EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019198

AGINDUA, 2019ko irailaren 25ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzietako Doktorego Programa unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201904801
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/12/28an argitaratutako 2017/12/19ko 201700274 DEKRETUA

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege organiko hori), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasunarekin–, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluaren proposamenaren bidez–, eta, betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek bultzatuko dituzte ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparruan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.
Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (eta gerora izan dituen aldaketetan), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.
Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitateko irakaskuntzak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa, hain zuzen.
Urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 1. artikuluaren xedea da arautzea nola antolatu doktorego-titulua lortzera zuzendutako unibertsitate-irakaskuntza ofizialen hirugarren zikloari dagozkion doktorego-ikasketak; izan ere, doktorego-titulu horrek izaera eta balio ofiziala izango du nazio-lurralde osoan.
Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan arautzen da zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.
Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak 2019ko apirilaren 28an onartu du 2019-2020 ikasturtean eranskinean zerrendatutako doktorego ikasketa ofiziala ezartzea.
Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuaren arabera (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatua), aldeko ebaluazio-txostena eman du Mondragon Unibertsitateak proposatutako doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofiziala ezartzeari dagokionez (eranskinean dago jasota).
Hori dela eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuz, eta proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2019ko uztailaren 23ko bilkuran jakitun jartzeko aurkeztu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Baimena ematea eranskinean zerrendatutako doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofiziala ezartzeko.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioari jakinaraztea, azken horrek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Baimentzen den doktorego irakaskuntza ofizialak sei urte igaro baino lehenago izan beharko du berrituta ziurtapena, betiere hasierako ziurtapena eman denetik aurrera. Berritze horrek bat etorri behar du urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan xedatutakoarekin (dekretu horren bidez, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dira).
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 25a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
ERANSKINA
DOKTOREGOKO UNIBERTSITATE-TITULU OFIZIALA EZARTZEA