EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2019204

167/2019 DEKRETUA, urriaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilboko Arte Moderno eta Garaikidearen Museoaren Ukanduna SL» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko baimena emateko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201900167
Xedapenaren data: 2019-10-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201904943
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 1994/12/20an argitaratutako 1994/11/29ko 199400460 DEKRETUA

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Azaroaren 29ko 460/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena eman zitzaion «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietateko kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harrezkero, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko berrogeita hamarreko partaidetza du sozietate horren kapitalean; Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, gainerako ehuneko berrogeita hamarrekoa.
«Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen xedea edozelako arte-lan eta -sorkuntza motak eskuratu eta ustiatzea da, baita arte-erakusketak eta -erakustaldiak antolatzea ere.
Sozietatearen Ohiko Batzar Orokorrak 2019ko ekainaren 17an egindako bilkuran erabaki zuen, besteak beste, kapital-gehikuntza bat proposatzea, beharrezko baliabideak lortzeko xedez; horiei esker, 2019ko ekitaldian zehar, ekin ahal izateko Bilboko Guggenheim museoaren bilduma propioko eskuratze-programari. Proposamen horrek hau dakar: Eusko Jaurlaritzak sozietatean beste 1.663 partaidetza harpidetzea 999.479,63 euro guztira, «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen kapitalean duen partaidetza-ehunekoari eutsi diezaion.
1.663 partaidetza horiek harpidetzeko kreditu egoki eta nahikoa dagoenez, eta lehen paragrafoan adierazitakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.
Horretaz gain, kapital-gehikuntzaren ondorioz, beharrezkoa da «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, sozietatearen kapitalari dagokiona, hain zuzen.
Hori dela eta, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 22an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» erantzukizun mugatuko sozietatearen kapital-gehikuntzan parte har dezan 999.479,63 euro, sozietatearen batzar nagusiak adostutako gehikuntza osoaren gainetik; horretarako, sozietatearen 831 partaidetza eskuratuko ditu –bakoitzaren balio nominala 601,01 euro– eta guztiak batera ordainduko ditu.
Onartutako partaidetza sozialaren balio nominal osoa bazkideek ordainduko dute 2019ko azaroaren 15a baino lehen, eskudirutan eta Europako moneta erkidean.
Gehikuntzaren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietate horren kapitalean izango duen partaidetza 56.659.015,73 eurokoa izango da, 94.273 partaidetzatan banatua. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatean edukiko duen partaidetza kapitalaren ehuneko berrogeita hamarrekoa izango da, gainerako ehuneko berrogeita hamarra berriz, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren partaidetzen ordezkariari onar dezan «Tenedora Museo de Arte Moderno y Contemporáneo de Bilbao, S.L.» sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzea, kapital-gehikuntzari egokitu dakion, honela: «Sozietatearen kapitala, harpidetua eta ordaindua, honenbestekoa da: ehun eta hamahiru milioi hirurehun eta hemezortzi mila eta hogetahamaika euro eta berrogei eta sei zentimo (113.318.031,46), hau da, sozietatearen 188.546 partaidetza, bakoitzaren balio nominala seiehun eta bat euro eta zentimo batekoa izanik eta 1etik 188.546ra zenbakiturik, biak barne».
3. artikulua.– Ahalmena ematea Ondare eta Kontratazioko zuzendariari, aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko behar diren jarduketak egin ditzan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko urriaren 22an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.