EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2019195

ERABAKIA, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko uztailaren 24ko bilkuran hartua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontua 2017ko behin-betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2019-07-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201904695
Maila: Akordioa
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko uztailaren 24an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontua 2017ko behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 atalak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 24a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN 2017KO KONTUA
Laburdurak.
GKE.– Gobernu Kontseiluaren Erabakia.
IEB.– Inbertsioen Europako Bankua.
EAE.– Euskal Autonomia Erkidegoa.
EIBM.– Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa.
FPEK.– Finantza Publikoen Euskal Kontseilua.
ETS.– Euskal Trenbide Sarea.
BEZ.– Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
SPKL.– 30/2007 Legea, 2007ko urriaren 30ekoa, sektore publikoko kontratuei buruzkoa.
DLO.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.
AEFILO.– 2/2012 Lege Organikoa, apirilaren 27koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoa.
EHTSB.– Euskal Herriko Trenbide Sare berria.
KEB.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoa.
EAEKPP.– Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontabilitate Publikoko Plana, 2012ko ekainaren 25eko Agindu bidez onartutakoa, Ekonomia eta Ogasun sailburuarena.
ETE.– Enpresa txiki eta ertainak.
APKLEO.– 1098/2001 Errege Dekretua, urriaren 12koa, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzeko dena.
EKKLTB.– 2/2017 Legegintzako Dekretua, urriaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
SPKLTB.– 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onesten duena.
EAEHONALTB.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
EAETB.– 1/2011 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 24koa, Euskadiko aurrekontu araubidearen gaietan indarrean dauden legezko xedapenen testu bategina onartu eta EAEko Sektore Publikoko Fundazio eta Partzuergoei ezargarria zaien aurrekontuko araubidea arautzen duena.
EHU.– Euskal Herriko Unibertsitatea.
VISESA.– Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, SA – Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, EA.
I.– Sarrera.
Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE), berau arautzen duen 1/1988 Legean eta 2017ko ekitaldirako Urteko Lan Programan xedatutakoaren arabera, 2017ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren Kontuaren fiskalizazio txosten hau egin du.
Alderdi hauek aztertu ditu fiskalizazioak:
– Legezkoak: ea aurrekontuaren, zorpetzearen, finantza eragiketen, langileriaren, obra, zerbitzu eta hornidura kontratazioaren, laguntza eta dirulaguntzak publikoak ematearen, eta zuzenbide publikoko sarreren arloetan aplikagarri den araudia betetzen den aztertu da.
– Kontularitzakoak: aztertu da ea Kontua ezargarri diren kontularitzako printzipioen arabera gauzatzen den.
– EAEko Administrazio Orokorraren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
– Lanean ez da jaso gastuaren eraginkortasunari eta efikaziari buruzko analisia. Hala ere, aurkitu diren hutsak «Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak» epigrafean azaldu dira xehetasunez.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– 33 zenbakiko espedientea, 6 milioi euroan esleitu zena, presako prozedura baliatuta izapidetu zen, aparteko prozedura hau baliatzeko SPKLTBren 113.1 artikuluak bereizten dituen egoerak gertatu gabe.
2.– 780.000 euroan esleitutako 35 zenbakiko espedientea lizitatzeko publikotasunik gabeko prozedura negoziatua erabiltzean, ez da aski justifikatu lehiatik salbuestea, SPKLTBren 173.c eta 170.d artikuluei jarraituz (B2 akatsa).
3.– 2017ko apirilaren 25eko, 2017ko abenduaren 26ko eta 2018ko ekainaren 12ko Gobernu Kontseiluek euren gain hartu dute 2017ko ekitaldiko gastuen aldeko fiskalizazio juridiko eta ekonomikoa, Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginaren 24.4 artikuluan aurreikusitako aparteko prozedura baliatuta; gastu horiek 57,7 milioi eurorenak izan dira, zeinen gainean EKBk aurkako txostena egin baitzuen. Gastu horiek honako hauei dagozkie: 19 milioi euroren 92 zerbitzu kontraturi; 37,3 milioi euroren zerbitzu publikoak kudeatzeko 20 kontraturi; eta 1,4 milioi euroren 5 kontraturi. Ez-betetze nagusia izan da prestazioak egitea dagokion kontratu-espedientea izapidetu gabe, SPKLTBn finkatutakoaren arabera legozkiokeen publikotasun eta lehia printzipioak bete gabe.
Gure ustez, aurrez azaldutako salbuespenak alde batera utzita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak 2017ko ekitaldian arrazoizko eran bete du bere ekonomia eta finantza jarduera arautzen duen lege araudia.
II.2.– Administrazio orokorraren kontuari buruzko iritzia.
Gure iritziz, eta 2017ko aurrekontuaren likidazioan jasotako 1. oharretik 4. oharrera bitartekoetan adierazitakoa aintzat hartuta, honekin batera doazen EAEko Administrazio orokorraren kontuek alderdi nabarmen guztietan adierazten dute 2017ko ekitaldiko ekonomia jarduera, 2017ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren irudi zehatza, bai eta egun horretan bukatutako urteko ekitaldiari dagozkion bere emaitzena eta eskudiruzko fluxuena ere, aplikagarri den finantza informazioko arau esparruari jarraituz, eta, bereziki, hor jasotako kontabilitate printzipio eta irizpideei jarraikiz.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan jasota daude, alde batetik, ekonomia eta finantza jarduera zuzentzen duten printzipioak betetzean eragin nabarmenik ez duten hutsuneak; eta, bestetik, kudeaketa hobetzeko agerian jarri diren prozedurazko alderdiak.
III.1.– Aurrekontuak eta kontabilitatea.
3.1.1.– VISESA sozietate publikoari emandako diruzaintzako aurrerakinak aurrekontuz kanpo erregistratu dira, guztira 22,7 milioi euroan, eta horien destinoa izan da sozietatearen egoitzaren eta saltzeko dauden babes ofizialeko etxebizitzen izakinen finantzaketa iragankorra. Aurrerakin horiek 2008ko ekitaldian eman ziren lehenengo aldiz, 19 milioi euroren zenbatekoan, eta urtez urte berritu dira.
2018ko abenduaren 27an kitatu egin da aurrekontuz kanpoko zorpetze hau, eta 10 milioi euroren mailegu bat izenpetu da 8 urterako.
3.1.2.– Egoeraren Balantzeak ez du ibilgetuko hainbat kontu-sail osatzen dituzten ondasun guztien banakako xehapenik, hala nola, instalakuntza teknikoak, ekipo informatikoak, makineria, lanabesak eta altzariak, aplikazio informatikoak, etab. Elementuak erositako urtearen arabera taldekatuta erregistratzen dira. Horrela, erregistratutako zenbateko osoa 170,8 milioi euro da.
3.1.3.– EAEren Sektore Publikoaren Aurrekontu Orokorren eta Urteko Kontuen likidazioan jasotako informazioak EAEren Ekonomia Kontrol eta Kontabilitateko Legearen testu bateginaren 8. artikuluak eta Euskadiko Aurrekontu Araubidearen testu bateginaren 124. artikuluak gutxiengo izaerarekin eskatzen duten informazioa jasotzen du. Gomendagarria litzateke EAEren sektore publikoa osatzen duten erakunde multzoaren egoera bateratuak barne hartzea, horien guztien ekonomia, finantza eta ondare egoera, eragiketen emaitza eta aurrekontuen likidazioa erakutsiko dutenak.
III.2.– Langileria-gastuak.
3.2.1.– Indarreko Lanpostu Zerrendek ez dituzte 2017ko ekitaldian aurrekontuko zuzkidura zuten 1.184 plaza barne hartzen, ondoko xehakapen honen arabera:
Justiziako langileen plazak Bilboko eta Donostiako bulego judizialei dagozkie. Langileen lanpostu zerrendak onartzea EAEren Administrazio orokorraren egitekoa da, aldez aurretik Botere Judizialaren Kontseilu Orokorraren aldeko txostena jasota, Botere Judizialaren 1985eko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoko 522 artikuluan xedatuta dagoenez. Esan beharra dago otsailaren 27ko 29/2018 Dekretu bidez onartu zirela EAEko Justizia Administrazioko Lanpostuen Zerrendak, Donostiako Bulego judizialekoak (310 plaza) eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegikoak (10 plaza).
