beteko ditu titularrei eskatzen zaizkien baldintzak. Aipatutako lanposturen bat ez badago, edo hutsik egonez gero, beste baliokide bat izenda daiteke Osakidetzako beste zerbitzu-erakunde batetan.
Batzordekideak norberaren izenean arituko dira bakarrik, ez dute beste inor ordezkatuko. Jarduteko orduan independenteak izango dira, eta diskrezio-teknikoaren babesean arituko dira, baina aintzat hartuko dute zuzenbideari zor dioten menpekotasuna.
Batzordeko kideak hautatzerakoan jarraituko zaio Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeari, baldin eta egingarria bada. Ordezkaritza orekatutzat joko da sexu bakoitzaren ordezkariak, gutxienez, ehuneko berrogei badira.
2.– Abstenitzea eta errekusatzea.
Kideek ez dute batzordean jardungo, eta horrela jakinaraziko diote izendatu duten pertsonari, baldin eta eragiten badie Arlo Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan zehaztutako inguruabarren batek. Legean zehaztutakoari jarraituz, parte-hartzaileek ere eska dezakete beraiek errekusatzea, bat etorrita aipatutako legearen 24. artikuluan ezarritakoarekin.
3.– Jarduera-arauak.
Batzordearen jarduna egokituko da urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. eta 18. artikuluetan zehaztutako arauetara.
Batzordeak erabateko autonomia funtzionala izango du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta haren objektibotasuna bermatuko du. Deialdiaren oinarrien inguruko zalantzak argitzeaz gain, irizpideak finkatuko ditu, aurreikusi ez diren gorabehera guztiei dagokienez. Gainera, izangaien ebaluazioa egin aurretik, akta batean jasoko ditu erabiliko diren berariazko ebaluazio-irizpideak, oinarriei eta oinarrietako meritu-baremoari jarraituz.
Balorazio batzordeko kide guztiek hitza eta boza izango dituzte. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta emandako bozak berariazko akta batean jasoko dira.
Akta bat egingo da batzordearen saio bakoitzeko. Bertan jasoko dira izangaien izenak, baremazio-irizpideak, merituen baremazioko atal bakoitzean emandako puntuazioak, eta guztira emandako puntuazioa.
Seigarrena.– Hautespen-prozedura.
Lehiaketak hiru fase izango ditu, eta beroietan honako hauek baloratuko dira: proiektua eta defentsa, beste meritu batzuk eta euskararen ezagutza.
1.– Kudeaketako memoria-proiektua eta defentsa.
Balorazio batzordeak izangaiak deituko ditu, kudeaketa-proiektuaren jendaurreko defentsa egin dezaten. Haren memoria eranstekoa zen prozesuan parte hartzeko egindako eskabide-orriari. Deialdia hamar egun lehenago egingo da, izangaiek esku hartuko duten eguna, lekua eta ordua adieraziko ditu, eta Osakidetzako web-orrian iragarriko da.
Izangaiek kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin aurretik, Balorazio batzordeko kideek aztertu beharko dituzte batzordekideei eragin ahal diezazkieten abstenitzeko eta errekusatzeko arrazoiak, eta egonez gero, jakinaraziko dizkiote deialdia egin duen organoari.
Gerora, izangaiei banan-banan deituko zaie, proiektuaren aurkezpena eta defentsa egin ditzaten. Ondoren egingo zaien elkarrizketan, batzordekideek galderak egingo dizkiete norberaren proiektuaren edukiaren gainean, areago argitze eta zehazte aldera. Den-dena publikoa izango da.
Jendaurreko aurkezpena behin bukatuta, Balorazio batzordeko kide bakoitzak puntuatuko ditu, alde batetik proiektuaren edukia; eta bestetik, jendaurreko aurkezpena, baremazio-irizpideak oinarri hartuta. Gutxienez, 15 puntu lortu behar dira fase bakoitzean.
2.– Merituen balorazioa.
Batzordeak, merituen balorazioa egiterakoan, oinarri hartuko ditu izangaiek, behar zen unean eta moduan, aurkeztu zuten dokumentazioa; eta eskatzea izango ditu haren gainean behar diren argibideak.
Inongo kastutan ez dira baloratuko eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez ziren dokumentuak.
