EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019214

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrietarako adostasun gabeko 201/2019 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2019-10-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201905187
Maila: Ediktua
Donostiako Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko Epaitegia, Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesal Zibila.
Judizioa: ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrien 201/2019 adostasun gabeko prozedura.
Gaia: gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak.
Demandatzailearen prokuradorea: Uriz Martin Gonzalez.
Judizio horretan epaia eman da 2019-10-07an. Horren bidez amaiera eman zaio prozesuari.
Carlos Patricio Diaz Bonifaz demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu baten bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibileko 1/2000 Legearen 497.2 artikuluaren arabera (PZL).
EPAITZA
Baiesten dut Martín González epaitegietako prokuradoreak, Jacqueline Edith Tello Culqui andrearen izenean eta haren ordezkari gisa, Carlos Patricio Díaz Bonifaz jaunaren aurka aurkeztu duen demanda. Horrenbestez, bien arteko harremana hautsi denez, XXXXX alaba adingabeari dagokionez honako neurri hauek hartu behar dira:
1.– Zaintza eta jagoletza esleitzea. XXXXX alaba adingabea Jacqueline Edith Tello Culqui amaren zaintza eta jagoletzaren pean geldituko da.
2.– Guraso-ahala. XXXXX alaba adingabearen guraso-ahalaren titulartasuna bi gurasoena da; hala ere, amak gauzatuko du esklusiboki ahal hori.
3.– Egonaldien, komunikazioen eta bisiten erregimena. Ez da aitaren eta alabaren artean bisita-erregimenik ezarriko. Aitak alabarekin harremanak berriro hasteko nahia adierazten badu, gurasoen artean adostu beharko dute hori, eta, desadostasunik bada, neurri hau aldatzeko eskatu ahal izango da, horretarako dagoen legezko prozeduraren bidez.
4.– Mantenu-pentsioa. XXXXX alaba adingabearen elikadura-premiei aurre egiteko, aitak ordaindu egin beharko du mantenu-pentsio bat, hileko 150 eurokoa, zeinak iraungo baitu semea adinez nagusi izan arte, edo ekonomikoki burujabe izan arte edo halako izateko kondizioan izan arte, fede onezko jokabidearekin bat etorriz. Urteko hamabi hilabeteetarik bakoitzeko lehen bost egunen barruan ordainduko zaio kopuru hori amari, hark berariaz adierazitako kontuan. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizeak aurreko urtean —abendutik abendura— izandako aldaketen arabera; 2020. urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak eguneraketak.
5.– Aparteko gastuak. Aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte; betiere, ados badaude eta dokumentu bidez modu sinesgarrian jasota gelditzen bada. Gastu horiek bi gurasoek batera erabakitakoak izan behar dira, gastuak egin baino lehen, edo, desadostasunik egonez gero, judizialki baimenduta egon behar dira.
Kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, gaixotasun fisiko edo mentalak arintzeko tratamenduei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere.
Aurreko paragrafoan azaldutako aparteko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere. Horrela, bada, gastu hori egiteari edo ez egiteari buruz desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastua bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo alabarentzat oso komenigarria bada eta familiaren egoerari egokitzen bazaio. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari gastua egin ondoren jakinaraztea.
6.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.
Alderdiei ez zaie kosturik ezartzen.
Epai honen aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna (PLZren 774. artikulua).
Horrela erabaki, agindu eta izenpetzen du Ana Rosa Bernal Dafaucek, Donostiako Lehen Auzialdiko 6 zenbakiko epaitegiko eta horri dagokion barruti judizialeko magistratu titularrak.
Ebazpen horren aurka apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke hogei egun balioduneko epean, ediktu hau argitaratzen denetik hasita, jakinarazi den ebazpenean bertan adierazten den bezala.
Interesdunak eskuragarri dauka jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, epaitegi honetako bulego judizialean, eta, han, osorik aztertu ahal izango du.
Donostia, 2019ko urriaren 9a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.