III.3.– Dirulaguntzak.
Dirulaguntza zuzenak.
3.3.1.– Administrazio orokorrak Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bitartez 2,9 milioi euroren dirulaguntza zuzenak eman dizkie 12 onuraduni; onuradun horiek aurreko bi ekitaldietakoren batean ere helburu bererako dirulaguntzak jaso zituzten.
Baldin dirulaguntza horiei eusten bazaie datozen ekitaldietan, komenigarria litzateke dagozkien aurrekontuetan izenez jasotzea.
3.3.2.– A.19 eranskinean jasotako dirulaguntzak aztertu ditugu, eta honako alderdi hauek dira azpimarragarriak:
– Udal batekin izenpetutako lankidetza-hitzarmen batean, 27,9 milioi euro egin dituenean, ez da jasotzen finantzaketa-bermearen klausula, Euskadiko Tokiko Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 24. artikuluan aurreikusitakoa.
– 1 milioi euroren zenbateko dirulaguntza batean ez da inongo prozedurarik finkatu jasotako helburu bereko beste laguntza batzuekiko bateragarritasunaren muga bete izana egiaztatzea bideratuko duenik (ikus A.3 akatsa).
– Auzo jakin batzuk berroneratzeko emandako 4,3 milioi euroren bi dirulaguntzatan izaera berezia zuten jarduerak subentzionatu dira, aurrekontuaren ehuneko 15 gainditzen ez dutenak; baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2016ko abenduaren 28ko Aginduan aurreikusirik zeuden beste batzuk ere. Dirulaguntza zuzenen emakida soil-soilik egoera berezietan baliatzea gomendatzen dugu, gainerakoak izaera orokorreko deialdietara lerratuaz (A.4 akatsa).
Lehiaketa publiko bidez emango diren dirulaguntzak.
3.3.3.– Hamabi dirulaguntza lerro arautzen dituen arautegia aztertzean –A.19an dago xehakatua–, honako akats hauek azaleratu dira:
– Berrikusi ditugun 12 lerroetatik hiruk (7, 8 eta 11 zk.) ez dute onartutako plan estrategikorik, eskuratu asmo diren helburu eta ondorioak, beharrezkoa den epea, aurreikus daitezkeen kostuak eta finantzaketa-iturriak zehaztuko dituenik, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 8.1 artikulua betez (B1 akatsa).
– «Banda zabaleko sareak hedatzeko laguntza-programa» 1. lerroaren balorazio irizpideak modu oso orokorrean formulatzen dira eta puntuazio-tarte zabala ematen zaie, azpi-irizpideetan edo balioztatuko diren elementuen ulergarritasuna erraztuko duten elementutan xehakatu gabe, DLOren 17.3 artikuluak agintzen duen moduan (B2 akatsa). Lerro honetan beretan, oinarrizko alderdietan zehaztasun-eza dago, hala nola, zenbatekoa den laguntza, eskabidea egin aurretik abiarazi gabeko proiektuak izatea, EAEHONALTBren 51.1 artikuluak agintzen duen moduan (B3 akatsa).
– Aztertu ditugun 12 lerroetatik 9tan (1, 3, 6, 7, 8, 9, 10, 11 eta 12 zenbakiak), gainera, gomendagarria litzateke aurrekontuko memoriak adierazleak txertatzea, lagundutako proiektu eta enpresa kopuruaren kuantifikatze hutsa egitera mugatu barik, efikazia eta efizientzia neurtzea ere bideratuko dutenak (B4 akatsa).
– Aztertu diren 12 lerrotatik 4tan (3, 4, 5 eta 10 zenbakiak) ez dira laguntzak emateko ebazpenak argitaratu, EAEHONALTBren 49.2 artikuluak agintzen duen moduan (B5 akatsa).
– Aztertu ditugun lerroetatik 2ren araudiak (4 eta 7 zk.) DLOren 29. artikuluak zehazten dituen birkontratatzeko arauak jaso behar lituzke eta DLOren 31. artikuluko dirulaguntza gastuei buruzko arauak, besteak beste, 3 eskaintza eskatzekoa gastuak finkatutako kopurua gainditzen duenean (B6 akatsa).
– «Euskadin gizarte mailako esku-hartzearen esparruan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak, gizarte mailako esku-hartzerako ezagutza kudeatzeko jardueretarako» 6 zenbakiko lerroan, ez da justifikatzen zein arrazoik eragin duten dirulaguntza lerro hau indarrean jarraraztea, lau urtez jarraian etenda egon ondoren, ez eta zein diren deialdiaren Aginduak ezartzen dituen mugak laguntzaren zenbatekoan, zeharkako kostuetan edo balorazio-irizpideei aitortutako haztapenetan (B7 akatsa).
III.4.– Kontratazioa.
Ekitaldi honetan egikaritu diren eta lehenagoko ekitaldietan esleitu ziren 50 espedienteko lagina eta 2017an esleitutako 20 espedienteko lagina aztertu dugu. Aztertutako espedienteen zerrenda A.18 eranskinean dago.
III.4.1.– Aurreko ekitaldietan esleitutako espedienteak.
– Guztira 143,4 milioi euroan esleitutako 3 espedientetan (1, 8 eta 23 zenbakiak) 3 hilabeteko epea gainditu da behin obrak hartu ondoren azken ziurtagiria onartzeko, SPKLren 218. artikuluak eta SPKLTBren 235. artikuluak zehazten dutena. Atzeraldiak 1,5 eta 9 hilabete bitartekoak izan dira (F1 akatsa).
– 10 zk. espediente baten 724.717 euroren aldaketa izapidetzean, zeina 184,4 milioi euroan esleitu baitzen, urratu egin dira proiektuaren eta espedientearen onespen teknikoa gauzatzeko SPKLren 217.4 artikuluak zehazten dituen epeak, 6 eta 8 hilabetekoak hain zuzen ere (F2 akatsa).
– Guztira 5,7 milioi euroan esleitutako 2 espedientetan (14 eta 15 zk.), obraren amaiera epeak iraungita eta obra guztiz ziurtatua egonik, ez da obraren azken ziurtagiria onartu, SPKLTBren 235. artikuluak agintzen duen moduan (F3 akatsa).
III.4.2.– 2017an esleitutako espedienteak.
– 7,2 milioi euroan esleitutako 25 zk. espedientean, obraren aldez aurreko zuinketa proiektua onartu aurretik egin zen (A1 akatsa). Espediente honetan berean, zuinketa egiaztatzeko eta obrari hasiera emateko akta, SPKLTBren 126.1 artikuluak arautzen duena, gorabeherarik gabe izenpetu zen; obrari hasiera, baina, 4 hilabete beranduago eman zitzaion (D1 akatsa).
– Guztira 100,8 milioi euroan esleitutako 4 espedientetan (30, 37, 38 eta 41 zenbakiak), eskaintza ekonomikoaren irizpidea balioztatzeko baliatutako formula matematikoak puntuazioa aitortzen die lizitazio-prezioa berdintzen duten eskaintzei (A2 akatsa).
– Guztira 102,6 milioi euroan esleitutako 4 espedientetan (25, 30, 37 eta 38 zenbakiak), pleguek irizpide orokorrak jasotzen dituzte, hala nola, proposamenaren definizio eta koherentzia maila, obraren planifikazioaren sistematizazioa eta justifikazioa, lanen programazioaren koherentzia etab. (A3 akatsa). Balio judizio baten baitako diren balorazio-irizpideek 139. artikuluak jasotzen duen gardentasun-printzipioa beteko badute, argi eta garbi adierazi beharko dituzte irizpideak, enuntziatuan lausotasuna saihestuz.
