EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019202

EBAZPENA, 2019ko urriaren 16koa, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarena, garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren deialdia egiten duena 2019rako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-10-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201904897
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2008/11/28an argitaratutako 2008/11/18ko 200800189 DEKRETUA

Azaroaren 18ko 189/2008 Dekretuaren bitartez arautzen da «Ignacio Ellacuría» saria, eta helburua da Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea, euskal gizartea eta nazioartekoa sentsibilizatze aldera.
Dekretu horren 3. artikuluan ezartzen denez, saria urtero deituko da garapenerako lankidetzaren arloko sailburu eskudunaren agindu bidez, eta aginduan edizio bakoitzaren aldi baterako oinarri espezifikoak zehaztuko dira. Bestalde, dekretuaren 5. artikuluak xedatzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko duela saria.
Deialdia egiteko eskumenari dagokionez, eta kontuan izanik zer dioten, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, eta bestetik, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia da deialdi hau egiteko organo eskuduna.
Saria emateko kudeaketei eta horretarako eman beharreko ebazpenei dagokienez, berriz, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak izango du eskumena, hala xedatuta baitago, batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 4.b) artikuluan, eta, bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 5.b) artikuluan.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2019ko martxoaren 7ko bileran, erabaki eta proposatu zuen dirulaguntzerako deialdia eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartzea.
Hori dela eta, hauxe
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren 2019ko deialdia egitea, onartu diren eta I. eranskinean agertzen diren oinarriei jarraituz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan berariaz aurreikusten ez den guztian, arau hauek aplikatuko dira: 189/2008 Dekretua, azaroaren 28koa, garapen-lankidetzarako «Ignacio Ellacuría» saria sortu eta arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia,
JUAN ANTONIO FERNÁNDEZ ERDOCIA.
I. ERANSKINA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN «IGNACIO ELLACURÍA» SARIAREN 2019KO DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da garapenerako lankidetzaren «Ignacio Ellacuría» sariaren deialdia egitea; sari honen helburua da Euskadiko eta Euskaditik kanpoko erakundeek, kolektiboek eta gizabanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren aldeko eta pobrezia ezabatzeko borrokan egindako ekarpena aitortzea eta behar den hedapena ematea, euskal gizartea sentsibilizatze aldera.
Bigarrena.– Sariaren ezaugarriak.
Saritzat oroigarrizko artelan bat eta 15.500 euroko zenbateko gordina emango dira. Diru-zenbateko horrek dagokion atxikipen fiskala izango du.
Hirugarrena.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus edo http://www.elankidetza.euskadi.eus webguneko deialdien atalean.
3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
Laugarrena.– Hautagaitzak aurkezteko epea eta modua.
1.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Hautagaitzak euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira.
Bosgarrena.– Hautagaitzak eta eskatzen den dokumentazioa.
1.– Hautagaitza eskabide-orri normalizatuan bete beharko da, behar bezala eta osorik, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri baitago.
2.– Hautagaitza horrekin batera, hauek aurkeztu behar dira:
a) Legezko ordezkaritza egiaztatzen duen dokumentazioa, betiere eskaera sinatzen duen pertsona Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatuta ez badago erakunde eskatzailearen ordezkari gisa, eta egiaztapen hori Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian agertzen ez bada (eskuragarri helbide hauetan: https://euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus).
b) Baimena, saria ematen duen erakundeak zuzenean egiazta dezan hautagai diren erakunde edo pertsona fisikoek honako hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen dituztela (zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei buruzkoak): 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluak, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege-dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
3.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat barne hartuko du, zeinean berariaz adieraziko baita Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3 artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeek edo pertsona fisikoek ezingo dutela saria jaso.
Seigarrena.– Epaimahaia.
Hautagaiak aztertzeko epaimahai bat eratuko da. Honako hauek izango dira epaimahai horretako kideak:
– Lehendakaria: Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Herritarren Partaidetzaren Batzordeko burua: Eva Juez Garmendia.
– Batzordekideak:
● Eusko Jaurlaritzaren eta beste euskal erakunde batzuen ordezkariak: Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Monika Hernando Porres, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria, Miren Izaskun Landaida Larizgoitia.
● Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Euskadiko Koordinakundearen lehendakaria: Sofia Marroquín Guerrero.
● Lankidetzaren eta garapenaren alorrean izen handia duen pertsona bat: Mikel Ayestaran Aierra, 2018an «Ignacio Ellacuría» saria jaso zuena.
– Idazkaria: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren arduraduna, Ana Rojo González.
Epaimahai horrek, deialdi honetan jasotako irizpideak kontuan hartuta, Agentziako Zuzendaritzari bidaliko dio dagokion ebazpen-proposamena.
Zazpigarrena.– Saria ematea.
Saria Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak xede horretarako antolatzen duen ekitaldi publiko batean emango da, Lehendakaritzaren egoitzan, Vitoria-Gasteizen.