Eranskinaren 2. atalean jasotakoaren arabera egingo da balorazioa eta emango da puntuazioa.
Euskararen ezagutzaren balorazioa egingo da bat etorrita Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan Euskararen Erabilera Normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan ezarritakoarekin, eta hura garatzen duten arauekin.
3.– Akta eta izendapen-proposamena.
Balorazio batzordeak aktan jasoko ditu, alde batetik, batzordekide bakoitzak izangai bakoitzari baremoaren atal bakoitzean eman dion puntuazioa, eta bestetik, izangai bakoitzari emandako puntuazio finala. Aktan jasoko dira, halaber, batzordekide bakoitzak, puntuazioa ematerakoan, aintzat hartu dituen alderdiak, bai izangai bakoitzak aurkeztutako zerbitzua kudeatzeko memoria-proiektuaren edukiaren gainean, bai jendaurrean egindako aurkezpenaren gainean. Eta horrekin batera, zehaztuko da gainerako ataletan eman den puntuazioa.
Deialdian ezar daitezke berdinketak ebazteko irizpideak, bat etorrita Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoarekin.
Gutxienez 33 puntu behar dira deitutako lanpostua lortzeko. Horietatik 15 proiektuaren balorazioaren eta defentsaren esparruan lortu behar dira.
Balorazio batzordeak aktan jasoko du puntuaziorik altuena lortu duen izangaiaren aldeko proposamena.
Zazpigarrena.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Batzordeak, kide guztiek sinatu ondoren, eta atal bakoitzean izangai guztiek lortu duten puntuazioa behin xehatuta, BOMSeko zuzendari gerenteari puntu gehien lortu duen izangaiaren aldeko proposamena egingo dio. Puntuazio hori eta gainerako izangaiena (beste izangairik egonez gero) Osakidetzako web-orrian argitaratuko dira. Inolako izangaik lortzen ez badu eskatutako gutxieneko puntuazioa, Balorazio batzordeak proposatuko du deialdia hutsik uztea; eta proposamena Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
2.– BOMSeko Zuzendaritza Gerentziak ebazpena emango du, eta bertan adieraziko du zein den hautatutako izangaia, baldin eta gerora sortutako arrazoiren batengatik uko egin ez badu. Horrela gertatuz gero, hautatuko da bigarren puntuaziorik onena lortu duen pertsona; bere puntuazioa, eskatu den gutxienekoaren berdina edo altuagoa bada. Bestela, hutsik deklaratuko du deialdia, eta dagokion arrazoia zehaztuko du:
a) Ez da izangairik aurkeztu.
b) Izangaiek ez dituzte baldintzak betetzen.
c) Izangaiek lortutako puntuazioa eskatu den gutxienekoaren azpitik geratu da.
a) kasua izan bada, Zuzendaritza Gerentziak hutsik deklara dezake deialdia, onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta gero, beste izapide gehiagorik egin beharrik gabe.
3.– Izendapen-ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean eta Osakidetzako web-orrian argitaratuko da. Haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ente Pubilikoko Zuzendaritza Nagusiari. Errekurtsoa jartzeko epea zenbatzen hasiko da ebazpena Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zortzigarrena.– Esleipenaren ondorioak.
Zerbitzuburu lanpostuak aldi baterako lau urteko izendapena dakar; baina luzatu daiteke, bat etorrita Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen hirugarren arauaren 28. artikuluan ezarritakoarekin (BPAO - 138. zk., uztailaren 21ekoa).
Deitutako lanpostua betetzen duen profesionalak lanpostua utziko du izendapen-epea bukatzen den egunean, baldin eta luzatzeko arrazoirik ez balego. Luzapena organo kolegiatu batek erabaki beharko luke, 8/1997 Legeak ezartzen duen ebaluazio-prozedurari jarraituz.
Gerta daiteke, halaber, lanpostutik mugiarazita izatea izendapen-epea bukatu aurretik, baldin eta kontrako txostena eman bada, eta gertatu bada 8/1997 Legearen 6. ataleko hirugarren arauaren 28. artikuluan aurreikusitako lekualdatzeko arrazoiren bat.