– Guztira 39,4 milioi euroan esleitutako 2 espedientetan (28 eta 38 zenbakiak), Pleguaren balorazio-irizpideetako batzuk kaudimen teknikoari egiten diote erreferentzia; honenbestez, onarpen-irizpide behar lukete izan, ez, baina, baloraziokoak, SPKLTBren 62tik 64ra bitarteko artikuluak (A4 akatsa).
– Guztira 23,8 milioi euroan esleitutako 5 espedientetan (27, 28, 29, 32 eta 31 zenbakiak) gainditu egin da kontratua esleitzeko SPKLTBren 161. artikuluak finkatzen duen 1,5 eta 5 hilabete bitarteko epea (C1 akatsa).
– 350.000 euroren zenbatekoan esleitutako 44 zenbakiko babesletza kontratuaren espedientean ez da prestazioen oreka ekonomikoa justifikatzen (E1 akatsa).
III.4.3.– Kontratu txikiak.
– Guztira 559.411 euroren zenbatekoan kontratatutako 40 ondasun eta zerbitzuen kontratazioa aztertzean, zuzenean kontratatu direla ikusi dugu, kopurua aintzat hartuta aurretik eskaintzak eskatuta egin behar ziratekeenean; hona hemen zein saili dagozkien: Segurtasuna (16); Osasuna (11); Lana eta Justizia (9); eta Hezkuntza (4).
– Guztira 2,1 milioi euroren zenbatekoa egin duten gastuak azaleratu dira, 70 hirugarreni dagozkienak, lehiaketa bidezko lizitazio bidez kontratatzeko gutxienekora iristen ez badira ere, elkartu litezke aleko prezioetan edo hornitzaileak homologatzeko prozedurak baliatuta lizitatzeko. Hezkuntza Saileko obra txikiei dagozkie.
III.5.– Abalak.
4 espediente aztertu ditugu Berme Publiko bidez Aparteko Finantzaketa Lerroari dagozkion abalen emakida guztiaren gainean ehuneko 60 egin dutenak; lerro hori Administrazio Orokorraren eta hainbat finantza-erakunderen artean 2012ko uztailaren 5eko hitzarmen bidez ezarri zen eta 2017ko ekitaldian indarrean egon da; espediente horiek aztertzean ondotik adierazitako egoerak azaleratu dira, hitzarmenaren baldintzak betetzean eragina dutenak:
– Administrazioak ez du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda argitaratu, emandako abalen zenbatekoaren, laguntzaren zenbatekoaren eta minimis izaeraren informazioa emanez (uztailaren 27ko 151/2015 Dekretuaren 11.4 artikulua).
– Ez da egiaztatu enpresa berreskurapen-agindu baten baitan dagoenik, Europako Batzordeak aurretik hartutako erabaki baten indarrez, zeinaren ondorioz laguntza bat ez-legezko eta barne merkatuarekin bateraezin deklaratu baita; hala balitz, laguntza mota honen ukazioa eragingo luke.
– Enpresa txiki eta ertain izaera duen zehazteko onuradunak egindako erantzukizunezko adierazpenean jasotako datuak soilik hartuko dira kontutan. Gomendagarria litzateke administrazioak baldintza modura urteko kontuak aurkezteko eskatzea.
III.6.– Beste alderdiak.
– Administrazio Orokorrak 2017ko ekitaldian egindako ordainketak aztertzerakoan ikusi da merkataritzako eragiketen batez besteko ordainketa epea 32 egunekoa izan dela, merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako borrokan neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldarazten duen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak agintzen duen gehienezko 30 eguneko epea urratuz. Bada, egindako ordainketen ehuneko 38k –254 milioi euroren zenbatekodunek– gainditu egiten du epe hori.
Bestalde, uztailaren 25eko 635/2014, EDren 4. eta 5. artikuluetan jasotakoa aplikatzen badugu, zeinak administrazio publikoetako hornitzaileei egindako ordainketen batez besteko aldia kalkulatzeko metodologia garatzen baitu, 2,1eko ratio globala eskuratuko dugu. Horrek esan nahi du, batez beste, 2017an hornitzaileei ordainketak 32,1 eguneko epean egin zaizkiela, arau horretan ezarritako 30 eguneko gehienekoarekiko 2,1 egun gainetik.
IV.– Finantza-analisia.
Ondoko taula honek Aurrezki gordinak, Emaitza arruntak eta Aurrekontuko emaitzak azken lau ekitaldietan izan duten bilakaera erakusten du:
Sarrera arruntek ehuneko 11,8 egin dute gora aurreko ekitaldiarekiko, ehuneko 3,6 gehitu diren gastu arrunten aldean; horrek ekitaldian 1.148,8 milioi euroren aurrezki gordina sortzeko bide eman du, 2016an eskuratutakoa baino 758,2 milioi handiagoa.
Sarrera arruntek 1.069 milioi euroren igoera izan dute; nagusiki, foru aldundiek ekarpen handiagoa egin dutelako: aurreko ekitaldian baino 1.098,5 milioi euro gehiago.
Gastu arruntak 310,8 milioi euroan handitu izanaren arrazoiak honako hauek dira:
– Langile-gastuetan 48,9 milioi euroren igoera, nagusiki soldatak ehuneko 1 igo direlako eta zorretan zegoen 2012ko abenduko aparteko soldata osorik itzuli delako. 2017ko ekainean 25,9 milioi euro ordaindu ziren eta 2017ko azaroan, 20,4 milioi euro.
– Funtzionamendu gastuek izandako 60,6 milioi euroren igoera. Kapitulu honetan izandako gastu-handitze nagusia, aurreko ekitaldiaren aldean, Osakidetzako zentroena (ospitaleak eta eskualdeak) izan da, 113,2 milioi euro hazi baita. Aldiz, beheratzerik nagusiena abalak egikaritzetik eskuratutakoa izan da, aurreko ekitaldiaren aldean 10,1 milioi euro jaitsi baita.
– Transferentzia eta dirulaguntza arruntetan 201,3 milioi euroren igoera, honako hauen ondorioz:
• Sektore publikoari egindako transferentziak 167,8 milioi euroan igo izana. Atal honetan aurreko ekitaldiaren aldean izan diren igoera nagusiak batetik foru aldundiei egindako transferentziak izan dira, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak egindako berdinkatzearen ondorioz, 91,6 milioi eurorena, eta bestetik, EHUri egindakoak, zenbait kontzepturen izenean, 24,9 milioi euroren zenbatekoan.
• Sektore pribatuari emandako dirulaguntzak 33,5 milioi euroan igo izana. Igoerarik esanguratsuenak ikasleei emandako beka eta laguntzetan izan dira, 32,2 milioi euroan, izan ere hezkuntza-itunak finantzatzeko kontu sailak 18,7 milioi euroan handitu dira; bereziki da aipagarria lanbide heziketako zentroekiko hezkuntza-itunetara bideratutakoa, aurreko ekitaldian bideratutakoa baino ehuneko 15 handiagoa izan baita. Adierazitakoaz gain, gehitu egin dira farmazialarien elkargoei botikak finantzatzeko egindako ordainketak, 5,9 milioi euroan.
Inbertsio garbiak 162,5 milioi euroan handitu dira. Hona hemen magnitude hau osatzen duten idazpuruetako bakoitzean izandako aldakuntza nagusiak:
– Egiazko inbertsioek 26,9 milioi euro egin dute behera, Euskal Trenbide Sare berriaren Gipuzkoako bide-zatian egikaritza 2016koa baino txikiagoa izan delako.
