EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2019205

EBAZPENA, 2019ko urriaren 14koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako bi irakurle hautatzeko deialdia egiteko dena.

Xedapenaren data: 2019-10-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201904966
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du Instituturako: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.
Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Txileko Santiagoko Unibertsitaterako, Txileko Santiagoko Pontificia Universidad Católica Unibertsitaterako eta Montevideoko La Republica Unibertsitaterako (Uruguai) irakurlea hautatzeko lehiaketa publikorako deialdia egitea.
Hori dela eta, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da: euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, unibertsitate hauetan aritzeko:
– Irakurle bat Txileko Unibertsitaterako eta Txileko Pontificia Universidad Católica Unibertsitaterako.
– Irakurle bat Uruguaiko Montevideoko La Republica Unibertsitaterako.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:
– Txileko Unibertsitaterako: lau mila berrehun eta hogeita lau (4.224) euro ikasturteko.
– Txileko Pontificia Universidad Católica unibertsitaterako: hamar mila zortziehun eta hirurogeita hamabi (10.872) euro ikasturteko.
– Montevideoko La Republica Unibertsitaterako: hamabi mila ehun eta hogeita hamazazpi (12.137) euro ikasturteko.
Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela, irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat.
Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da.
3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:
Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. artikuluko hautapen-irizpideen arabera.
4. artikulua.– Helburuko unibertsitatearen arabera bete behar diren baldintza zehatzak.
1.– Txileko Unibertsitaterako:
Baldintzak:
Klase-orduak: astean 1,5 ordu, eta 12 orduko ikastaroa ikasturteko.
Bisatua: Txilen lan egiteko eskubidea onartzen duen bisatua indarrean izatea ikasturtea hasi baino lehen.
2.– Txileko Pontificia Universidad Católica.
Baldintzak:
Klase-orduak: astean 4,5 eskola-ordu.
Bisatua: Txilen lan egiteko eskubidea onartzen duen bisatua indarrean izatea ikasturtea hasi baino lehen.
3.– Montevideoko La Republica Unibertsitaterako:
Eskola orduak: irakurleak asteko 20 eskola-orduko lan-karga izango du.
Bisatua: Uruguain lan egiteko eskubidea onartzen duen bisatua indarrean izatea ikasturtea hasi baino lehen.
5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.
Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. Artikuluko baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsari- eta zerga-erregimenari dagokionez.
Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutuak ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.
Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitaterako lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.
6. artikulua: irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromiso hauek onartzea ekarriko du, eta honako eskubide hauek izatea:
– Onartze-agiria sinatzea.
– Emandako ordutegia betetzea.
– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.
– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.
– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.
– Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio, luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritze hori Unibertsitateak egindako aldeko txostenak baldintzatuta dagoelarik. Txileko Unibertsitateari eta Txileko Pontificia Universidad Católica Unibertsitateei dagokienez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 2. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan eta, aldiz, Uruguaiko La Republica Unibertsitateari dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Kasu horietan guztietan, salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin adostutako trantsizio epea euskal ikasketen indartzeko estrategiarako.
Bertaratze datak:
– Txileko Unibertsitatera bertaratzea 2020ko martxoaren 9a baino lehen.
– Txileko Pontificia Universidad Católica Unibertsitatera bertaratzea 2020ko martxoaren 2a.baino lehen.
– Uruguaiko La Republica Unibertsitatera bertaratzea 2020ko martxoaren hasieran, ikasturtea hasi baino lehen.
– 2020ko ikasturtea amaitutakoan zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken horrek ebalua dezan hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doazen.
– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.
– Irakurleak konpromisoa hartzen du Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko ere, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.
– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.
7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.
Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.
Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren bulegoan (Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
2.– Eskabideekin batera, hautagaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).
– II. eranskina, behar bezala beteta.
– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adierazita. Euskal kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adierazita. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatziko da.
Hautagaiek aipatutako merezimendu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez egiaztatzeko modukoak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.
Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak EHAAn eta Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.
3.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskeraren Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
9. artikulua.– Hautapen-batzordea.
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko hautapen-batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoei buruz esandakoa hartuko da kontuan.
Batzordearen osaera EHAAn argitaratuko da.
10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.
Hautagaien hautapena baremo honen arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:
1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:
Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.
Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4. HE egiaztatuta badute: 4 puntu.
Giza zientzietako, gizarte-zientzietako eta arte-diziplinako gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.
Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.
2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen eta egiazta daitezkeen orduen kopuruen arabera.
Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.
Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitateetan: 1 puntu ikasturteko.
Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0,5 puntu ikasturteko.
3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren hizkuntzak jakitea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko irizpide hauen arabera:
A2 = 0,25 puntu.
B1 = 0,50 puntu.
B2 = 0,75 puntu.
C1 = puntu 1.
C2 = 1,5 puntu.
4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu.
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.
Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.
Bestelako doktoregoa: puntu 1.
Euskararen arloko masterra: 2 puntu.
Hezkuntzarekin edo hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.
Bestelako masterra: 0,5 puntu.
Atzerriko unibertsitateetan euskara irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.
IGI-CAP: 0,5 puntu.
Glotodidaktika ikastaroa: 0,5 puntu.
Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0,25 puntu.
5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.
Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia atal hauetan: helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia. Proiektu pedagogikoko gehieneko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batezbestekoa izango da.
6.– Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honako hauek hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan- eta kudeaketa-eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, 10.2 atalean jasotzen direnetatik at, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana. Irakaskuntzako edo itzultzaile gisa egindako lan eskarmentuari dagokionez lan egindako ordu kopuru zehatza eta lan hori zein hizkuntzatan egin den/irakaskuntzan emandako gaia zein izan den frogatzeko modua eman beharko da (kontratua/ziurtagiri ofiziala) eskarmentu hori baloratu ahal izateko.
11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.
Hautapen-batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merezimenduak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen-batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.
Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.
Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira kasu hauetan:
Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.
Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.
Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.
12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.
Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateei proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak izango dira azken erabakia hartzen dutenak.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.
13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.
Unibertsitateak hala eskatzen badu Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.
14. artikulua.– Lan poltsa, ukoak eta ordezkapenak.
Behin unibertsitate bakoitzeko irakurlea aukeratua izan denean, irakurletza bakoitzerako hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko dira lan poltsak eta hautapen-batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du tokian tokiko irakurlearen ukoak sortutako irakaskuntza beharrei edo bestelako kasuetan egokia ikusiz gero sortutako beharrei erantzuteko.
Hautatuek 2020 ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuei uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.
Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datuen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskal Hizkuntza eta Kultura Lektoreak eta Katedretako Irakasle Gonbidatuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da. Legezko betebeharrik izan ezean, eta, hartara eragotzi barik, proposatutako hautagaien kasuan, dagozkien unibertsitateetara bidaltzeko aukera, ez zaizkio hirugarren bati lagako.
Interesdunak eskubide hauek ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, baita banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko ere. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, eta, horretarako, eskabidea helbide honetara zuzendu: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia, edo Datuen Babeserako ordezkariari, helbide honetan: dpd-dbo@euskadi.eus
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2019ko urriaren 14a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.