EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019198

157/2019 DEKRETUA, urriaren 8koa, zeinaren bidez aitortzen baitzaio Bizkaiko AHIDA elkarteari –Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten pertsonen elkartea– onura publikokoa dela.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900157
Xedapenaren data: 2019-10-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201904797
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteei onura publikokoak direla aitortu ahal izango zaie, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Bizkaiko AHIDA elkarteak (Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten pertsonen elkartea) aitortza hori eman dakiola eskatu du, egiten dituen jardueren ondorioz onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duela uste baitu.
Bizkaiko AHIDA elkartea (Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten pertsonen elkartea) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen 1999ko maiatzaren 3an (AS/A/07970/1999 erregistro-zenbakia).
Elkartearen estatutuen 2. artikuluaren arabera, sozietatearen xedea honako helburu hauek betetzea da:
«a) Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten pertsonen eskubideak babestea eta bizi-kalitatea hobetzea.
b) Pertsona horiek gizartean integra daitezen eta euren kabuz moldatzeko kapaz izan daitezen laguntzea.
c) Pertsona horiek behar duten arreta berezia bermatzeko formazio-, ongintza-, laguntza- eta hezkuntza-jarduera guztiak antolatu eta egitea.
d) Gizarteari arazo hauen berri ematea, oro har, hezkuntza sanitarioaren barruan guztion ongia lortzea den aldetik.
e) Hezkuntzako arduradunei pertsona horien arazoen berri ematea, eta hezkuntza-zentroak euren ezaugarrietara egokitutako prestakuntza akademikoa lortzera bideratzea.
f) Gizartearen aurkako jarrerak antzeman eta prebenitzea (droga-abusua, alkohola, etab.), askotan horien erruz delituak ere egiten dira eta.
g) Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua azter dadila sustatzea.
h) Zentro sanitario publiko eta pribatuen lankidetza bilatzea.
i) Besteak beste, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua lantzen duten bilkura zientifikoak eta ikastaroak antolatzea eta beraietan parte hartzea.
j) Administrazio publikoaren erakundeei eta nazioko zein nazioarteko orotariko erakunde pribatuei laguntza eta lankidetza eskatzea, elkartearen helburuak lortze aldera.»
Bete dira honako arau hauetan ezarritako eskakizunak: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretua, eta Onura Publikoko Elkarteei eta haien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretua.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion espedientea instruitu da, eta elkartea onura publikokoa dela aitortzen da, Gobernu Kontseiluak hartutako dekretuaren bidez.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Hezkuntzako eta Osasuneko sailburuen proposamenez, emandako dokumentazioa aztertuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 8an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Bizkaiko AHIDA elkarteari onura publikoko erakundea dela aitortzea, jardueren bidez interes orokorra sustatzen duela iritzita. AHIDA elkartea arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua duten pertsonen elkartea da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/A/07970/1999 zenbakiarekin inskribatuta dago.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko urriaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.