– Emandako kapitalezko transferentzia eta dirulaguntzak 116,1 milioi euroan gehitu dira, sektore publikorako kontu sailak 150,4 milioi euroan gehitu direlako, eta sektore publikora bideratutakoak 34,4 milioi euroan gutxitu direlako. Hona hemen sektore publikoari zuzendutako transferentziek non izan dituzten igoera nagusiak: Eusko Trenbideak SAri 39,2 milioi euro, 8 trenbide-unitate berri erosteko; Alokabide SAri 24,9 milioi euro alokairurako etxebizitzak erosteko; ETSri 11,4 milioi euro Euskal Trenbide Sare berriaren bide-zatirako; Osakidetzari 10,6 milioi euro finantzaketa eta kontratazio sanitariorako; eta Gasteizko Udalari 10 milioi euro, autobus elektrikoa ezartzeko. Sektore pribatura zuzendutako transferentzietan izan den beheraldia programetan izandako beheraldiak eragin du nagusiki: Emaitek, Etortek eta BERC, Garapen Ekonomiko eta Azpiegituren Sailarena, 49 milioi euroren zenbatekoan.
– Jasotako kapitaleko transferentzia eta dirulaguntzek 36,2 milioi euro egin dute behera, batik bat FEDERekoak diren Europako Batasunetik jasotako sarrerek 25,9 milioi euro behera egin izanaren ondorioz eta 13,9 milioi euro gora beste funts batzuetatik (FEADER, FEP, FEMP...) eratorritako sarrerek; Halaber, Estatuko Administrazio Orokorrak Euskal Trenbide Sare berriaren Gipuzkoako bide-zatian obrak egikaritzeko emandako transferentziak 24,8 milioi euro txikiagoak izan dira.
– «Finantza aktiboen gutxitzea» sarreren kapitulua 42,8 milioi euroan murriztu da honako arrazoi hauengatik: Foru Aldundien maileguaren amortizazioko urtekoa 21,6 milioi euroan murriztu delako; izan ere 2016an Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak aldez aurretik amortizatu zuten zorrean zuten kapitala osorik; halaber, EAEren ondarea ez berreskuratu izanak, eta akzioak ere ez saldu izanak, 2016an 3,7 milioi euroren diru-sarrerak ekarri zituenak, eta Bideratu, Gauzatu eta Ikerketa programetako mailegu-itzulketak 9,9 milioi euro txikiagoak izateak kapitulu hau murriztea eragin zuten.
Hona hemen adierazle nagusienen bilakaera grafikoan jasota:
Aurrezki Gordina, Inbertsio Garbia eta Jaulkitako Zor Garbia.
Azken lau ekitaldietan, diruzaintza geldikinaren eta formalizatutako zorpetzearen bilakaera honako hau izan da:
Diruzaintza geldikina 407,2 milioi euro gehitu da eta Diruzaintza geldikin erabilgarria, berriz, 413,8 milioi euro, zuzkidura eta doiketak 6,6 milioi euroan txikiagotu direlako.
Erabilitako zorra 316,6 milioi euroan urritu zen, eta 2017ko ekitaldia ixtean 9.085 milioi euro zen zorra.
Ekitaldiko emaitza arrunta aski izan dira inbertsio garbia finantzatzeko.
Aurrekontu egonkortasuneko eta finantza iraunkortasuneko helburuak betetzea.
AEFILOk arautzen ditu Administrazio publikoen aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzko alderdiak. Lege organiko horretako hirugarren azken xedapenean zehaztuta dagoenez, lege horretan ezarritakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzean, aintzat hartu beharko da Ekonomia Itunaren Legean xedatutakoa.
Bestalde, EAErekiko Kontzertu Ekonomikoa onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 48. artikuluan aurreikusita dago Estatuarekiko koordinazioa eta kolaborazioa, aurrekontu egonkortasunaren gaian. Lege beraren 62. artikuluak, bestetik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren egitekoen artean bereizten du aurrekontu egonkortasunaren gaietan kolaborazio- eta koordinazio-konpromisoak hitzartzea.
Estatuak eta EAEk 2016ko abenduaren 20an erabaki bat izenpetu zuten, zeinaren indarrez 2017ko ekitaldiko egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak gaurkotu baitziren, hurrenez hurren, Barne Produktu Garbiaren gainean ehuneko (0,6) eta ehuneko 14,7an ezarri zirenak. Erabaki hau berretsi zen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2017ko maiatzaren 17an egindako bileran.
AEFILOko 17. artikuluan xedatutakoari jarraituz, 2018ko apirilean eta urrian Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioak egindako aurrekontu egonkortasuneko, zor publikoko eta gastu arauko helburuen betetze mailari buruzko txostenek adierazten dute EAEk bete dituela 2017ko ekitaldirako ezarritako aurrekontuaren egonkortasunari eta zor publikoari dagozkion helburuak. Hala ere, txosten biek adierazten dute ez dela bete gastuaren araua. Honela, bada, 2018ko urriko txostenean, EAEko Administrazio orokorraren gastu konputagarria ehuneko 2,8 hazi da, baina 2017ko ekitaldirako muga ehuneko 2,1 zen.
Gastu araua ez betetzearen ondorioz, AEFILOren 21. artikuluan aipatutako Ekonomia eta Finantza Plana prestatu behar izan du EAEk, 2018-2019 aldiari buruzkoa. Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak Plan horren gaineko txostena egin zuen 2018ko ekainaren 26an eta 2018-2019 aldirako egonkortasun eta zor publikoaren helburuak beteko direla aurreikusten du, nahiz gastuaren araua ez betetzeko arrisku neurrizkoa dagoela ere adierazi duen.
V.– 2017ko ekitaldiko kontuak.
2017ko aurrekontuaren likidazioa.
2017ko aurrekontuaren likidazioari buruzko oharrak.
1. oharra.– EAEren Administrazioko diruz lagungarri diren gastuak dirulaguntzak ematen diren unean erregistratzen dira, eta aplikatuko zaien aurrekontu erregimena aurre egin beharreko ordainketei edota dirulaguntza edo laguntzaren baldintzak egiaz betetzeari dagokionez egokien diren kreditu motaren araberakoa izango da, ordainketazkoa edo konpromisozkoa, Euskadiko Aurrekontu Erregimenari buruzko Legeak ezarritako irizpideari jarraikiz. Irizpide horren ondorioz, 2017ko abenduaren 31n badira oraindik eskagarriak ez diren ordainketa obligazioak, zeinek 87,6 milioi euroren zenbatekoa egin baitute.
2. oharra.– 2017ko abenduaren 31 arte jasotako funts komunitarioetatik 703,1 milioi euro Europar Batasunak ikuskatu ditzake, eta ezinezkoa da zehaztea finantzatutako proiektuen berrikuspenak diruzaintza geldikinaren gainean izan lezakeen eragina. Nolanahi ere, iragan esperientzia oinarri hartuta, ez dirudi eragin hori adierazgarria izan litekeenik.
3. oharra.– Zorpetze publikoari dagozkion sortutako eta iraungi gabeko interesak (77,3 milioi euro) urteko kontuetan erregistratzen dira eta ondarearen emaitza ekonomikoaren zati dira. Aurrekontuaren gauzatzeak ez du zenbateko hori islatzen, izan ere, interesen gastuak kutxa irizpideari jarraikiz erregistratzen baititu.
4. oharra.– Bizkaiko Garraio Partzuergoaren finantza planak, Bilboko Hiri Trenbidearen inbertsioei buruzkoak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak 2018tik 2027ra bitarteko urteetan 329,1 milioi euroren ekarpena egitea aurreikusten du, urte horietako EAEren Aurrekontu Orokorretan kontsignatuko direnak, Partzuergoari ekitaldi bakoitzean egin beharreko transferentziari dagokion kopuruan.
Urteko kontuak.
Ondare garbiko aldaketen egoera.
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN 2017KO EKITALDIKO FISKALIZAZIOAREN EMAITZEI AURKEZTUTAKO ALEGAZIOAK
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko otsailaren 5eko 1/1988 Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betez, agiri honetan aurkezten dira organo kudeatzaile bakoitzak egin dituen alegazioak eta justifikazioak, eta Kontrol Ekonomikoaren Bulegoak zentralizatu dituenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Kontuaren fiskalizazioaren emaitzei dagokienez (2017ko ekitaldikoak).
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
II.1.1.– Premiazko prozedura.
