EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019194

90/2019 EBAZPENA, urriaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea 2018-2028ko Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmena.

Xedapenaren zenbakia: 201900090
Xedapenaren data: 2019-10-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201904669
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea 2018-2028ko Mugaz Gaindiko Lankidetza Hitzarmenaren testua. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 3KO 90/2019 EBAZPENARENA
PIRINIOEZ GAINDIKO KONFERENTZIA ATLANTIKOA
MUGAZ GAINDIKO LANKIDETZA HITZARMENA 2018-2028
BILDURIK:
– Eusko Jaurlaritza, lehendakari duen Iñigo Urkullu jaunak ordezkatzen duela,
– Nafarroako Foru Gobernua, lehendakari duen Uxue Barkos andereak ordezkatzen duela,
– Gipuzkoako Foru Aldundia, diputatu nagusi duen Markel Olano jaunak ordezkatzen duela,
– Euskal Hirigune Elkargoa, lehendakari duen Jean-René Etchegaray jaunak ordezkatzen duela,
– Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseilua, lehendakari duen Jean-Jacques Lasserre jaunak ordezkatzen duela,
– Nouvelle-Aquitaineko Eskualdeko Kontseilua, lehendakari duen Alain Rousset jaunak ordezkatzen duela,
ETA BERTAN DELA:
– Gilbert Payet jauna, Pirinio Atlantikoetako Prefeta,
HITZAURREA
1980ko maiatzaren 21ean Madrilen sinatutako mugaz gaindiko lankidetzari buruzko Europako Kontseiluaren Esparru Hitzarmenaren eta 1995eko azaroaren 9an Estrasburgon sinatu zen Protokolo gehigarriaren arabera, Espainiako Erresumak eta Frantziako Errepublikak mugaren bi aldeetako lurralde entitateen eta agintarien arteko lankidetza harremanak bultzatzeko konpromisoa berretsi zuten.
Esparru Hitzarmen horren aplikazioan, 1995eko martxoaren 10eko Baionako Itunak lurralde entitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzaren baldintzak ezartzen ditu.
Gainera, Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunak lurralde lankidetza indartzea sustatzen du, bi Estatuen lege markoa errespetatzen.
2007an, Bidasoako alde bateko eta besteko aktore publikoek erabaki zuten hurbilekoen artean mugaz gaindiko lankidetza politika indartzea, administrazio ezberdinen artean banatutako eskumenak hobeto koordinatzeko.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak batetik, eta Akitaniako Eskualde Kontseiluak eta Pirinio Atlantikoko Departamentu Kontseiluak bestetik, eta Pirinio Atlantikoetako Prefektura eta Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluaren parte hartzearekin, 2007ko martxoaren 1eko Hitzarmenaren bidez, «Euro Eskualdeko Konferentzia» izeneko informazio, hitzarmen eta koordinazio gune komuna sortu zuten, aurrerago «Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoa» bilakatuko dena.
Lankidetza honen bidez, aktore publiko parte hartzaileek bata bestearen lege marko eta prozedurak hobeto ezagutu nahi dituzte, muga eremuko jardunbideen baldintzak hobetu eta, azken batean, mugaren bi aldeetako herritarren kezkei erantzun hobea ematea.
10 urteko iraupena izan duen Hitzarmen horren amaieran, berriztagarria aldeek berariaz erabakita, Hitzarmenean bildutako erakundeek honakoa ondorioztatu dute:
– Alde batetik, aldi honetan esparru desberdinetan lankidetza auzi ugari artatu dira;
– Beste aldetik, mugaldean bizi diren biztanleak aurrerapenak izan dituzten arren, mugaz gaindiko zenbait arazo bere horretan jarraitzen dute eta erakundeen arteko lankidetzari jarraipena eman behar zaio.
Halaber, kontuan izan behar dira Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoaren eraketan eragin duten jazoera instituzional eta politikoak, sinatzaile berriak etorri baitira:
– Euskal Hirigune Elkargoa;
– Nafarroako Gobernua.
Hori guztia kontutan izanik, kide sinatzaileak eta Prefektura hitzarmen honen bidez Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoaren lana jarraitzeko konpromisoa hartzen dute, eskumen banaketaren arauen, barne zuzenbideen eta Estatuen nazioarteko konpromisoen errespetuaren esparruan.
Lankidetza honekin, Pirinioez Gaindiko Konferentzia Atlantikoa mugaz gaindiko arazoen elkarrizketa, truke eta azterketa topagune izan nahi du, eta identifikatzen diren mugaz gaindiko administrazio izaerako oztopoak ezaba daitezen jardungo du.
HONAKOA HITZARTZEN DUTE:
1. artikulua.– Osaera.
Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoa irekita dago; batetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen (Espainia), eta bestetik, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren (Frantzia) arteko muga ondoan dauden I. mailatik III. mailara arteko NUTS herri erakundeetara eta lurralde kolektibitateetara.
Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoko eskubide osoko kide dira:
– Eusko Jaurlaritza.
– Nafarroako Foru Gobernua.
– Gipuzkoa Foru Aldundia.
– Euskal Hirigune Elkargoa.
– Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseilua.
– Nouvelle-Aquitaineko Eskualde Kontseilua.
Horiek Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoan parte hartzeko gonbita luzatzen die Pirinio Atlantikoko Prefekturari.
Konferentziako kide izatea eska dezakete halaber artikulu honetan zehaztutako ezaugarriak dituzten beste kolektibitate nahiz erakunde publikoek. Atxikipen hori «addenda» bidez formalizatu beharko da, Konferentziako kide guztien adostasun osoarekin.
2. artikulua.– Xedeak.
Konferentziak xedetzat du:
– Kideen artean mugaz gaindiko lankidetza sustatzea mugaren hurbiltasun eragineko gaietan, mugaldean bizi diren herritarren eguneroko arazoak konpontzen laguntzeko, bereziki eskubide eta informazioa bereganatzearekin lotutako arazoak.
– Zerbitzu publikoen arteko truke eta lankidetza abian jartzea, erabiltzaileei mugaren gaietan emandako erantzunak koherenteak izan daitezen eta baliabideak ikuspegi komun batekin eskaini daitezen.
– Elkarrizketa eta mugaz gaindiko proiektuei buruzko koordinazio topagune bat eratzea, informazioak partekatzeko eta lurraldeko dinamika aktiboak aztertzeko, proiektuak maila egokienean garatu daitezen.
– Europako zuzentarauak transponitzen dituzten nazio legeak aplikatu ahal izateko eskatzen diren elkarlan beharrak betetzea.
3. artikulua.– Printzipioak.
Konferentziaren jarduna hitzaurrean adierazitako nazioarteko konpromisoen errespetuan eta Estatuen barruko zuzenbideen nahiz eskumenak banatzeko arauen errespetuan oinarritzen da.
Aldeek, gainera, elkarrenganako errespetua sustatuz, ondorengo printzipioak kontuan hartzeko konpromisoa hartzen dute:
– Ez esku hartzea bestearen eskumenei lotutako gaietan;
– Erakunde bakoitzaren erabakitzeko ahalmena errespetatzea;
– Eskuduna den erakundeak aurretiazko erabakia hartu beharko du gai jakin bat aztertzeko edo proiektu jakin bat gauzatzeko;
– Erabakiak guztien artean adostuta hartuko dira.
4. artikulua.– Antolaketa.
Jardun ahal izateko eta 3. artikuluan zehazten diren printzipioak kontuan izanik, Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoak bi lan topaleku izango ditu.
• Batzorde Betearazlea.
Osaketa: Batzorde Betearazlea hitzarmen hau sinatu duten aldeek nahiz Pirinio Atlantikoko Prefektak osatzen dute.
Funtzioak:
– Konferentziako kideen arteko topaketarako organoa da, eta guztien artean hartutako erabakiak jasotzen ditu;
– Konferentziako orientazio estrategikoak eta lan-programa zehazten ditu;
– Estatu bakoitzeko eta Europar Batasuneko agintariak sensibilizatzen ditu gure mugaldeko lurraldearen berezitasunari buruz eta bere arazoei buruz, identifikatutako lege eta administrazio izaerako oztopoak konpontzea ahalbidetzeko;
– Komunikazio jarduna erabakitzen du.
Jarduteko modalitateak: Batzorde Betearazlea urtean gutxienez bitan bilduko da, mugaren bi aldeetan, txandaka.
• Batzorde Teknikoa.
Osaketa: Batzorde Teknikoak Konferentziako agintariek izendatutako profesionalak biltzen ditu.
Funtzioak:
– Pirinioez gaindiko Konferentzia Atlantikoko lanak bultzatuko ditu Batzorde Betearazlearen arabera, eta idazkaritza lana bermatuko du.
– Beharrezkoak diren ordezkariak eta aditu eskudunak eta Administrazioak mobilizatuko ditu, Batzorde Betearazleak zehaztutako gaikako ardatzen arabera, eta lan-taldeak sortzea bultzatuko du;
– Bere lanaren kontu emango dio Batzorde Betearazleari eta agintari eskudunek erabaki egokiak hartzeko eta orientazio estrategikoak eskaintzeko helburuarekin proposamenak egingo ditu.
5. artikulua.– Indarraldia eta salaketa.
Hitzarmen honen indarraldia 10 urtekoa da, hitzarmena sinatu duten kideek berariaz hartutako erabakiaren bidez luza daitekeena.
Alde sinatzaileetako edozeinek berariaz erabakita hitzarmenetik alde egin dezake.
Baionan egina, 2019ko urtarrilaren 11n.