EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019212

100/2019 EBAZPENA, urriaren 25ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa sortzeko lankidetza-hitzarmenari atxikitzeko Arabako Foru Aldundiak izenpetu duen eranskina.

Xedapenaren zenbakia: 201900100
Xedapenaren data: 2019-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201905117
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/02/06an argitaratutako 2019/01/24ko 201900001 EBAZPENA

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena urtarrilaren 24ko 1/2019 Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian lankidetza-hitzarmena argitaratu zen, Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa sortzeko (EHAA 2019-02-06).
Horren hamaseigarren klausularekin bat etorriz –Atxikimenduak–, 2019ko ekainaren 10ean, Arabako Foru Aldundiak hitzarmen horri atxikitzeko eranskina sinatu zuen.
Zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa sortzeko lankidetza-hitzarmenari atxikitzeko Arabako Foru Aldundiak izenpetu duen eranskina; testua eranskinean dago.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 25a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 25EKO 100/2019 EBAZPENARENA
ERANSKINA, ARABAKO FORU ALDUNDIA BASQUE RESEARCH AND TECHNOLOGY ALLIANCE – EUSKAL PARTZUERGO ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOA SORTZEKO LANKIDETZA-HITZARMENERA ATXIKITZEARI BURUZKOA
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 15a.
María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, «BRTA, Basque Research and Technology Alliance–Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoaren» izenean eta hura ordezkatuz.
María Pilar Garda de Salazar Olano andrea, «Arabako Foru Aldundiaren» izenean eta hura ordezkatuz.
Aldeek, dokumentu honen bidez, elkar behartzeko gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna aitortzen diote elkarri.
2019ko urtarrilaren 23an, BRTA, Basque Research and Technology Alliance–Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa sortzeko lankidetza-hitzarmena (aurrerantzean, hurrenez hurren, «Partzuergoa» eta «Hitzarmena» esango diegu) sinatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, hamabi zentro teknologikok eta elkarlaneko lau ikerketa-zentrok, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2019ko otsailaren 26an, 26. zenbakian.
Hirugarrenak (bereziki, foru-aldundiak) Partzuergora atxikitzeko eta sartzeko sistema ezartzen da Hitzarmenaren hamaseigarren klausulan, honela:
«1.– Hitzarmen honi atxiki ahal izango zaizkio eta Partzuergoan txertatu ahal izango dira beste administrazio publiko batzuk edo sektore publikoko beste entitate batzuk, baita aurrez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean txertatutako beste edozein ikerkuntza kooperatiboko zentro edo zentro teknologiko ere, Partzuergoaren Estatutuetan zehaztutako prozedurari jarraikiz.
2.– Agente bat Hitzarmenean atxikimendu soilaren bidez sartu ezin denean eta horretarako Hitzarmenaren baldintzaren bat aldatu behar denean, aldeek aho batez hartu beharko dute erabakia.
3.– Ildo berean, Partzuergoko agenteak Partzuergotik eta Hitzarmen honetatik bereizi ahal izango dira, eta, horretarako, Partzuergoaren Estatutuetan aurreikusitako prozedurari jarraitu beharko diote».
Estatutuaren 38. artikuluan, Partzuergora kide berriak sartzeko erregulazio berezia ezartzen da, betekizun eta baldintza hauek xedatzen baititu:
«Partzuergora kide berriak sar daitezen, administrazioa, erakunde publikoa nahiz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean txertatutako edozein ikerkuntza kooperatiboko zentro edo zentro teknologiko izan gorabehera, honako hau beharko da:
a) Erakunde interesdunak eskaera aurkeztu beharko du.
b) Boto-eskubidea duten kideen legezko kopuruaren gehiengo osoak onartu beharko du Batzar Nagusian.
c) Eskatzaileak Hitzarmena sinatu beharko du. Harpidetza horrekin, beste eranskin bat gaineratuko zaio Hitzarmenari. Bertan, eskatzaileak Partzuergora sartuta bere gain hartzen dituen betebeharrak ezarriko dira, urte naturala osatzeko falta den denborari dagokionez. Atxikitze-eranskinak zehaztuko du zenbat ordezkari izango dituen erakundeak Partzuergoaren organoetan, eta, xede horretarako, berriro esleituko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari edo Partzuergoko agenteei Estatutuen 10.7 b) edo c) artikuluetan hurrenez hurren aitortutako boto-eskubideen ehunekoa.
d) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da atxikitze-egintza».
Halaber, Estatutuen 30.3.e) artikuluan berresten da Batzar Nagusiaren botoa nahitaezkoa dela:
«3.– Estatutu hauen 10.7. artikuluan ezarritakoaren arabera, Batzar Nagusiaren gehiengo osoak eman beharko du aldeko botoa, honako gai hauetan erabakiak har daitezen:
e) Kide berriak atxikitzea».
Horren arabera,
Lehenengoa.– Arabako Foru Aldundiak Partzuergora atxikitzea eskatu zuen 2019ko martxoaren 14an hartutako erabakiaren bidez.
Bigarrena.– Partzuergoko Batzar Nagusiak aho batez onartu zuen Arabako Foru Aldundia Partzuergora atxikitzea, 2019ko ekainaren 10eko bileran.
Hirugarrena.– Arabako Foru Aldundiak Hitzarmena sinatu du, eduki guztiak onartzearekin bat, eta, beraz, eranskin hau erantsi da.
Laugarrena.– Arabako Foru Aldundiak 15.000 euro jarriko ditu Partzuergoaren jardueraren finantzaketan (sartzen denetik urte naturala amaitzen den arte) parte hartzeko.
Datozen urteetan, Partzuergoaren aurrekontuetan ezartzen diren urteko kopuruen % 1,50 jarriko du Arabako Foru Aldundiak. Hitzarmenaren seigarren klausularen 3. zenbakian, Partzuergoaren urteko aurrekontuen % 10 jartzeko konpromisoa hartu zuen SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak; bada, Arabako Foru Aldundiak bere gain hartu duen % 1,50 murriztuko zaio.
Arabako Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu Hitzarmenaren zazpigarren klausularekin bat eginez erabakitzen diren aparteko ekarpenak, aurreko paragrafoan ezarritako partaidetza-portzentaje berberarekin eta SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari hasiera batean ezarritako betebeharra ordezkatzeko ondorio berberarekin.
Bosgarrena.– Aarabako Foru Aldundiak ordezkari bat edukiko du Batzar Nagusian, eta boto-eskubideen % 1,50 izango du organo horretan. Estatutuen 10.7.b) artikuluan, Batzar Nagusiko boto-eskubideen % 10 esleitu zitzaion SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari; bada, Arabako Foru Aldundiak bere gain hartu duen % 1,50 murriztuko zaio.
Seigarrena.– Arabako Foru Aldundiak ordezkari bat edukiko du Zuzendaritza Batzordean, organo horrek Hitzarmenaren jarraipena egiten duenerako, hamargarren klausularekin bat.
Zazpigarrena.– Arabako Foru Aldundia atxikitzeko eranskin hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Eta, adostasuna adierazteko, aldeek Eranskin hau izenpetu dute, 2 aletan eta ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Euskal Partzuergo Zientifiko –Teknologikoa / Consorcio Científico Tecnológico Vasco- Basque Research and Technology Alliance, BRTA, Lehendakaria,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Arabako Foru Aldundia, Lehenengo diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren, Berrrikuntzaren eta Demografía Erronkaren diputatua,
MARÍA PILAR GARCÍA DE SALAZAR OLANO.