«Premiazko prozeduraren bitartez izapidetu zen 33. espedientea (6 milioi euroko esleipena), baina salbuespenezko prozedura mota horri buruzko SPKLTBren 113.1 artikuluan zehazten diren kasuetako bat ere izan gabe».
Alegazioa.
Ertzaintzaren burutzaren memoriaren arabera (2017ko azaroaren 22koa; espedientean dago jasota), salbuespenezko kontratazio-araubidearen eskabidea «larritasun- eta berehalakotasun-printzipioetara zeharo doituta dago, [...] pertsonen eta ondasunen osotasunarentzako berehalako arrisku larri bati aurre egin ahal izateko». Gainera, dioenez, «egungo egoera soziopolitikoa kontuan hartuta, atentatu terrorista bat pairatzeko arrisku maila handiagoa den susmoa egon daiteke; izan ere, islamiar estatua porrot handiak ari da izaten Sirian eta Iraken, eta haren jarraitzaileak beste lurralde batzuetara lekualdatu dira, are sorburua (asko eta asko Europara) itzuli ere.... Islamiar estatuaren helburu lehenetsia Europan ahalik eta baja zibil gehienak eragitea da; horren erakusle dira Europako hainbat hiritan gertatu diren eraso ugariak, 2015ean, Parisen Charlie Hebdo astekariarekin hasi eta Bartzelonako Ramblatan 2017ko abuztuaren 17an egindakora arte».
Gure iritzian, kontsiderazio horiek elementu nahikoak izan dira egin den kontratazio-prozeduraren erabakia hartzeko.
II.1.2.– Publikotasunik gabeko prozedura negoziatua.
«Publikotasunik gabeko prozedura negoziatuaren erabilerari dagokionez, 780.000 milioi euroren truke esleitutako 35. espedientearen lizitaziorako, lehiaren salbuespena ez da behar bezain beste arrazoitu, SPKLTBren 173.c) eta 170.d) artikuluen arabera».
Alegazioa.
Kudeaketa ekonomiko eta Baliabide orokorren Zuzendaritzako Baliabide Teknikoen eta Zerbitzuen Sailaren 2016ko azaroaren 14ko memoriak honako hau dio:
«Kontratazio-espediente honekin hornitu beharreko azalak, barneko bala-panelak kanpoan eramateko baliagarriak izateaz gain, Segurtasun Sailak hala eskatzen duten agenteei beren eginkizunetan balen inpaktuaren aurren babes egokia izateko ematen dien balen aurkako babes-ekipoko elementu zatiezina dira.
Bala-panelaren fabrikatzaileak baino hobeto ezin dezake inork bermatu panela/azala multzoak behar den babesa ematea agenteari gure kaleetan gaur egun dauden arriskuen aurrean; alegia, beste hornitzaile baten elementuak kontrako eragina izan dezake, eta bala-panelak eskaintzen duen babesa gutxiagotu.
Gainera, azalok balen aurkako babesa dute sorbaldetan, barne-txalekoa kanpoaldean erabili nahi denean, segurtasun handiagoz erabiltzeko; izan ere, txalekoak ez du sorbalda-babesik. Hots, panela eta azala multzo zatiezina dira, erabiltzailearen segurtasuna bermatzeko; izan ere, txalekoak eta azalak balen aurreko babes maila bera eman behar dute, hala materialetan nola trauma-balioetan. Era berean, erabiltzailearen segurtasuna bermatzeko, oso garrantzitsua da azala eta barneko bala-panela zehazki bat etortzea, panelok posizio egokian gera daitezen, hil ala bizikoak diren atalak behar bezala babestearren.
Horregatik guztiagatik, azalak bala-panelen fabrikatzaile berak egin beharko ditu, eta, segurtasuneko materiala dela kontuan hartuta, dagokion kontratazio-espedientea lehiatik eta publikotasunetik salbuesteko eskabidea egiten da, eta bala-panelen enpresa fabrikatzailearekin prozedura negoziatu bidez kudeatzea...».
Horrenbestez, gure iritzian, kontsiderazio horiek elementu nahikoak izan dira egin den kontratazio-prozeduraren erabakia hartzeko.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa-prozedurei buruzko ohartarazpenak.
III.3.– Dirulaguntzak.
Zuzeneko Dirulaguntzak.
3.3.1.– Elkargi – Probisio Teknikoko Funtsa.
2017ko aurrekontuetan 552.000 euroko zuzkidura izenduna dago jasota –«Elkargi EBS, Probisio teknikoko funtsaren dirulaguntza. Handitu daiteke». 001. kontu-saila, 751.02 azpikontzeptua, 6311 programa, 06. saila (Ogasuna eta Ekonomia)–, baina zenbateko hori gutxi gorabeherakoa da; izan ere, dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa (Elkargik 2016an formalizatutako abalen zenbatekoaren ehuneko 1, alegia 1.000.000 euro) 2016ko ekitaldia itxi ondoren ezagutu da. Horrenbestez, beharrezkoa da zuzeneko dirulaguntza bat izapidetzea aurrekontu-sail horren kargura, handitu zitekeena jada adierazita zegoena.
Oriamendi 2010 SL. Erremonteari eustea.
2016ko zuzeneko dirulaguntzaren xedea erakundearen jarduketa ohikoa izan zen; 2017koa, berriz, artisau profesionalei ordaintzera bideratu zen, pilotan jokatzeko xixterak eta pilotak egiteko (43.000 euro), eta erremonte-eskolari eustera (7.000 euro). Onuradunak bidalitako aurrekontuak atxiki dira.
Tecnalia Research – Innovation Fundazioa KSI ekintzak sustatzea.
2016an, 35.000 euroko dirulaguntza eman zen EAEko Kultura eta Sorkuntza Industrien sektorearen garapen- eta berrikuntza-jarduketak sustatzeko; 2017an ordea, 245.000 eurokoa, baina Kultura eta Sorkuntza Industrietan berrikuntza sustatzeko eta industriotara teknologia transferitzeko.
Hala, 2016an, dirulaguntza EAEko KSI sektoreetako I+G+Bko proiektuak eta ildoak identifikatzera bideratu zen (mapeoak); teknologiak eta berrikuntzak eskaintzen dizkien aukerak erakutsi zitzaizkien (tailerrak eta sentsibilizazio-jardunaldiak) eta, azkenik, sektorean ezartzeko berrikuntzako planak zehaztu ziren. 2017an, EAEko KSIren esparruko enpresentzako KSI Berritzaile programaren barnean, transferentzia teknologikoa egitera bideratu zen dirulaguntza, proiektu berrientzako aukera-eremuak sortu eta garatzeko.
Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioa. Berritze-lanak.
2016an, 33.720 euroko dirulaguntza eman zen, eta Arriaga plazako ur-filtrazioek museoan eragindako hezetasun-arazoak konpontzera bideratu zen; 2017an, aldiz, 130.521 euroko dirulaguntza eman zen, Chillida plaza eta eraikin zaharreko erakusketa-aretoak berritzeko.
3.3.2.– Elkargi – Probisio teknikoko funtsa.
Kontuan hartu behar da dirulaguntza horren emakida egituratzen dela ELKARGI EBSrekin lankidetza-hitzarmen bat sinatuta (aldeen konpromisoak jasota), helburu jakin eta espezifiko baterako (probisio teknikoen funtsa sendotzea). Hala, erakunde horrek EAEko ETEei eta autonomoei abalak ematea sustatuko da.
Auzoak birgaitzeko dirulaguntzak.
«Auzo jakin batzuk birgaitzeko emandako bi dirulaguntza aurrekontuaren ehuneko 15 baino gutxiago hartzen zuten jarduketa bereziak finantzatzera bideratu dira (4,3 milioi euro), baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2016ko abenduaren 28ko Aginduan xedatutako beste batzuetara ere. Zuzeneko dirulaguntzak jarduketa berezi horietarako bakarrik ematea gomendatzen dugu, eta gainerakoak izaera orokorreko deialdietara».
Alegazioa.