Lanpostua uzten bada, ohiko arrazoiengatik edo mugiarazita, interesduna beste lanpostu batera lekualdatuko da, eta eutsiko dizkie jatorriko kategoriari dagozkion baldintzei.
Bederatzigarrena.– Errekurtsoak.
Bat etorrita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Osakidetzako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean edo Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu den azken egunaren hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2019ko uztailaren 29a.
Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Zuzendari Gerentea,
CARLOS PEREIRA RODRIGUEZ.
I. ERANSKINA
MERITUEN BAREMOA
Merituak fase hauetan barematuko dira:
I.– Proiektua eta defentsa (gehienez ere, 30 puntu).
Epaimahai kalifikatzailearen aurrean, publikoki azalduko da zerbitzuko antolakuntzari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektua, eta erantzungo zaizkie epaimahaikideen galderei.
Puntuazioa bi atalean banatuko da:
a) Zerbitzua kudeatzeko aurkeztu den memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez, 15 puntu).
Memoria-proiektuan, behintzat, gai hauek jorratuko dira:
a.1.– Antolakuntza eta kudeaketa atala.
Zerbitzuaren organigrama. Bertan zehaztuko dira nagusiaren eta zerbitzuari atxikitako gainerako lanpostuen funtzioak.
Zerbitzuaren eta erakunde bereko beste unitate batzuen arteko harremanak.
Burutzaren kudeaketa-plana. Bertan jasoko dira antolamendu-helburuak, zer-hobetuen analisia eta azterketa, eta beroiek lortzeko proposatzen diren neurriak. Aurrekoarekin batera, konpromiso bat zehaztuko da, baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalekoak eraginkortasunez erabiltzeko.
a.2.– Asistentzia atala.
Zerbitzu-zorroaren deskribapena.
Asistentzia arloko helburuak eta adierazleak ezarriko dira, eta sistema bat zehaztuko da, beraien gainean etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko.
a.3.– Irakaskuntza eta ikerkuntza atala.
Planifikatuko da zerbitzuan eman beharreko irakaskuntza.
b) Memoria-proiektuaren azalpena Balorazio batzordearen aurrean (gehienez, 15 puntu).
Memoria-proiektuaren azalpen publikoa ebaluatzeko orduan, aintzat hartuko dira, alde batetik, egindako defentsaren argitasuna eta laburtasuna, eta bestetik, haren alderdi nagusiak azaltzean erakutsi den gaitasuna. Dagokion aktan jasoko da kide bakoitzaren puntuazio arrazoitua.
II.– Merituen balorazioa (gehienez, 30 puntu).
Puntuazioa honela banatuko da:
II.1.– Lanbide-esperientzia (gehienez, 13 puntu).
– Dagokion espezialitatean, fakultatibo lanpostuan egindako zerbitzu-hil bakoitzeko, 0,0500 puntu.
– Dagokion espezialitatean, atalburu lanpostuan egindako zerbitzu-hil bakoitzeko, 0,0750 puntu.
– Dagokion espezialitatean, zerbitzuburu lanpostuan egindako zerbitzu-hil bakoitzeko, 0,1000 puntu.
– Osasun administrazio publikoetako zuzendari edo zuzendariorde mediko egindako zerbitzu-hil bakoitzeko, 0,1000 puntu.
Lanbide-esperientziatzat hartuko dira erakunde hauetako osasun-zerbitzuetan egindako zerbitzuak: Osakidetza, Gizarte Segurantza, erkidego autonomoak, beste edozein administrazio publiko eta Europako Batasuneko gainerako estatu-kideetako sare publikoak.
Puntuak zenbatzerakoan, baztertuko dira hilabetera heltzen ez diren hondakinak. Hilabetetzat ulertuko da 30 eguneko kopurua.
II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutza zabaltzea (gehienez, 17 puntu).
Ikastaroetako ziurtagirietan kreditu kopurua besterik ez bada jaso, 0,1 puntu emango dira kredituko.
II.2.1.– Kudeaketako arloan jasotako prestakuntza (gehienez, 3 puntu).
Osasun-kudeaketari buruzko ikastaro bakoitzeko, puntu hauek emango dira:
– 20-30 ordukoak: 0,2000 puntu.
– 31-50 ordukoak: 0,3000 puntu.
– 51-100 ordukoak: 0,4000 puntu.
