EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-11-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019209

EBAZPENA, 2019ko urriaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Gasteizko HAPOaren egitura-aldaketa puntualaren ingurumen-txostena ematen baita, OR-11 eta OR-13 industria-lurzoruen (Santo Tomas Ibaiaren plaza) ordenantzako erabileren bateragarritasunari dagokiona.

Xedapenaren data: 2019-10-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201905056
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2019ko apirilaren 26an, Gasteizko Udalak eskaera egin zion ingurumen-organoari Gasteizko HAPOaren egitura-aldaketa puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, OR-11 eta OR-13 industria-lurzoruen ordenantzako erabileren bateragarritasunari dagokiona (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko uztailaren 22an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzari, Arabako Ekologistak Martxan elkarteari, GADEN Natura Defendatzeko eta Ikertzeko Arabako Taldeari eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
Amaitu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.
Gasteizko HAPOaren egitura-aldaketa puntuala, OR-11 eta OR-13 industria-lurzoruen (Santo Tomas Ibaiaren plaza) ordenantzako erabileren bateragarritasunari dagokiona, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zer plan edo programak behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gasteizko Udalak sustatutako OR-11 eta OR-13 industria-lurzoruen (Santo Tomas Ibaiaren plaza) ordenantzako erabileren bateragarritasunari dagokion Gasteizko HAPOaren egitura-aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Aldaketaren helburua da Santo Tomas Ibaiaren plaza Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren ordenantzetako 11. (industria-eraikuntza isolatuari buruzko ordenantza) kapituluan eta 13. kapituluan (bizitegi ez diren errepide ertzeko eraikuntzei buruzko ordenantza) aipatzen diren kale nagusien zerrendan sartzea. Horrela, Gamarrako Atea kalearen aurrealdean hirigintza-tratamendua jarraitua izatea lortuko da, eta plaza horren ondoko lurzatiak –oraindik eraiki gabe dago– Gamarrako Atea kalera begira dauden gainerako lurzatiek dituzten erabilera-baldintza berak izango ditu, kale nagusi horren zatitzat hartzen baita.
Proposatutako aldaketak ez du aldatzen hirigintzako inolako parametrorik (eraikigarritasuna, oinplano-okupazioa, eraikuntzaren altuera, atzeraemangunea, etab.); zenbait erabilera besterik ez ditu arautzen. Ez ditu aldatzen erabilera bereizgarriak edo nagusiak; hau da, industria-erabilera eta biltegiratze-erabilera izaten jarraitzen dute.
Aldaketak aukera emango du merkataritza-erabilerara zuzendutako azalera handitzeko, industria-erabileraren eta biltegiratze-erabileraren kaltetan, azalera hori orain mugatua da eta. Hala, Gamarrako Atea kalera begira dauden gainerako lurzatien egoera orekatuko da. Aldaketak ere aukera emango du logela kopuru jakin bateko hotel-establezimenduak eta bulegoak egiteko Santo Tomas Ibaiaren plazara begira dauden lurzatietan. Hala ere, bidalitako dokumentazioaren arabera, hotel-establezimendu horien ordez, inguruko establezimenduen antzeko merkataritza-establezimenduak daude aurreikusita (erakusteko eta saltzeko merkataritzak eta bulegoak).
Espediente hau izapidetzeko emandako informazioaren arabera, gaur egun, ez dakigu zein izango den eremuaren azken erabilera, ezta lurzatiak izan ditzakeen eraikinen tipologia eta forma ere.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planaren aldaketak ez ditu aldatzen hirigintza-parametroak, baina zenbait erabilera arautzen ditu. Giza eragina jasan duen hiri-lurzoruko eremu bat da, eta iraganean, fabrika bat egon zen bertan (fabrika itxi ondoren, eraitsi egin zen). Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez du HAPOa aldatzen baldintzatzaileak txertatzeko; besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektu berriak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Planaren eremua «08. Zadorra-Ihuda» izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago, eta eremuak uholde-arriskua dauka, are 500 urteko errepikatze-denbora duten uraldietarako ere. Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP), bere neurrien programan, egiturazko jarduketak eta ertzak antolatzeko jarduketak aurreikusten ditu UAHE honetan; zehazki, Zadorra ibaiaren uholdeen aurkako defentsa-programa (Gasteizko hirigunean).
Arrisku horri dagokionez, Plana bateragarria da; betiere, Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa betetzen badu.
c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko; bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planak egoera degradatuan dagoen lurzoru urbanizatu bat hartzeko eta optimizatzeko aukera eman eta/edo laguntzen du; hala, artifizialdu ez diren beste lurzoru batzuk hartzea ekidingo da, jarduera ekonomikoak eta produktiboak kokatzeko. Horrez gain, plana gauzatzeak aukera eman dezake kokalekuko kutsadura kentzeko, baldin eta horrela ezartzen bada lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozeduran.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei eta uholde-arriskuen prebentzioari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartze eta jarduerak.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.
Eremua bat dator 480 kodea duen katastro-lurzatiarekin; Santo Tomas Ibaiaren plazaren 1. zenbakian dago kokatuta, Betoñoko industrialdearen barruan, Gasteizen iparraldean, eta hiriburuko hiri-bilbean sartuta. Hiri-lurzoru industrialeko eremu bat da; 30.249 metro karratuko azalera du, eta fabrika bat zegoen bertan (enpresa itxi ondoren, fabrika eraitsi zen). Gaur egun, orube huts bat da; gizakiaren eragina jasan duen lurzoru baten gainean dago, eta ez dauka ez ingurumen- ez natura-balio adierazgarririk. Ez da aurkitu naturagune babesturik, flora-espezie mehatxaturik, interes geologikoko tokirik, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere. Zadorra ibaiaren KBEa kokalekutik 600 metrora dago (iparraldean), eta Salburuko hezeguneen KBEa, HBBEa eta Ramsar hezegunea 900 metrora (hego-ekialdean).