2016ko abenduaren 28ko Aginduak arautzen duen laguntza-deialdiaren helburuak eta laguntza mailak Donostiako eta Eibarko Udalek ematen dituzten zuzeneko dirulaguntzetakoez bestelakoak dira, Txomin Enea eta Txonta auzoetan, hurrenez hurren.
Hala, bi auzoetako biztanleen batez besteko errenta 14.000 euro ingurukoa da; hau da, ezinezkoa zaie aipatu deialdi arruntean parte hartzea.
Donostiako eta Eibarko Udalak hirigintza-antolamendua aldatzeko eta birgaitzeko eragiketak dituzte abian jarrita Txomin Enea eta Txonta auzoetan, hurrenez hurren. Auzo hauen bereizgarria egoera txarra izan da, hala segurtasunaren aldetik (Txontan, industria- eta bizitegi-erabilerak eremu berean egoteagatik; Txomin Enean, Urumearen uholde-arriskuagatik) nola gizarte-ikuspegiaren, bizigarritasunaren, irisgarritasunaren eta energia-efizientziaren aldetatik; horren adibide da egoera zaurgarrian dauden auzoen inbentarioan «Egoera oso zaurgarrian» multzoan sartuta egotea bi-biak.
Batean zein bestean lan handia egiten ari dira, erakundearteko lankidetzaren bidetik, auzook «hiri berdea» edo «ekoauzoa» denaren eredu izan daitezen. Horretarako, energia-efizientziako, energia berriztagarrien garapeneko, karbono gutxiko mugikortasuneko eta azpiegitura adimentsuaren arloko neurriak sustatuko dira, guztiak ere lagungarriak baitira auzoko bizi-kalitatea modu jasangarrian hobetzeko.
Egoera zaurgarriak dauden auzoak hiri berdearen edo ekoauzoaren eredu bihurtzeko, hauek dira ardatzak:
– Eraikinak birgaitzea, energia-efizientziako eta irisgarritasuneko irizpideen arabera.
– Hiri-berroneratzea, ikuspegi sozialarekin eta ingurumen-jasangarritasunaren arabera, ikuspegi integral batean oinarrituta.
– Auzotarren parte-hartzea.
3.3.3.– Lehiaren mendeko dirulaguntzak.
Banda zabaleko sareak hedatzeko laguntza-programa (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila).
B2 gabezia.
Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3 artikuluaren arabera, dirulaguntzak emateko oinarrien araudian zehaztuta egon beharko dira gutxienez «dirulaguntza emateko irizpideak eta, hala dagokienean, haztapenak». Esaterako, banda zabaleko sareak hedatzeko laguntza-programen oinarri arautzaileetatik hamabigarrenean bost puntuazio-irizpide zehaztu dira, zein bere haztapenarekin. Gainera, lehen irizpidean, dagozkion puntuan emateko aplikatuko den formula adierazi da; gainerakoetan, irizpide bakoitzaren balorazioan kontuan hartuko diren azpi-irizpideak zehaztu dira. Hala, irizpide bakoitzaren puntuazioan kontuan hartuko diren elementu guztiak errazago ulertu ahal izango dira. Horrenbestez, ez da hauteman 17.3 artikuluan ebaluazio-irizpideei buruz xedatzen dena urratu denik.
B3 gabezia.
Dirulaguntzaren zenbatekoari dagokionez, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 17.3 artikuluaren arabera, gutxienez «dirulaguntzaren zenbateko banakatua edo zenbatekoa zehazteko irizpideak» zehaztu behar dira. Esaterako, deialdiaren oinarrietatik hirugarrenak laguntzaren zenbatekoa adierazten du, 10.000.000 euro, eta hiru urteko kuota ezartzen ditu (2017ko ekitaldian, 1.500.000 euro; 2018ko ekitaldian, 4.505.000 euro; eta 2019ko ekitaldian, 3.995.000 euro); beraz, zenbatekoa behar bezala zehaztu eta banakatu da.
Bestalde, EONALTBaren 51.1 artikuluari dagokionez, horren apartatuak aztertu dira eta ez da hauteman deialdiaren oinarriek urratzen dituztenik.
Genero-ikuspegia hirigintza-arloan txertatzeko dirulaguntzak (Ingurumen, Lurralde-Plangintza eta Etxebizitza Saila).
B4 gabezia.
Dirulaguntzon lehen deialdia 2017an egin zen; beraz, ezin izan zen sartu efikazia eta efizientzia neurtu ahal izateko adierazleen aurrekontu-memoria.
III.4.– Kontratazioa.
III.4.1.– Aurreko ekitaldietan esleitutako espedienteak.
Espedientea: 1.a eta 8.a.
F1 gabezia.
Aipatu epeak ADIFek plataformaren obren harrera, amaierako egiaztapena eta behin betiko likidazioa egiteko finkatutako prozeduraren emaitza dira. Horiek EAEko administrazio orokorrak lizitatzen ditu, estatuko administrazio orokorrak, EAEko administrazioak eta ADIFek 2006ko apirilaren 24an sinatu zuten eta 2017ko azaroaren 27an aldatu zen lankidetza-hitzarmenaren arabera. Horretan oinarrituta, EAEko trenbide-sare berria eraikitzeko jarduketa zenbaiten mandatua egiten da. ADIFek finkatu dituen prozeduretako bat da –ADIF Abiadura Handia-ren jarduketa-prozedurak, obra-proiektuak eta -betearazpena onartzeko– amaierako egiaztapena onartzea (IV. eranskina). Obren harrera, amaierako egiaztapena eta behin betiko likidazioa egitea (5. eranskina erantsi da).
Sustapen Ministerioarekin eta ADIFekin 2006 eta 2017 urteetan izenpetutako lankidetza-hitzarmenak direla bide, estatuko administrazio orokorrari dagokio EAEko Trenbide Sare Berria eraikitzeko eskumena, 149.1.21 artikuluaren (autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen duten trenbideak) eta 149.1.24 artikuluaren (interes orokorrekoak diren edo autonomia-erkidego bati baino gehiagori eragiten dioten herri-lanak) arabera. Estatuko administrazioaren barne-antolamenduaren barne sortu zen ADIF enpresa publikoa, estatuaren eskumeneko azpiegiturak kudeatzeko. Horregatik parte hartu zuen aldeek izenpetutako hitzarmenean. Estatuko Administrazioaren barneko antolaerari buruzko arauek ADIFi egotzitako eskumena ere eztabaidaezina da.
Administrazioak lankidetzan aritzeko baliatzen diren tresnetako bat litzateke «kudeaketarako gomendio». HAAJAPEn adierazitakoaren arabera, eskumena duen organoa ez den beste batek ekintzak egitea onartzen duen prozeduretako bat da tresna hori. Administrazio-organo bati egotzitako funtzioak betetzeko orduan hura ordezkatzeko edo aldaketa egiteko dagoen modu bat litzateke.
Hitzarmen horren hirugarren klausulako 2. puntuan, plataformako obrak gauzatzeari dagokionez, hau xedatzen du: «Sustapen Ministerioa arduratuko da obrak onartzeaz». Eta bosgarren klausulak, Batzorde Teknikoa sortzekoak, batzordeari «proiektuak eta obrak egokitzeko proposamena prestatzea» egokituko zaiola xedatzen du, «Sustapen Ministerioak hori onar dezan».
Hala, onespen-proposamena egiteko eskumena zehaztu ondoren, baita obren ondorengo onarpena egiteko eskumena ere, obren harrera, amaierako egiaztapena eta behin betiko likidazioa egiteko prozedura xedatzen du (6. eranskina atxiki da). Hau da eranskin horren 2. apartatua:
2. apartatua. Amaierako egiaztapena. «Hilabeteko epean, obraren harrera egiten denetik hasita, Obra Zuzendaritzak obren neurketa orokorra egingo du kontratista adjudikaziodunaren aurrean, eta egintza horren akta egingo du, bertaratutakoek sinatuko dutena. Neurketaren emaitza Kontratistari jakinaraziko zaio, eta bost egun baliodun izango ditu Obra Zuzendaritzari adostasuna edo eragozpenak idatziz adierazteko. Hilabeteko epearen buruan, obraren harrera egiten denetik hasita, Obra Zuzendaritzak dagokion zerrenda baloratua egingo du neurketa orokorraren emaitzari dagokionez. Hurrengo 10 egunetan, Obra Zuzendaritzak amaierako egiaztapena emango du dagokion justifikazio-txostenarekin batera...».
