EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2019195

77/2019 EBAZPENA, irailaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak instituzio sanitarioak ikerkuntza eta irakaskuntza sanitarioetarako erabil daitezen izenpetutako itunaren bigarren eguneratzea.

Xedapenaren zenbakia: 201900077
Xedapenaren data: 2019-09-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201904697
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2009/01/09an argitaratutako 2008/12/10reko 200800025 EBAZPENA
  • Ikus 2015/12/22an argitaratutako 2015/12/03ko 201500050 EBAZPENA

2008ko azaroaren 24an, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak itun bat izenpetu zuten instituzio sanitarioak ikerkuntza eta irakaskuntza sanitarioetarako erabil daitezen. Itun hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (2009ko urtarrilaren 9ko EHAA, 6. zk.) Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 10eko 25/2008 Ebazpenaren X. eranskinean.
Itunaren xedapen gehigarrietan xedatutakoarekin bat etorriz: eranskinak «berrikusiak izango dira, eta, behar izanez gero, eguneratuak, Batzorde Mistoaren proposamenez, irakaskuntzan, ikerkuntzan eta asistentzia arloan dauden beharrizanak aztertu ondoren». Horrenbestez, 2015eko urriaren 13an, lehendabizi eguneratu zen hitzarmena, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baitzen (2016ko abenduaren 22ko EHAA, 243. zk.) Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 3ko 50/2015 Ebazpenaren X. eranskinean.
Gerora, 2019ko martxoaren 27an, bigarrenez eguneratu eta izenpetu zuten; eta publiko egin behar denez, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak instituzio sanitarioak ikerkuntza eta irakaskuntza sanitarioetarako erabil daitezen izenpetutako itunaren bigarren eguneratzeari dagokion testua (ebazpen honen eranskina).
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 17a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 17KO 77/2019 EBAZPENAREN ERANSKINA
INSTITUZIO SANITARIOAK OSASUNAREN ARLOKO IKERKUNTZAN ETA IRAKASKUNTZAN ERABILTZEKO OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKO HITZARMENAREN BIGARREN EGUNERATZEA
Vitoria-Gasteizen, 2019ko martxoaren 27an.
BILDU DIRA:
Batetik, Nekane Balluerka Lasa andrea, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, erakunde horren izenean eta haren ordezkari gisa.
Eta bestetik, Miren Nekane Murga Eizagaechevarria andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko ente publikoaren presidentea.
Alde biek adierazitako karguak betez eta legez eman zaizkien eskumenak erabiliz dihardute, eta elkarri aitortzen diote hitzarmen hau izenpetzeko gaitasuna.
ADIERAZTEN DUTE:
I.– Instituzio sanitarioak osasunaren arloko ikerkuntzan eta irakaskuntzan erabiltzeko Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak sinatu duten Hitzarmeneko Lehenengo Xedapen Gehigarrian jasotakoaren arabera (25/2008 Ebazpena, abenduaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena), Hitzarmen horretako eranskinak berrikusi, eta hala badagokio, eguneratu egingo dira, betiere irakaskuntzako, ikerkuntzako eta arlo asistentzialeko premiak aztertu eta gero Batzorde Mistoak halakorik proposatzen duenean.
II.– EHUko eta Osakidetzako ordezkariek osatzen duten Batzorde Mistoak 2018ko ekaianren 13an egin zuen bileran, zera erabaki zen: EHUren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko hitzarmeneko I. eranskina eguneratzea eta dagokion proposamena hemen bildutakoei helaraztea, sina dezaten.
Horiek horrela, hau
ADOSTEN DUTE:
EHUren eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren arteko hitzarmenaren eguneraketa hau sinatzea:
«1.– Itunpeko zerbitzu bihurtzen dira Galdakao-Usansoloko Ospitaleko zerbitzu guztiak –aurrerantzean, «Galdakao-Usansoloko Ospitalea, UPV/EHUrekin elkartutakoa» izenaz ere ezagutuko dena –, bai eta Barrualde-Galdakaoko ESIari atxikitako lehen mailako arretako unitate guztiak ere.
2.– Horiez gain, automatikoki sartzen dira etorkizunean Galdakao-Usansoloko Ospitalean sor daitezkeen ospitaleko zerbitzu guztiak, bat etorrita 2018ko uztailaren 3ko 100/2018 Dekretuaren (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren erakunde sanitario integratuei buruzkoa) 30.4 artikuluan zehaztutakoarekin.»
Eta erabakitakoarekin ados daudela adierazteko, alde biek sinatu dute agiri hau, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoko presidentea,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.