EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019212

EBAZPENA, 2019ko urriaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa, «AL.14 PAPIN» hirigintza-eremurako.

Xedapenaren data: 2019-10-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201905120
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
2019ko uztailaren 24an, Donostiako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, «AL.14 PAPIN» hirigintza-eremuari dagokiona (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan xedatutako edukia zuena. Gainera, dokumentu horretan, zeinek egin duen azaltzen da, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio estrategiko arrunta egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.
Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Uraren Euskal Agentziari eta IHOBE-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), eta, interesdun diren aldetik, Gipuzkoako Ekologistak Martxan eta Eguzki «Eguzkizaleak» elkarteei. Era berean, Donostiako Udalari ere izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako organo hauen txostenak jaso dira: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta IHOBE-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa; espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Donostiako HAPO «AL.14 PAPIN» hirigintza-eremuan aldatzea (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aipatzen diren kasuetan sartzen da; artikulu horretan, aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar duten planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, «AL.14 PAPIN» hirigintza-eremurako. Hona txostenaren edukia:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Donostiako HAPO «AL.14 PAPIN» hirigintza-eremuan aldatzearen (aurrerantzea, Planaren) helburua da AL.14 PAPIN eremuaren egungo erabilera industriala sendotzea. Izan ere, Donostian indarrean den HAPOk aurreikusten zuen eremu hori birgaitzea eta eraikuntza irekiko bizitegi-erabilerara bideratzea. Plana aplikatuz, egun garatzen ari diren eraikin gehienak sendotuko dira, Artxipi bideko 93 eta 111 zenbakietakoak izan ezik, horiek eraitsi egingo baitira; gainera, egun dauden dotazio eta espazio publikoak hobetu eta zabalduko dira, eta bazter uzten da Donostiako HAPOn aurreikusita zegoen bizitegi-garapena. Hortaz, eremuaren kalifikazio orokorra jatorrizko erabilerara lehengoratu da, hau da, «A30. Eraikin Irekiko Bizitegia» izatetik «b.10. Erabilera industriala» izatera pasako da.
Horretarako, mantentze- eta birgaitze-lanak egingo dira egun dauden eraikinetan, eta, hartara, dagozkien erabilerak eman ahal izango zaizkie –industrialak, nagusiki–, kalitate-baldintza egokietan. Halaber, espazio libreak eta bide-sare urbanizatuko dira, Molinao erretena agerian jarriko da 90 m-ko tarte batean, eta, lehenago adierazi bezala, zenbait eraikin eraitsi egingo dira.
Planaren xede den eremuak 33.068 m
Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile adierazgarrienak:
– Planaren eremutik, Molinao erretena iragaten da, eta Pasaiako portuan isurtzen ditu urak. Papingo tartean, aldaketa handiak jasan ditu erretenak, bai oinplanoan bai profiletan, eta haren trazadura estalita dago 90 m inguruko tarte batean.
– Zenbait kokaleku 165/2008 Dekretuan sartuta daude (165/2008 Dekretua, irailaren 30ekoa, Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzkoa.
– Donostiako udalerriko Zarataren Mapa Estrategikoaren arabera, bete egiten dira industria-lurzorua nagusi den eremuetarako kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak. Gainera, Planaren eremua «Altza»ko Babes Akustiko Bereziko Eremuan dago, zeinak onartua baitauka dagokion Zonako Plana.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.
c) Plana zenbateraino den egokia ingurumen-arloko alderdiak integratzeko, zehazki garapen jasangarria sustatzea helburu dutenak: planaren helburuetako bat da lurzorua zentzuz erabiltzea, zoru antropizatuak berrerabilita, eta ekosistema naturalak leheneratzea, Molinao erretena agerian utzita.
Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko alderdiak integratzeko.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: proiektuen obra-fasearekin lotutako jarduketak izango dira ingurumenean inpakturen bat eragin dezaketenak, eta hauek dira esanguratsuenak: lur-mugimenduak, batik bat lur kutsatu gisa inbentariatutako lursailetatik datozenak; Artxipi bideko 93 eta 111 zenbakietan dauden eraikinen eraispena, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan baitaude eraikin horiek, eta Molinao erretenaren lurpeko tartea aire zabalera irekitzea.
Jarduketa horiek guztiek eragin hauek ekarriko dituzte: aldi baterako eragina izango dute uren kalitatean; erriberako landaredian ere eragingo dute (sastraketan eta zenbait haritz aletan); zarata eragin, eta partikula esekiak isuriko dira; eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortuko dira, eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak mugiaraziko dira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremua Donostiako hiri-egituraren parte da; erabat, urbanizatuta eta eraikita dago, eta ez dauka espaziorik, ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoenik (Natura 2000 Sarea, esaterako), eta ez dauka natura-balioagatik esanguratsu den elementurik; ez ezta ondare historikoaren katalogoan bildutako kultura-elementu nabarmenik ere.
Beraz, esan daiteke Planak ez duela eragingo ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eragindako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean, indarrean dagoen araudia betetzen bada, besteak beste honako hauei dagokienez: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, paisaia eta kutsadura akustikoa.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Honako neurri nagusi hauek hartu behar dira:
– Proiektua gauzatzean, ahalegina egin behar da obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legean xedatzen denez, lurzoruaren kalitate-adierazpen bat izapidetu beharko da, baldin eta lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada. Egoera horri aurre egiteko egin behar diren lur-mugimenduak egiteko, ezinbestekoa izango da gaika induskatzeko plan bat onartu beharko du aldez aurretik autonomia-erkidegoko ingurumen-organoak, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren prozeduran. Onarpen horretan adierazitako baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte induskatutako materialek.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen (2017rako lehentasuna) eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza-2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.
Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:
Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.
Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.
Hondakin solido gutxiago sortzea.
Lurzoruaren okupazioa murriztea.
Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
Ur gris gutxiago sortzea.
Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.
Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.
Barneko airearen kalitatea hobetzea.
Konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten «AL.14 PAPIN» hirigintza-eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Agindua ematea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean onartuko ez balitz Donostiako HAPO «AL.14 PAPIN» eremuan aldatzea. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 16a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.