Labur azalduta, ADIF erakundeak, Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, aurrez azaldutako amaierako egiaztapena emateko, sekuentzia hau bete behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriko espedienteak izapidetzean:
1.– Obra Zuzendaritzak obren neurketa orokorra egitea kontratistaren aurrean, horren akta eginda.
2.– Kontratistak 5 eguneko epea du neurketa onartu edo eragozpenak jartzeko.
3.– Hilabeteko epearen buruan, obraren harrera egiten denetik hasita, Obra Zuzendaritzak dagokion zerrenda baloratua egingo du neurketa orokorraren emaitzari dagokionez.
4.– Hurrengo 10 egunetan, Obra Zuzendaritzak amaierako egiaztapena emango du dagokion justifikazio-txostenarekin batera.
5.– Aurreko dokumentazioa Garraio eta Herri Lan Saileko organo eskudunari edo ETSari igorriko zaio, espedientea eta amaierako egiaztapenaren gastua onartzeko.
6.– Horrekin batera, Obra Zuzendaritzak benetan gauzatutako obra guztien Proiektu Eraikia eskuratuko du Obren Kontrolerako Laguntzaren aldetik.
7.– Obra Zuzendaritzak KSIZLri igorriko dio Proiektu Eraiki hori, amaierako egiaztapenaren kopiarekin batera, hark berrikusi eta normalizatu dezan.
8.– KSIZLek amaierako egiaztapen horren ikuskapen-txostena egingo du Eraikuntzako zuzendari laguntzailearen oniritziarekin batera, eta dokumentu horiek ETSera igorriko ditu.
Eskumen-esparruak, eta deskribatu diren prozedurek, agerian jartzen dute EAEko administrazioak, kontratazio-espedienteen kontratazio-organoa den aldetik, ezin duela bermatu kontratazio publikoaren arloko araudiak xedatzen dituen epeak beteko direnik, hizpide dugun kasuan, obraren harrera eta amaierako egiaztapena egiteko faseetan.
Euskal Trenbide Sareak, obra-zuzendaritzen arduraduna den aldetik, eta Eusko Jaurlaritzak, obren mandatu bidezko sustatzailea den aldetik, behin eta berriz idatzi diote ADIF Abiadura Handia-ko Ikuskapen, Kalitate, Segurtasun eta Osasun zuzendariordeari, Sustapen Ministerioko Plangintza eta Proiektuen zuzendariorde orokorrari eta Sustapen Ministerioko Azpiegituren idazkari orokorrari, hitzarmenean adierazten diren izapideei eta baimenei lehentasuna eman eta haiek arin ditzaten. Eskaera horiek, era berean, hitzarmeneko batzorde teknikoen bileretara eta hitzarmenaren jarraipena egiteko batzordeen bileretara eraman dira, baina, orain bitartean Sustapen Ministerioak eta ADIF erakundeak ez dute mekanismorik jarri abian, erreferentziako lege-xedapen horrek arautzen dituen epeak beteko direla ziurtatzeko. (7.1, 7.2 eta 7.3 eranskinak gehitu dira).
Horrenbestez, amaierako egiaztapenaren kasuan, Eusko Jaurlaritza ezinbestean egongo da ADIFek obra-zuzendaritzaren dokumentuak ikuskatu eta onartzearen mende. Beraz, legediak kontratazio-organoari ezarritako epeak, tarteko ADIFen onarpen-izapidean, luzatu eta gainditu egin dira.
Hitzarmen eta prozedurako egoera atipiko hori administrazioaren kontrol bikoitzaren adierazle dela uler daiteke, berme handiagokoa, administrazio batek baino gehiagok parte hartzen baitu proiektuak eta obrak berak ikuskatzen; egoera horrek, ordea, luzatu egiten ditu izapidetze-epeak. Izan ere, hamaika izapide egin behar izaten dira, ohiko tramitazio batean eta zentzu hertsian egin behar izaten diren sei tramiteen aldean. Hori horrela izanda, kontratazio-organoak ezin du bermatu SPKLren 218. artikuluak eta SPKLTBren 235. artikuluak arautzen dituzten nahitaezko epeak beteko dituenik, harengandik kanpoko beste administrazio batek egin beharreko gestioek baldintzatuta jarduten baitu.
Espedientea: 10.a.
F2 gabezia.
Estatuko Administrazio Orokorraren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Trenbide Azpiegitura Administratzailea erakundearen (ADIF) artean Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berria eraikitzeko zenbait jarduketaren mandaturako 2006ko apirilaren 24an sinatutako lankidetza-hitzarmenak (2017ko abenduaren 27an aldatu zen) hau xedatzen du aldaketen gainean:
Bigarren klausula, 4. puntua: «Eraikuntza-proiektuak eta horien aldaketak gainbegiratu eta onartzea Sustapen Ministerioko organo eskudunari dagokio».
Bigarren klausula, 5. puntua: «Sustapen Ministerioaren organo eskudunak onetsi beharko ditu EAEk idatzitako eraikuntza-proiektuak eta horien aldaketak».
Eta ondore horietarako eskumenak dituen organo jakinari dagokionez, hots, ADIF organoari dagokionez, hitzarmeneko azalpenean bertan, Azpiegituren eta Plangintzaren Estatu idazkariaren 2005eko apirilaren 14ko Ebazpena aipatzen da. Horren bidez, ADIFeko lehendakariaren esku utzi ziren GIFi agindutako trenbide-azpiegituretarako proiektuak onartu eta aldatzeko eskumenak, besteak beste, Gasteiz-Bilbao-Donostia abiadura handiko trenbidea eraikitzeko proiektuak idaztea eta Iparra/Ipar-mendebaldea korridorearen barruan Euskal Autonomia Erkidegoko abiadura handiko trenbidea eraiki eta administratzea.
Beraz, EAEko Administrazio Orokorrak Euskal Trenbide Sare Berriaren obrak kontratatzen dituen administrazio modura jarduten badu ere, Sustapen Ministerioak kudeaketarako emandako gomendioak haren jarduna mugatzen du, Sustapen Ministerioarena baita eskumena. Euskal administrazioaren eskumena lankidetza-hitzarmenen eta horien bidez emandako kudeaketarako gomendioen araberakoa da. Hitzarmen eta gomendio horiek osatzen dute esku hartzen duten administrazioen arteko akordioa gauzatzeko oinarrizko esparrua. Zehatzago esateko, euskal administrazioak ezin ditu eraikuntza-proiektuak onetsi, ezta horien aldaketak ere, Sustapen Ministerioa arduratzen baita horiek onesteaz.
ADIFek mandatu bidezko lankidetza-hitzarmena garatzeko zenbait prozedura finkatu zituen, tartean, III. eranskina, «Proiektuen, obra osagarrien proiektuen eta zerbitzu berezien birjarpenaren proiektuen aldaketak ikuskatu eta onartzeko prozedura», «ADIF Abiadura Handia-ren jarduketa-prozedurak, obra-proiektuak eta -betearazpena onartzeko» prozeduraren barnean. Hona onartzeko zehaztu zen prozedura, (8. eranskina).
Kasu honetan, aipatu prozeduraren arabera, nahitaez esku hartu behar du Sustapen Ministerioak, proiektua aldatzeko eskaeraren egokitasunari buruzko txostena eginez. Era berean, ADIFek aipatu espedientea onartu beharko du gero, baina Eusko Jaurlaritzaren kontratazio-organoak izapidetu baino lehen.
Horrenbestez, onarpenean gertatu den atzerapena ADIFen onarpenak emateko erritmoak baldintzatu du. Hala, kontratazio-organoak epez kanpo eman du onarpena.