Lurzatia Gasteizko akuifero kuaternarioaren gainean dago kokatuta, eta interes hidrogeologikoko eta akuiferoak kutsatzeko arrisku-maila handiko gune bat da. Emandako informazioaren arabera, eremuan ez da hauteman ibai-ibilgurik, ezta jariatze adierazgarririk eta ur-punturik ere. Dena den, lurzati osoak 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua dauka, «08. Zadorra-Ihuda» izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuak (UAHE) bezala.
Bestalde, planaren eremua EAEn kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen inbentarioan dago sartuta, iraganean izan zuen industria-erabilera dela eta.
Eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, ingurumen-arazo nabarmenenak guneak dituen ingurumen-arriskuen ondorioz sortu dira, bai 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskuagatik bai kutsatuta egon daitezkeen lurzoruengatik. Horrez gain, lurpeko urak kutsatzeko arriskua aipatu behar da: izan ere, lurzatia akuiferoa kutsatzeko arrisku handiko gune batean dago kokatuta. Ondorioz, beharrezkoa da prebentzio-neurriak diseinatzea, isurketek edo beste ezbehar batzuek lurzorua kutsatzea ekiditeko, baita zuzenketa-neurriak ere, plana gauzatzean lurpeko urak kutsatuta daudela hautemanez gero.
Plana gauzatzeak eragiten dituen gainerako ondorioek urbanizazio- eta eraikuntza-obrekin dute zerikusia, batez ere: lur-mugimenduak, indusketa-lurrak eta obra-hondakinak sortzea, partikulak igortzea atmosferara, soinu-mailak handitzea makinen joan-etorrien ondorioz, etab.
Hala ere, aipatutako ondorioak indarrean dagoen HAPOan xedatutako egoerarekin alderatuta baloratuko dira. Zentzu horretan, aurreikusitako aldaketak ez ditu aldatzen hirigintza-parametro bereizgarriak (eraikigarritasuna, oinplano-okupazioa, altuera, etab.), ez eta erabilera nagusiak ere. Dena den, merkataritza-erabilerarako azalera handitzeko aukera ematen du, industria-erabileraren eta biltegiratze-erabileraren kaltetan, baita bulegoak eta hotel-establezimendu bat ezartzeko ere. Hori horrela, aurreko apartatuetan aipatutako inpaktuak ez dira hartzen afekzio berritzat, kontuan hartuta indarrean dagoen HAPOa garatu ondoren gerta daitezkeenak. Hala ere, eremuak dituen ingurumen-arriskuek, zehazki uholde-arriskuak eta kutsatuta egon daitezkeen lurzoruek, bai eta egoera akustikoak ere, eragina izan dezakete ezarri behar diren erabileren eta instalazioen erabileran edo banaketan.
Funtzionamendu-fasean, maiztasuna areagotu daiteke, eta horrek eta ezartzen diren jarduera berriek zarata-eragozpenak eragin ditzakete. Kontuan hartuta eremua hiri-lurzoru industrialean kokatuta dagoela eta aldaketak ekarriko lituzkeen erabilera berriek, printzipioz, industria-erabilerak eta biltegiratze-erabilerak eragingo luketen inpaktu akustikoa baino inpaktu txikiagoa sortuko luketela, ez da aurreikusten zarata-mailek nabarmen egitea gora ez lurzatiaren kanpoko giroan ez inguruan.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Edonola ere, honako neurri hauek hartuko dira:
Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen den kokaleku batekin (kodea: 01059-00320). Horrenbestez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez adierazi beharko du lurzoruaren kalitatea, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.
Hori horrela, ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak bete beharko dira, eta ebazpena Urbanizatzeko Jarduketa Programa edo, hala badagokio, kokalekua barne hartzen duen kudeaketa-eremuko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuak onartu aurretik eman beharko da, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta.
Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.
Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan izan behar du Ebroko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa. Zehazki, Lurralde Plan Sektorialaren E.2.2 eta E.2.5 apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere kalterik egin gabe Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 25.4 artikuluak ezarritako txostena emateko eskumena duen administrazio hidraulikoak ezartzen duenari.
Kutsadura akustikoari dagozkion neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenaren arabera, ezingo dira gauzatu etorkizuneko garapen urbanistikoak kanpoko giroan kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Hori horrela, bermatu beharko da Planetik eratorritako hirigintza-garapenak Santo Tomas ibaiaren plazaren ondoko lurzatiari ematen zaion erabileran aplikatzeko kalitate akustikoarekin lotutako helburuak betetzen dituela, eta, kasu horretan, urriaren 16ko 231/2012 Dekretuaren 37. artikuluan aurreikusita dagoen inpaktu akustikoaren azterketa txertatuko da.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Ingurumen-dokumentuan aurreikusitako neurri babesleez eta zuzentzaileez gain (honako hauekin lotuta: lurzoruaren eta uren babesa, lurren eta soberakinen kudeaketa, hondakinen sorkuntza eta kudeaketa, induskatutako lurzoruen kontrola, airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa eta berdeguneen landareztatzea), neurri hauek hartuko dira:
– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten OR-11 eta OR-13 industria-lurzoruen (Santo Tomas Ibaiaren plaza) ordenantzako erabileren bateragarritasunari dagokionez Gasteizko HAPOan egitekoa den egitura-aldaketa puntualak eragin adierazgarririk izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Gasteizko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, OR-11 eta OR-13 industria-lurzoruen (Santo Tomas Ibaiaren plaza) ordenantzako erabileren bateragarritasunari dagokionez Gasteizko HAPOan egitekoa den egitura-aldaketa puntuala onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.