– 101-200 ordukoak: 0,5000 puntu.
– 200 ordutik gorakoak 1,2500 puntu.
Kontuan hartuko dira erakunde hauek emandako eta ziurtatutako ikastaroak: erakunde ofizialak, unibertsitateak, osasun-erakundeak, eta dagokion kasuan, elkargo profesionalak, elkarte zientifikoak, eta Osakidetzak edo edozein administrazio publikok harpidetu dituen etengabeko prestakuntzari buruzko itunen harira emandakoak eta ziurtatutakoak, baldin eta ez badaude sartuta titulu ofizial bat lortzeko helburua duen ikasketa-plan baten barruan.
II.2.2.– Espezialitatearen esparruko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).
Lanpostuaren espezialitatean egindako ikastaro bakoitzeko, puntu hauek emango dira:
– 20-30 ordukoak: 0,2000 puntu.
– 31-50 ordukoak: 0,3000 puntu.
– 51-100 ordukoak: 0,4000 puntu.
– 101-200 ordukoak: 0.5000 puntu.
– 200 ordutik gorakoak: 1,2500 puntu.
Baloratuko dira erakunde hauek emandako eta ziurtatutako ikastaroak: erakunde ofizialak, unibertsitateak, osasun-erakundeak; eta dagokion kasuan, elkargo profesionalak, elkarte zientifikoak, eta Osakidetzak edo edozein administrazio publikok harpidetu dituen etengabeko prestakuntzari buruzko itunen harira emandakoak eta ziurtatutakoak, baldin eta ez badaude sartuta titulu ofizial bat lortzeko helburua duen ikasketa-plan baten barruan.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu):
– Doktore: 3 puntu.
– Doktore cum laude: 4 puntu.
– Graduondoko masterra: 2 puntu.
– Aditua/Unibertsitateko espezialista: 1 puntu.
– Ikerkuntza arloko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuen diploma: 1 puntu.
– Doktorego-ikastaroak: bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,1000 puntu.
Ez dira baloratuko titulu hauek lortzeko baliatu diren programetako doktorego-ikastaroak: doktore, doktore cum laude, kudeaketa arloko nahikotasuna eta ikasketa aurreratuen diploma.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).
Dagokion espezialitateari lotutako lan zientifikoak argitaratzeagatik, edo txostenak, komunikazioak, hitzaldiak, edo mahai-inguruak aurkezteagatik:
– Eskualde mailako txosten bakoitzeko: 0,2500 puntu.
– Nazio mailako txosten bakoitzeko: 1,0000 puntu.
– Nazioarteko mailako txosten bakoitzeko: 1,500 puntu.
– Eskualde mailako ahozko komunikazio /poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.
– Nazio mailako ahozko komunikazio /poster bakoitzeko: 0,6000 puntu.
– Nazioarteko mailako ahozko komunikazio /Poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.
– Eskualde mailako mahai-inguru bakoitzeko: 0,200 puntu.
– Nazio mailako mahai-inguru bakoitzeko: 0,7500 puntu.
– Nazioarteko mailako mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (egile nagusia) bakoitzeko: 1,0000 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuekin batera): 0,50000 puntu.
– Liburu bakoitzeko (egile nagusia): 2 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuekin batera): 1 puntu.
– Liburu baten atal bakoitzeko (egile nagusia): 1,0000 puntu.
– Liburu baten atal bakoitzeko (beste egile batzuekin batera): 0,5000 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.
II.2.5.– Irakaskuntzako jarduera (gehienez, 3 puntu).
– Medikuntzako fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatean, (urteko): 1,0000 puntu.
– Medikuntzako fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatean, (urteko): 0,5000 puntu.
– Elkartutako irakaslea medikuntzako fakultatean, dagokion espezialitatean, (urteko): 0,2500 puntu.
– Egoiliarrei irakasteko akreditatutako tutorea, dagokion espezialitatean (urteko): 0,5000 puntu.
– Etengabeko prestakuntzako programa ofizialetan emandako irakaskuntza (orduko): 0,050 puntu.
III.– Euskararen ezagutza (gehienez, 6 puntu).
Baloratuko da bat etorrita Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan ezarritakoarekin, eta hura garatzen duten arauekin.