Espedientea: 14.a.
F3 gabezia.
Legeriak adierazten duenez, obrak onartu eta hiru hilabeteko epearen barruan, gauzatutako obren amaierako egiaztapena onetsi beharko du kontratazio-organoak. Eraikuntza-zerbitzutik ezin da amaierako egiaztapena onetsi Zuzendaritza Fakultatiboak azken likidazioa onesten duen ziurtagiria bidaltzen duen arte, obra gauzatzen duen enpresaren adostasunarekin. Kasu horretan, bien neurketen arteko aldeen ondorioz, aipatutako epea luzatu behar izan zen.
Espedientea: 15.a.
F3 gabezia.
Legeriak adierazten duenez, obrak onartu eta hiru hilabeteko epearen barruan, gauzatutako obren amaierako egiaztapena onetsi beharko du kontratazio-organoak. Eraikuntza-zerbitzutik ezin da amaierako egiaztapena onetsi Zuzendaritza Fakultatiboak azken likidazioa onesten duen ziurtagiria bidaltzen duen arte, obra gauzatzen duen enpresaren adostasunarekin. Kasu horretan, bien neurketen arteko aldeen ondorioz, aipatutako epea luzatu behar izan zen.
Espedientea: 23.a.
F1 gabezia.
Bermeoko portuko babes-dikearen kokotea konpontzeko premiazko obrak (Fer.: 03E-02/2016) 2016ko ekainaren 13an hasi ziren, 5,5 hilabeteko exekuzio-epearekin.
Zerbitzu zuzendariaren ebazpenaren bidez, 5 hilabete luzatu zen obra egiteko epea; amaiera-data, beraz, 2017ko apirilaren 28a izan behar zen.
2017ko ekainaren 22an egindako obrak hartzearen akta jaso zen. Ondoren, ekainaren 27an, obren neurketa orokorra egin zuten obra-zuzendaritzak, obra-zuzendaritzaren laguntza teknikoak eta kontratistak.
2017ko irailaren 18an, 12. ziurtapena izenpetu zen, amaierakoa, baita obra-zuzendaritzak, obra-zuzendaritzaren asistentzia teknikoak eta kontratistak eraikitako proiektua. Espaldón de Bermeo ABEEak (obra-adjudikaziodunak) aipatu ziurtapenean jasota dagoen neurketa onetsi du, eta horixe adierazi du laburpenean. Alabaina, ABEEak eragozpenak jarri ditu dentsitate handiko hormigoi-blokeei loturiko obra-unitateetan aplikatu den penalizazio ekonomikoen inguruan.
Hala, 2017ko irailaren 29an, obra-zuzendaritzak txostena egin zuen Espaldón de Bermeo ABEEak neurketa orokorrari buruz aurkeztutako eragozpenen inguruan. Txosten hori, 12. ziurtapenarekin (amaierakoarekin) eta proiektu eraikiarekin (2017ko urriaren 5ekoarekin) igorri zitzaion Zerbitzu Zuzendaritzari, onar zezan.
Azkenik, 2017ko azaroaren 13an, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren aginduaren bidez, kontratuaren amaierako ziurtapenaren zenbatekoa onartu zen.
III.4.2.– 2017an esleitutako espedienteak.
Espedientea: 25.a.
D2 gabezia.
Legeriak adierazten duenez, obrak onartu eta hiru hilabeteko epearen barruan, gauzatutako obren amaierako egiaztapena onetsi beharko du kontratazio-organoak. Eraikuntza-zerbitzutik ezin da amaierako egiaztapena onetsi Zuzendaritza Fakultatiboak azken likidazioa onesten duen ziurtagiria bidaltzen duen arte, obra gauzatzen duen enpresaren adostasunarekin. Kasu horretan, bien neurketen arteko aldeen ondorioz, aipatutako epea luzatu behar izan zen.
Zuinketa egiaztatzeko akta intzidentziarik gabe izenpetu zen, baldintza hauengatik:
– Zuinketa egiaztatzeko akta izenpetu zenean (2017ko uztailaren 3an), kontratistak jada izapidetuta zituen bide publikoa okupatzeko baimena lortzeari loturiko aurretiazko kontsultak Bilboko Udalean–beste udal batzuetan egun batetik besterako kontua da– eta ez zuen aurreikusi baimena ematea geroratu lezakeen kausarik bat ere.
– Obren hasiera 2017ko urriaren 31ra atzeratzearen arrazoia, hain zuzen, udala bide publikoa okupatzeko baimena ematen berandutu izana da; izan ere, udalak ez zuen nahi aipatu obraren behin-behineko instalazioak (itxiturak eta markesinak, aldi baterako espaloiak, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako sarbideak, material-pilaketak, garabia, etxolak, obra-bulegoak, etab.) bertan kokatzea, harik eta Ertzilla kaleko berrurbanizazio-lanak amaitu arte (kale horretan instalatuko zirenez etxolak eta obra-bulegoak), eta azken obra horien berririk ez zitzaien eman Eusko Jaurlaritzari eta kontratistari.
– Obrak behin hasita, kontratistak behar ziren kudeaketa guztiak prestutasunez egin izanaren egiaztagiriak aurkeztu zituen eta obra-hasieraren data 2017ko urriaren 31 izatea eskatu zuen, eta egun horretatik aurrera hastea obra egiteko 42 hilabeteko epea.
– Sailaren Obren eta Eraikuntzen Zerbitzu Teknikoek eta Obren Instalazioen eta Mantentze-lanen Zerbitzu Teknikoek kontratistaren argudioak egiaztatu zituzten (Bilboko Udalareko arduradun batzuk kontsultatuta) eta eskaera onartzea gomendatu zuten. Halaxe gertatu zen.
Espedientea: 27.a.
C1 gabezia.
Baiki, B gutun-azala ireki zenetik (2016ko ekainaren 29an) kontratua adjudikatu zen arte (2016ko azaroaren 22an) ia bost hilabete igaro ziren; hori bai, prozesuak luzeago jo zuen uztailaren 18an egin ziren baztertze-proposamenengatik; ia bi hilabete igaro ziren kontratazio-mahai zentralak horiek baztertzea erabaki zuen arte.
Espedientea: 30.a.
A3 gabezia.
Balio-judizioan oinarritutako balorazio-irizpideak, administrazio-klausula partikularren pleguaren 30.2.2 klausulan adierazita daudenak, loteka bereizita eta zehaztuta egoteaz gain, Farmazia Zuzendaritzak lizitatzaileek horretarako aurkeztu dituzten laginen gainean egindako analisiaren arabera puntuatzen dira.
Espedientea: 37.a.
A3 gabezia.
Balio-judizioan oinarritutako balorazio-irizpideak, administrazio-klausula partikularren pleguaren 30.2.b) klausulan adierazita daudenak, azpi-irizpidetan bereizita daude, eskaintza zehaztasun handiagoz presatu ahal izateko dagokien puntuazioarekin.
Espedientea: 38.a.
A3 gabezia.
Balio-judizioan oinarritutako balorazio-irizpideak, administrazio-klausula partikularren pleguaren 30.2.1.b) klausulan adierazita daudenak, azpi-irizpideetan egoki zehaztuta eta bereizita daude.
Espedientea: 44.a.
E1 gabezia.
Oreka ekonomikoa babesletza-kontratua denez, gisa horretako ekitaldien publizitatetik dator oreka, eman den zenbatekoa kontuan hartuta.
III.4.3.– Kontratu txikiak.
«65 ondasunen eta zerbitzuen erosketa berrikusi dira (Segurtasun Sailarenak, 41; Osasun Sailarenak, 11; Lan eta Justizia Sailarenak, 9; eta Hezkuntza Sailarenak, 4; guztira, 609.696 euro), eta hauteman dugu zuzenean eman direla, zenbatekoari erreparatuta, aldez aurretik eskaintzak aurkeztuta ematekoak ziren arren».
Alegazioa.
Osasun Saila.
Segurtasun Saila.
Lan eta Justizia Saila.